Burdin hesiz lotutako oroimena

1936ko gerratik ihesi joandako euskal errefuxiatu askoren pasarte beltzenetarikoa da Gurs, garai hartan Frantzian eraiki zuten kontzentrazio esparrua. Urteetan ezjakina izan den errealitatea mundu osoko artelanen bidez atera nahi izan du argitara AskatasunArte elkarteak. Urriaren 9ra arte egongo da zabalik Gernikako kultur etxean.

Gernika-Lumo
2015eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hogeita hamasei artelan biltzen dituen aretotik buelta bat ematea 75 urte atzera egitea da. Ariketa horren bidez, memoria berreskuratu nahi du AskatasunArteak, zehazki Gurs-en (Frantzia) isilarazi zutena. Izan ere, nahiz eta Mauletik (Zuberoa) 20 kilometrora dagoen herrixkaEuskal Herriko historiaren pasarte ilunenetako baten lekuko izan, jende gutxik izan du haren berri. Gaur egun, Gurseko errepide nagusiaren albo banatan pinuz betetako basoa banatzen da. Oroigarri txiki batek baino ez dakar gogora orain baketsua den lekua kontzentrazio esparru bat izan zela. Sei urtez egon zen funtzionamenduan, 1939tik 1945era, eta sei mila euskal herritar igaro ziren bertatik, 1936ko gerratik ihesi joandakoak. Frantziak errefuxiatu gisa hartu bazituen ere, milaka lagun haiek baldintza gogorretan egon ziren atxikita, batik bat Frantzia alemaniarren esku erori zenean.

Gurseko kontzentrazio esparrua itxi zutenetik 70 urte igaro ostean, artearen bidez omendu nahi izan dituzte errefuxiatu haiek. AskatasunArteak antolatuta, mundu osoko artisten lanak bildu ditu Camp de Gurs erakusketak. Gernika-Lumoko (Bizkaia) kultur etxean zabalik izango da, urriaren 9a arte. Artelanetako batzuk, gainera, kontzentrazio esparruan egon ziren pertsonek eginak dira, eta ezinbestekoak izan dira garai ilun hartako errealitatea gertutik ezagutzeko. Urte luzeetan, Gursen gertatutakoa estaltzen saiatu zirela argitu du Alejandro Campos AskatasunArte elkarteko presidenteak. «Artistek, euren marrazkiei esker, Gurseko bizimodua nolakoa izan zen ilustratu zuten. Izan ere, momentu batean argazkiak ateratzea debekatu zuten, ez baitzuten inork jakiterik nahi han gertatzen ari zena». Aretoaren mutur batean koadro ilun bat ageri da. Bertan, metalezko alanbreen artean pertsona baten irudia ikus daiteke. «Koadro hori, esaterako, Gurs barrutik ezagutu zuen errefuxiatu batek margotu zuen. Pertsona horrek marrazki asko egin zituen, batik bat deportatzen zituzten jendearenak. Berak ikusten zuena marrazten zuen. Koadro hau ez da horren esanguratsua, baina 1942an egindakoa da, Gursen bertan».

Lehiaketa bidez aurkeztutako 150 artelanen artean 35 aukeratu ditu epaimahaiak, bilduma osatu eta aretoan erakusteko. Besteak beste, Kubako, Suitzako, Ameriketako Estatu Batuetako, Aljeria eta Uruguaiko artisten lanak daude ikusgai. Eurekin batera, euskaldunen lau izen. Tartean, Pedro Maria Modregorena, argazkigintzaren atalean lehen saria irabazi duena.

Natalia Cambronero erakusketaren komisarioak lehiaketan parte hartu duten lanen maila goraipatu du. «Arteak Gurseko bizipen gogor haiek transmiti ditzake, edo artistari berari eragindako sentipenak. Picassok esaten zuen legez, arteak ez dezala bakarrik balio hormetan zintzilik egoteko. Hori lortu nahi dugu, hain zuzen ere, AskatasunArtetik. Eta, artistikoki ere, lanen mailari erreparatuz, nahiko emaitza polita lortu da».

Gursekin lotura zuzena duten herrietan antolatu dute orain arte erakusketa. Ekainaren 6an egin zuten estreinako ekitaldia Gursen bertan, eta Baionatik, Irundik (Gipuzkoa) eta Bilbotik igaro ostean, datorren hilabetean Gursera bueltatuko dira berriz ere. Azken bi ekitaldiak Frantzian eta Alemanian egingo dituzte.

Gogoratu, ikasteko

Efren artista euskaldunak, esaterako, ez du harreman zuzenik Gurseko kontzentrazio esparruarekin. «Lehiaketaren berri entzun nuen, eta parte hartzea erabaki nuen. Ez daukat lotura zuzenik Gursekin, baina noski, sentipenei dagokionez, bai. Kasu honetan, helburua ez zen sari bat lortzea, edo areto izugarri batean erakustea nire obra. Ez da ohiko lehiaketa bat izan. Omenaldi bat egitearen ideiak erakarri nau. Jendeari barrenak astintzea. Ezin diogu utzi Gursen gertatutako gauzak gogoratzeari, gogoratuta ere berriz gertatzen direlako».

Eskultura egin zuen garaian, Efrenek ez zuen oraindik Gurs ezagutzen. Halere, artelanak harreman «estua» gordetzen duela nabarmendu du. «Pertsonaren intimitatearen eta izanaren inguruan landu dudan bildumaren parte da eskultura. Kontzentrazio esparrua itxia da, burdina hesiz inguratua. Pentsa daiteke ez duela aterabiderik, baina badu; hori erakusten dute gaur egun ditugun testigantzek. Nire eskulturak ere harresiak ditu, bainabadu esperantzarako irtenbidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.