LAB:«Europako funtsei uko egin behar zaiela esatea ez da nahikoa»

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, Deustuko Erriberaren aurrean, Bilbon, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak Europako funtsen banaketa ereduaren eta haien helburuen irakurketa kritikoa egin du. Haren ustez, diru publikoa esku pribatuetan jartzeko mekanismo bat dira, eta 2008ko krisiaren ostean eman ziren pausoei jarraitzen die: «Ordukoan bankuak erreskatatu ziren bezala, orain dirua jartzen da kapitalismoak behar duen eraldaketarako». Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak azaldu du ez dutela bat egiten Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aurkeztu dituzten proiektuekin, eta ez dela kontuan hartu eragile sozial, sindikal eta langileen iritzirik.

Funtsen auzian, LABen ustez, kontrako jarrera agertu baino gehiago egin behar da: «Uko egin behar zaiela esatea ez da nahikoa; eztabaida soziala behar da». ELAizendatu gabe, hark duen jarrerari eginiko erreferentzia dirudi. Uste du eredu aldaketaren alde dauden eragileek bat egin behar dutela, maila politiko eta instituzionalean. Izan ere, Aranburuk argi du «gudu politikoa eragin behar dela», haren ustez, horren bidez posible delako egitasmo zehatz batzuk bultzatzea, «botere publikoa indartuko» dutenak.

Zentzu horretan, datozen asteetan eragile politiko, sozial eta sindikalekin bilera erronda hasteko asmoa du, aktibazio soziala bultzatzeko. Iragan urtarrilean antzeko prozesu bat hasi zuen «harresi soziala» delakoa eraikitzeko, eta ez zuen arrakastarik izan. Aranbururen ustez, funtsena «beste plano» batean eztabaidatu beharreko auzi bat da, eta uste du akordioak egon daitezkeela. Zerbitzu publikoen, enpleguaren eta pentsioen aldeko hainbat mobilizazio egiten ari dira, «eta gehiago etorriko» direla iragarri du.

Funtsen gaian sakontzen jarrita, Endika Perez LABen ekintza sozialeko arduradunak haien muinari buruzko datu batzuk eman ditu. Haren kalkuluen arabera, soilik laguntzen %0,6 bideratuko da zerbitzu publikoetan inbertitzeko, eta %89,6 «propaganda berde digitalerako» da: «Lehendik aurreikusirik zeuden proiektu erraldoiak eta lan sektore gehiago pribatizatzeko egitasmoak dira». Era berean, salatu du enpresa handien interesa lehenesten dutela eta kudeaketa ilun eta zentralista dutela.

Perezek, halaber, nabarmendu du funtsek «letra txikia» dutela, eta «hertsapen» mekanismoak daudela: «Laguntza lerroak ukatu egin daitezke baldintzak bete ezean». Aldi berean, gehitu du funtsa eurobonuen bidez finantzatu dela, zorrak jaulkiz. Haren ustez lankidetza publiko-pribatua «iruzur handia» da, egitasmoek ez dutelako «inolako kontrol publikorik». Gai beraren aurrean erakunde publikoek duten jarrera kritikatu du, eta Jaurlaritzaren leloa bere egin du: «Bultzatu nahi duten auzolan bakarra enpresa handi eta merkataritza ganberekin da».

ELA: «%70 itzuli behar da»

ELAk ere hartu ditu hizpide Europako funtsak, eta Mikel Noval ikerketa buruak aurreratu du «milioi zaparrada» ez dela izango espero zen adinakoa: «Europako Bankuak esan du Espainiak funts propioen bidez itzuli beharko duela jasoko duen diruaren %70». Sindikatuaren ustez, 42.000 milioi euro bidaliko dituzte Espainiara, eta gogorarazi du funtsen behin betiko arautegiak baieztatu duela funtsak baldintzatuta daudela: «Arautegiak dio funtsak jaso nahi baditu Espainiak aldaketak egin beharko dituela pentsio sisteman eta ezin duela lan erreforma indargabetu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.