U30 greba orokorra. Pentsiodunak

Hurrengo belaunaldientzako greba

Pentsiodunen mugimenduak bat egin du bizitza duinaren aldeko grebarekin, eta gehienek esan dute euren seme-alaben pentsioak bermatzeko daudela kalean. Gustura azaldu dira borroka ugari elkartu direlako.

Gipuzkoako Pentsiodunen plataformako kideak, atzo, Donostian. Eguerdiko mobilizazio nagusirako zutabe propioa egin zuten. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Donostia
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Juan Antonio Rodriguez Arroyo pentsioduna egunero joaten da Kontxako hondartzara. Baina ez da joaten bainua hartzera edo paseatzera, baizik hondarrean mezuak idaztera. Euria egin ala ez, aterkia izaten du beti esku artean, eta egunero mezu batzuk idazteko baliatzen du: «1.080 pentsiodunak aurrera», «aberastasuna banatu», «pentsio arrakala amaitu»... Atzo ez zuen idazketak egiteko aukera galdu: «Protesta modu bat da, eta horrela jarraituko dut ahal dudan arte». Une horretan, azken idatziko hizkiekin zebilen. Lanak amaitutakoan, Alderdi Ederrera abiatzekoa zen, greba orokorrarekin bat egin zuten pentsiodunek antolatutako zutabean parte hartzera. «Pentsio on bat jasotzen dut; beraz, borroka ez dut nigatik egiten: besteekiko elkartasunez baizik, batez ere datorren belaunaldiarentzat».

Ideia hori argi azaldu zuen Rodriguez Arroyok, eta antzera hitz egin zuten Donostian pentsiodunen mobilizazioarekin bat egin zuten gehienek ere. «Mila arrazoi daude gaur kalera ateratzeko: pentsioen atala guri tokatzen zaigu, baina, gugatik baino gehiago, gure seme-alabengatik egiten dugu borroka hau», azaldu zuen Javier Oiartzabal pentsiodunak. Metro batzuk urrunago zeuden Pilar Velasco, Juliana Rubio eta Eusebio Dominguez, eta hiruren arteko elkarrizketan ere hala zioten: «Urte askorako egongo garela espero dut, baina tokatzen zaigun adinagatik, borroka honek ondorengo belaunaldiari eragiten dio gehiago; eta horregatik ari gara kalera ateratzen». Bizitza duinaren aldeko grebaren deialdiarekin bat egin zuten pentsiodun askok, beraz, euren seme-alabak izan zituzten gogoan.

Bi urte dira Hego Euskal Herriko pentsiodunek pentsio duinen aldeko mobilizazioak hasi zituztela, eta denbora hori igaro ondoren bultzada berri baten beharra zutela zioen Maixa Nazabal pentsiodunak San Martin kalera iritsi berritan. Han egin zuten bat hiriburuko beste zenbait lekutatik sindikatuek, mugimendu feministak eta pentsiodunek antolatutako zutabeek, eta topagune horren garrantzia azpimarratu zuen: «Gaurko grebaren borroka orokorra da, ez da pentsiodunena bakarrik; sumatzen nuen borroka asko sakabanatuta zeudela: pentsiodunena, zahar etxeetako emakumeena, beste lan gatazkak... Momentua zen pausoak elkarrekin emateko, eta gaur [atzo] lortu dela esango nuke».

Areago, beharrezkoa zela zioen Nazabalek. Pentsiodunen mugimenduak bi urteko mobilizazioen ondoren bultzada baten beharra zuela zioen, eta atzo hori lortu zela. «Pentsiodunak dei hori egiten ari ziren, eta errepikatzen pentsioen arazoa langileena ere badela; prekarizazioak zuzenean eragiten du pentsioetan, eta zer esanik ez gizon eta emakumeen arteko pentsio arrakalan». Eguerdiko manifestazio nagusiaren amaieran manifestua irakurtzera igo ziren Gipuzkoako Pentsiodunen mugimenduko ordezkariak, eta taula gainetik aldarrikapen horiek berretsi zituzten: pentsioen sistema publikoaren finantzaketa bermatzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, azken lan eta pentsio erreformak bertan behera uztea, eta soldata eta pentsio arrakalari aurre egiteko neurriak hartzea. «Lan baldintza duinik gabe ez baita pentsio duinik egongo», Velasco, Rubio eta Dominguezek ziotenez.

Pentsiodunek eskatzen dituzten neurri guztiak «politikoak» direla esan zuen Rodriguez Arroyok, eta, horregatik, grebaren izaera hori aldarrikatu zuen: «Ezagutu ditudan greba guztiak izan dira politikoak. 14 urte ditudanetik egin ditut grebak; beraz, ez diezadatela esan zer den greba bat egitea eta zer izaera daukaten». Aterkia bildu, eta pentsiodunen zutabera abiatu zen, argi utziz gaur ere Kontxan izango dela hondarrean pentsio duinen aldeko mezuak idazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.