Sanferminak Iruñean

«Heriotzarik gabeko hiria» aldarrikatu dute animalistek

Anima Naturalis eta PETA taldeetako 50 kidek protesta egin dute Iruñean. Kolore beltz eta gorriarekin salatu dute 48 zezen hilko dituztela

Olatz Azpirotz Larzabal.
Iruñea
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Lokarri gorri bat atera eta zirkunferentzia bat marraztu dute Iruñeko Udaletxe plazan. Barnean, PETA eta Anima Naturalis erakundeetako kideak, kartelak eskuetan. Urteroko manifestazioa da. Atzo, bi elkarte horiek elkarretaratzea egin zuten sanferminetako zezenketak salatzeko. Ez ziren bakarrik egon. Lokarriaren beste aldean, beste zirkunferentzia bat osatu zuten inguruan ziren iruindarrek, protestak sortzen duen jakin-minaren isla.

Hamaiketan puntuan bandera gorri bat agertu zen San Domingo aldapan gora, lelo argi batekin: Odolik gabeko sanferminak. Berehala ke-poto gorriekin nahastuta, eta danborren konpainiarekin, Udaletxe plazara heldu ziren 50 pertsona inguru. Guztiak beltzez jantzita. Estetika beltza eta gorria, eskuetan zeramaten paper zuriek apurtu zuten. Protestaren helburua argi irakur zitekeen hainbat hizkuntzatan: Zezenketak gelditu.

Danborren soinuekin indartu egin zituzten haien oihuak: «Tauromakia indargabetu» eta «Krudelkeriarik gabeko sanferminak». Ekintzaile batzuek zezen maskarak jarri zituzten haur eta helduen begiradapean, egunotan benetako protagonistak zezenak direla eta izanen direla gogoraraziz.

Protestari protesta

Sanfermin hauetan 48 zezen hilko dituzte, kontuan hartu gabe atzoko zekorketa eta gaurko zaldi gaineko zezenketa. Horregatik, zezenen omenez minutu bateko isilunea egiteko eskatu zuten. Sanferminetako bezperan zarata da nagusi Alde Zaharrean, baina lortu zuten minutu batez hots hori etetea. Dena den, baten bati ez zitzaion protesta askorik gustatu. Elkarretaratzea bukatzear zela, iruindar batek kargu hartu zien haserre, eta «Gora San Fermin!» oihukatu zien amorraturik. Ekintzaileek ez zioten gizon horren oihuari kasurik egin, eta zezenketen kontrako protestarekin jarraitu zuten.

Oraindik ke gorria airean zabaltzen jarraitzen ari zela mintzatu ziren antolatzaileak: «Argi daukagu hurrengo urtean ere Udaletxe plaza beteko dela beste 48 zezenen bizia errespetatzea eskatzeko». Lehenengo, bigarren eta hirugarren txalo zaparradekin, malkoak isuri zituzten hainbat ekintzailek, baita inguruan ziren hainbat lagunek ere. Ezintasuna erakusten zuten han bildutakoen aurpegiek.

Protesta bukaturik, argazkilari asko hurbildu zitzaizkien beltzez jantzitako ekintzaileei. Beste batzuek sakelako telefonoarekin hartu zuten protestaren irudia, sare sozialetan zabaltzeko-edo. Bien bitartean, artilezko soka gorria biltzen hasi ziren ekintzaile batzuk. «Aurtengo hilketak ezin ditugu eragotzi», esan zuen haietako batek. Ez lukete soka berriro erabili nahi, baina heldu den urtean gutxienez beste 48 zezen hilko dituzte.

Argazki saioaren ondoren, Tortura ez da artea, ezta kultura ere oihukatzen zuten afixadunak San Domingoko aldapan behera jaitsi ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.