Lagunen arteko elkarbizitza

Amaitu dira oporrak, eta ikasturtea hasi berri da. Hainbat ikaslek, maletak bete, eta etxe aldaketa egin behar izan dute. Batzuk lehen aldiz biziko dira ikasle pisu batean; beste batzuek esperientzia dute. Hala ere, bizipen aberasgarria izango dela uste dute lau elkarrizketatuek.

Jone Bastida Alzuru.
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
NEREA ARRARAS

«Heldutasun sentsazioa ematen dizu ikasle pisuan bizitzeak»

Bigarren urtea du ikasketen ondorioz Bilbon bizitzen Nerea Arrarasek (Iruñea, 2000), baina lehena ikasle pisu batean. Izan ere, ikasle egoitzan egon zen joan den ikasturtean. Han ezagutu zuen orain bere pisukide den Garazi Altuna. «Pisuak ematen dizun askatasunak bultzatu gintuen aldaketara. Ikasle egoitzan genituen ordutegi zorrotzek asko mugatzen gintuzten», azaldu du. Garbi zuten beste esperientzia bat bizi nahi zutela, eta ikasturtea amaitu aurretik hasi ziren datorren urterako pisu bila, baita topatu ere. Ez zen egun batzuetako kontua izan, ordea: «Hasieran, kosta egin zitzaigun. Internet bidez topatu genuen hau, baina etxe agentzietan bueltaka ere ibili ginen. Interesatzen zitzaizkigun hainbat etxeren jabeekin jarri ginen harremanetan, eta, guztira, hamar pisu inguru bisitatu genituen. Hau gustatu zitzaigun gehien». Hiru lagunentzako tokia du etxeak, eta berehala hasi ziren pisukide bila. Hala, pisu bila zebilen Nerea Sasianekin egin zuten topo, eta elkarrekin bizi dira egun.

Lehen aldia du Arrarasek ikasle pisu batean bizitzen, eta etxeak berak ere lehen aldiz beteko du ikasle pisu baten funtzioa. Izan ere, aurretik familia bat bizi zen han. «Ez zegoen ikasle pisu batentzako egokitua, eta gu sartu garenerako dena berritu dute. Oso ondo dago etxea». Bi aste soilik daramatzate bizitoki berrian, eta pixkanaka ari dira egokitzen. Alta, oraingoz oso gustura dagoela dio Arrarasek, eta asko gozatu eta ikasiko dutela uste du: «Beste heldutasun sentsazio bat ematen dizu ikasle pisu baten bizitzeak».

Hainbat aldagai hartu ohi dituzte kontuan ikasleek pisua hautatzerako orduan: kokalekua, prezioa eta beste. Hala, argitsua izatea eta logelen dimentsioa ere erabakigarriak izan dira kasu honetan: «Bakarkako logelak nahi genituen, eta ikasteko mahai bat egotea haietan. Batzuek nahiago izaten dute liburutegian ikasi, baina ez da gure kasua». Logelen banaketa, berriz, zozketa bidez egin dutela azaldu du. Etxean denbora gutxi emanagatik, antolakuntza adostua dute jada: «Ordutegi oso ezberdinak ditugu, eta bakoitzak bere janaria prestatzea erabaki genuen. Bestalde, astero txandakatuko gara etxea garbitzeko».


JON URBE / FOKU

AMAIA URKIOLA

«Asko ikasten da etxetik kanpo bizita»

Bizkaitarra izanik, astean zehar Donostian bizi da Amaia Urkiola (Ondarroa, Bizkaia, 1999). Arkitektura ikasten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hirugarren mailari ekin berri dio. Antigua auzoan du pisua, eta, oporrak amaituta, joan den bi ikasturteetan bizitoki izan duen etxera itzuli da. Alta, bada berritasunik pisuan. Izan ere, kide berriak izango ditu aurten. Lehen bi urteetan, aspalditik ezagututako lagunekin bizi izan zen, baina, ikasturte honetan, ikaskideekin partekatuko du etxea. Pisukide ohiek ere beren klasekoekin alokatu dute beste etxe bat. «Guztiok batera ibili gara pisu berri baten bila. Hasieran, talde bakoitza non biziko zen erabakitzeko zozketa egitea pentsatu genuen. Azkenean, ordea, ez zen horren beharrik izan».

Gustura dago pisuarekin Urkiola, baina hura topatzeko izan zituzten buruhausteak ekarri ditu gogora: «Ez genuen Donostia ezagutzen, eta arazoak izan genituen pisua aurkitzeko orduan. Internet bidez topatu genuen hau, eta berehala alokatu genuen. Izan ere, ordura arte ikusitakoen aldean oso ondo zegoela iruditu zitzaigun». Pisua unibertsitatetik gertu egoteari garrantzia eman zioten, baina prezio muga bat jarrita. Bi baldintza horiek betetzea ez dela «erraza» adierazi du Urkiolak. Horrez gain, hiru lagun izanik, etxeak hiru logela izatea bilatu zuten, baita guztiak batera egoteko egongela bat izatea ere.

Ikasle pisuen kasuan, ikasturte hasierako hizketaldi komuna izan ohi da etxeko lanen banaketa. Urkiolak, baina, planifikazio zehatzik ez dutela dio: «Denok dena egiten dugu. Egunaren arabera antolatzen gara; ez dugu adostutako egutegirik». Lagunekin bizitzeko esperientzia oso positiboa dela uste du: «Asko ikasten da etxetik kanpo».

Hirugarren urtea izango du ikasle pisu berean ondarrutarrak. Azaldu du, ordea, etxejabea ez duela ezagutzen: «Etxe agentzia batek kudeatzen du pisuaren alokairua, eta haien bitartez komunikatzen gara. Eurek ematen digute informazio guztia». Alokairuaren kontratua irail hasieratik ekain amaierara bitartekoa da. Beraz, udan etxea hustu behar izaten dute. «Ez da turistentzat alokatzen; pisuaren jabea etortzen da uda hemen pasatzera».


LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

AIMAR LOPEZ

«Etxetik ateratzen garen aurreneko aldia da»

Unibertsitateko ibilbideari ekin berri dio Aimar Lopezek (Hendaia, Lapurdi, 2001). Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten hasi da Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, eta Bilbon hartu du pisua. Baina ez ditu ohiko bideak jarraitu etxea bilatzeko orduan: «Nire txikitako lagun batekin bizi naiz. Haren gurasoen lagun batzuena da pisua. Hasieratik sortu zitzaigun aukera hau, eta ez genituen etxe gehiago bisitatu». Pisua guztiz hornituta zegoela azaldu du, eta ez zutela zalantzarik izan aukera horretaz baliatzeko. Hendaiakoa da laguna ere, eta, distantzia tarteko, nahitaez hartu behar izan dute Bilbon etxea. Alta, hurbilago biziko balitz ere, aukera izanez gero pisua hartuko lukeela onartu du. Lehen aldia izango du etxetik kanpo bizitzen Lopezek, eta ikasketa prozesu bat izango dela dio: «Lagun dezente ditugu barnetegian egon direnak, baina, gure kasuan, etxetik ateratzen garen aurreneko aldia da. Asko ikasiko dugula uste dut. Askatasun bat eskaintzen dizu pisuak ordutegi eta ohitura aldetik. Horrez gain, etxean agian gurasoen esku gelditzen ziren ardura batzuk gure esku daude orain».

Lehen asteak pasatu dituzte bizitoki berrian bi lagunek, eta bizimodu berrira moldatzen hasiak dira. Hala, etxeko lanak egiteko planifikazio zehatzik izan ez arren, ondo koordinatzen direla azaldu du: «Nire pisukidea Arte Ederrak ikasten ari da, baina ordutegi antzekoak ditugu. Biok goizez izaten ditugu klaseak. Etxera lehena iristen denak egiten ditu zereginak: erosketak, jatekoa prestatu eta beste. Egia esan, bioi gustatzen zaigu kozinatzea». Harreman estua dute pisukideek, eta ondo ezagutzen dute elkar. Hala ere, Lopez «aski lasai» dagoen arren, onartu du elkarbizitzak kezka puntu bat sortzen diola. «Beti ematen du beldur apur bat elkarbizitzak. Urte osoan zehar denbora asko pasatu beharko dugu elkarrekin, eta ea nola joaten den».

Etxea beren erara atontzen hasiak dira ikasleak, eta moldaketa txiki batzuk egin dituzte jada. «Dekorazioa ikasle pisu batera egokitu dugu, baina ez ditugu aldaketa asko egin. Adin bateko jendearena da pisua, eta dekorazioa ez zen gazteentzako modukoa. Nolabaiteko pareta garbiketa bat egin behar izan dugu».


RAUL BOGAJO / FOKU

UXUE MUGIRO

«Nahiko garestiak eta zaharrak izaten dira pisuak»

Laugarren urtea du Gasteizen bizitzen Uxue Mugirok (Arizkun, Nafarroa, 1998). Euskal Ikasketetako gradua egiten ari da, eta pisua eta pisukideak aldatu ditu urte hauetan zehar. Etxe aldaketa egin du ikasturte honetan ere, eta hirugarrena du jada. Lehen urtean, eskolatik ezagutzen zituen hiru lagunekin hartu zuen pisua. Internet bidez topatu zutela azaldu du, eta, ondo egon arren, kokapenak sortzen zizkien arazoak ekarri ditu gogora: «Ez genuen Gasteiz ezagutzen, eta pisua ondo egotea bilatu genuen. Hala ere, unibertsitatetik nahiko urrun zegoen. Oinez ordu erdi inguru behar izaten genuen bertara iristeko». Horren ondorioz, etxez aldatu ziren hurrengo ikasturtean. Bigarren aldi horretan batez ere kokapenean zentratu zirela adierazi du. Alta, azken bi urtean bizitoki izan duen etxea utzi, eta beste batera aldatu da orain: «Azken etxea hotza eta zaharra zen. Lagun batek esan zidan pisukide bila zebiltzala, eta animatu egin nintzen. Txikia da pisua, baina oso ondo dago. Azkenak baino kokapen hobea du, eta berriagoa da». Normalean, ekainean kontratua amaitu eta etxea hustu behar izaten dutela adierazi du, baina ez da hau kasua: «Pisu honetan, udan etortzeko aukera ematen du jabeak, doan gainera». Ikasle pisu batean bizitzea esperientzia «aberasgarria» dela uste du. Herri txiki batean bizitzetik hiri batean bizitzera pasatu da gainera, eta bizimodua «oso ezberdina» dela ziurtatu du.

Ekin diote ikasturte berriari ikasleek, eta etxeko antolakuntza ere adostua dute: «Logelak zozketa bidez banatu genituen. Garbiketarako, berriz, asteko egun bat finkatu dugu, eta bakoitzari pisuko eremu bat garbitzea egokituko zaio». Hiru lagun bizi dira pisuan, eta ikasketa ezberdinak egiten ari dira hiruak. Hori dela eta, ez dutela sarritan kointziditzen onartu du, eta bakoitza bere otorduez arduratu ohi dela.

Etxetik etxera ibili da Mugiro, baina, eskaintza nahiko handia izan arren, gustuko pisua bilatzea ez dela horren erraza azaldu du: «Nahiko garestiak eta zaharrak izaten dira pisuak, eta, gainera, hotzak. Unibertsitatetik gertu egotea ere garrantzitsua da. Dirudien baino zailagoa da baldintza onetan aurkitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.