XXI. mendean XIX.ean nola

Epaitegiek oraindik ez dute argitu Glovo eta Deliveroo banaketa enpresako langileak autonomo faltsuak diren ala ez, baina gauza bat argi dago: XXI. mendean sortzen ari diren lanpostuak lan baldintzak aldatzen ari direla.

Glovo banaketa enpresako langile bat, Donostian. Banatzaile gehienak bizikletan ibiltzen dira. JON URBE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Batez ere iluntzen hasten denean ateratzen dira kalera, etxean dauden pertsonek afaritarako beren eskaria egiten duten momentuan. Eguneko ordu horietan izaten dute lan gehien bizikleta gainean doazen banatzaileek. Bezeroak sakelako telefonoan duen aplikaziotik aukeratzen du jatetxe jakin bateko janaria, eta eskari hori banatzaileari iristen zaio. Bitartekari lanak egiten ditu. Hau da, betiko janari banatzaileak dira, baina jatetxe soil batentzako lan egin beharrean, aplikazio horrekin bat egin duten guztiekin aritzen dira beharrean. Euskal hirietako kaleetan gero eta maizago ikusten dira bizikletan doazen banatzaile horiek, eta bereizgarriak dira, gainera: Glovo edo Deliveroo jartzen duten motxila handiak garraiatzen baitituzte bizkarrean. Enpresa batekin lotzen dituzten bereizgarriak eraman arren, ez dira haiek kontratatutako langileak, haientzat lan egiten duten autonomoak baizik.

Ezaugarri horrek zalantza ugari sortu ditu azken boladan, eta sakelako aplikazio horien hedapena handituz joan den modu berean zabaldu da lan baldintzen inguruko kezka. Gaur-gaurkoz, lan ikuskaritza Bilboko eta Iruñeko Glovoko langileen egoera ikertzen ari da, baina aurretik Zaragozan (Espainia) egindako ikerketetan lan ikuskaritzak Glovoren aurkako neurriak hartu ditu. 326 pertsona autonomo faltsuak direla azaleratu zuen, eta horiei guztiei Gizarte Segurantzako kotizazioak atzerako eraginez ordaintzeko zigorra ezarri zion enpresari. Erabaki horri, ordea, helegitea jarri zion Glovok. Deliverooren kasuan ere berdin gertatu da Valentzian (Herrialde Katalanak), Bartzelonan eta Madrilen.

Epaitegietara ere iritsi da auzia, eta han irizpide jakinik ez dago oraindik. Langileek jarritako salaketen eraginez egindako epaiketetan, hirutan autonomo izaera onartu die Espainiako justiziak, eta konpainiei arrazoia eman die. Beste bi kasutan, ordea, langilearen alde egin dute epaitegiek, eta enpresak Gizarte Segurantza ordaintzera behartu ditu.

Legea aldatu

Helegiteak direla eta, prozesu judizialek luzerako joko dutela uste du Juanjo Martinezek. Banatzaileen eskubideak aldarrikatzeko sortutako Riders X Derechos plataformako kidea da, eta epaiketa horiek guztiak gertutik jarraitu ditu: «Epaitegietan modu ezberdinetan irakurri dira orain arte lanpostu horien bereizgarriak, eta, jurisprudentzia ezarri arte, horrela jarraituko dugula iruditzen zait». Hori saihesteko, administrazioei eskaera zuzena egin die: gisa horretako konpainien jarduna erregulatuko duten legeak onar ditzatela.

Justiziak oraindik erabaki irmorik hartu ez duen arren, konpainia horien funtzionamenduan hutsune argiak daude. Martinezek nabarmenena aipatu du: «Negozio horien lan esparrua banaketa bada ere, enpresaren izenean ez daukate banatzaile bakar bat ere kontratatuta; adierazle horrek bakarrik nahikoa susmo sortzen du hasieratik bertatik». Langileek, bestalde, autonomo kuota ordaintzeaz gain, enpresaren logoa daramaten motxilen alokairua ere ordaintzen diote hilero konpainiari. Autonomoak izateko, beraz, enpresa horiekin lotura estuegia daukatela uste du Martinezek.

Bizikleta edo garraiobidea beharginek jartzen dute, baita sakelako telefonoa ere. Lan egin ahal izateko, konpainiaren aplikazioa instalatu behar dute sakelakoan, eta bezeroak egindako eskaera hara iristen zaie. Enkargu hori har dezake, ala ez; baina baztertzen baldin badute, puntu gutxiago lortuko dituzte. Martinezek hala dio: «Lan egin ahal izateko,aplikazio horren esanetara egon behar du beharginak eskaerak dauden orduetan; konpainiek diote uko egin diezaiokeela, baina algoritmoek hori ere baloratzen dute, eta hurrengo eskaera jasotzeko aukera gutxiago izan dezake. Horrek lan harreman estu bat dagoela erakusten du». Langileek nahi duten lana egiteko behar besteko askatasunik ez dutela ondoriozta daiteke hortik.

Janaria banatzeko enpresek diru asko aurrezten dute sistema horrekin. Gizarte Segurantza edo kaleratzeen kalte-ordainik ez dute pagatzen, esaterako. Eta alde horretatik ulertu behar dira Oscar Pierre Glovoko zuzendari exekutiboak iazko azaroan egindako adierazpenak: «Banatzaileak konpainiako langileak izan beharko balira, ederki izorratuko gintuzkete, baina egokituko ginateke». Esan horiekin haren asmoa zein den argi dagoela dio Martinezek.

Banaketa plataforma berri horiek lan egiteko modua aldatzeko asmoa dutela dio Endika Alabort ekonomialariak. Horretarako alderaketa bat erabili du: «XXI. mendean sortu diren lanpostu askok XIX. mendeko lan baldintzetara garamatzate bueltan. Oso irudi modernoa daukate, informazio eta teknologia berrien erabileran oinarritzen direlako, baina XIX. mendeko kapitalismoarekin zerikusia daukate baldin- tzek. Meatzariek egunean ateratzen zuten burdinaren arabera jasotzen zuten soldata; bada, egungo plataforma digitaletan ere antzera». Banatzaileak lau euro inguruko komisioa jaso ohi du egiten duen enkargu bakoitzeko. Zenbateko hori handiagoa izan daiteke eskaera handia denean, eta behar baino banatzaile gutxiago daudenean, baina oro har beti berdin ordaintzen zaie langileei, gau edo egun izan, euria ala elurra egin. «Kontuan hartu, gainera, eguraldi txarra egiten duen egunetan jende gehiagok eskatzen duela janaria etxera eramatea», gogorarazi du Martinezek.

Autoesplotazioa

Enkargu bakoitzeko ordaina jasotzeak lanorduak asko luzatzera eramaten ditu banatzaileak.«Hamar ordutik gorako lanegunak izaten dira gehienetan, kalean bizikletan lan egiteak dakarren arriskuak kontuan hartu gabe; prekarizazio handia dago kasu horretan». Saihestu daitekeen prekarizazioa, Martinezen ustez. Izan ere, Glovoren eta Deliverooren aplikazioek unean uneko estatistikak eskaintzen dituzte, eta hor ikus daiteke zenbat ordu lan egiten den, edo langilearen lehiakortasuna zenbatekoa den. «Nahi izanez gero, lan baldintza horiek kontrola daitezke, baina ez dute nahi».

Sakelako telefonoan dagoen aplikazioa da langile bakoitzaren eskariak bideratzen dituena, eta enkargu bat hartu ala ez, horrek elkarren arteko lehia ere eragiten du. Alabortek arrisku handia ikusten dio sistema horri: «Eskari bat zuk hartzen ez baduzu, beste batek hartuko du; hori dela eta, ondoan duzun lankidealehiakide bihurtzen da, eta hori enpresarentzat oso interesgarria da». Lan harremanak indibidualizatu egiten direla dio. Horretaz gainera, beharginek ez daukate nagusirik, aplikazioak lana algoritmo bidez banatzen duelako. Alabortek garbi ikusten du zein den horren atzean dagoen asmoa: «Irudi hori kenduta, ez daukazu kontra egiteko ugazabarik». Eta horrek guztiak zaildu egiten du langileak antolatzea.

Hori gertatu zitzaien, esaterako, Bilboko Eragin plataformako kideei. Banatzaileak antolatzeko saiakera egin zuten duela urtebete, baina ezin izan zuten. Hala gogoratu du Gaizka Suarezek: «Bi soslai daude: batetik behin-behinean diru iturri bat nahi duten gazteak, eta beste aukerarik ez duten helduak bestetik; kasu askotan etorkinak direnak, gainera. Orduan, lehenengoak ez du bere burua lanpostu horrekin identifikatzen, eta ez du lan hori duintzean pentsatzen. Bigarren soslaikoak, bestalde, askotan autoesplotatu egiten dira soldata bat eduki ahal izateko, eta lanpostu bat ikusten dute. Esplotatuta daudela onartzen dute, baina beste aukerarik ez dutenez, ez dira antolatzen».

Lan baldintzen prekarizazio horretan Glovo eta Deliveroo banaketa enpresek aurrerapausoa emana dutela uste du Alabortek, baina abiapuntu bat besterik ez dela ere argi utzi du: «Muga batzuk hautsi nahian dabiltza, baina gakoa da atzetik datozen enpresek zer egingo duten. Hau da, halako lan harremanak bultzatuko dituzte? Beste enpresetan aplikatzeko esperimentu bat da hau guztia?». Horregatik, ereduaren aurka egiteko nahikoa arrazoi ikusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.