Abokatuen eta medikuen babesa urtarrilaren 13ari

Presoen osasunerako eta justiziarako eskubidea aldarrikatu dute. Iheslari politikoen egoera «larriaz» ohartarazi dute hainbat erbesteratu ohik

Hainbat abokatu eta mediku, Sare elkarteko kideekin, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Hainbat abokatuk eta medikuk atxikimendua agertu diote Sare plataformak euskal presoen eskubideen defentsan urtarrilaren 13an Bilbon antolatu duen mobilizazioari. Zuzenbidean eta osasungintzan aritzen diren hogei bat profesionalek bat egin dute oinarrizko printzipio batzuekin: hala nola «bizitzaren eta osotasun fisikoaren defentsarekin, eta justizia eta demokraziarekin».

Printzipio horiek oinarri hartuta, legea presoen aurkako «arma politiko gisa» erabiltzeari uzteko exijitu dute Zaida Casales erizainak eta Felix Cañada abokatuak, guztien izenean. «Giza eskubideak pertsona guztientzat egon behar dira indarrean, baita, eta bereziki, preso daudenentzat ere». Euren lanbideetan erabiltzen dituzten togak eta mantalak jantzita egin dute agerraldia abokatu eta medikuek. Euskal presoen aurka indarrean dagoen «espetxe politika krudel eta gogortua» salatu dute, gogora ekarrita larriki gaixo dauden presoen muturreko egoera dela-eta urruntze politikak haien senide eta hurkoengan «zigorra» eragiten duela.

Politika horren ondorioz, presoei osasunerako eskubidea urratzen zaiela gaitzetsi dute. «Ez dugu onartzen osasunerako eskubidea eta osasun alorrerako sarbidea presoaren delituaren edo zigorraren arabera bereiztea», ohartarazi du Casalesek. Salatu du, halaber, preso batek hiltzeko zorian egon behar izatea aske geratzeko. Irizpide hori eabiltzea, gaitzesgarria ez ezik, Europako legediaren aurka ere badoala nabarmendu du.

Sarek urtarrilerako antolatutako manifestaziora joateko deia egin diete euskal herritarrei, «konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren» aldeko urratsak egiteko balioko duelakoan.

Iheslariak, egoera larrian

Bestalde, hainbat euskal errepresaliatuk iheslari politikoen egoera «zailari» konponbidea emateko eskatu zuten atzo, Gasteizen. Gogora ekarri zuten lau urte igaro direla ehunka euskal iheslari politikok Miarritzen euren ekarpena zabaldu zutenetik. 2013ko ekainean iragarri zuten eragile aktiboa izan nahi zutela gatazkaren konponbidean, eta euskal errepresaliatuak etxera itzultzeko garaia zela. Ordutik, 125 iheslari itzuli dira euren sorterrira; azkena, duela hamar egun inguru. Oraindik, baina, euskal iheslari asko dago erbestean, eta horietako asko «egoera larrian», Jon Irazola iheslari ohiak azaldu zuenez. Arturo Villanueva, Jokin Aranalde, Juanra Ruiz de Gauna, Juantxo Nafarrate eta Tito Martinez Beiztegi iheslari ohiak ere izan ziren agerraldian.

Erbesteratuen egoera latza salatu dute, eta hil den azken iheslaria gogora ekarri. Javier Perez de Nanclares gasteiztarra Mexikon hil zen azaroaren 18an, bihotzekoak jota. Haren aldeko omenaldia egingo dute etzi, Gasteizen, 19:00etan, Auzolana frontoian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.