Getxora, Lurmutur Hiritik

Lur Gaineko Sokatirako Munduko Txapelketa jokatuko dute gaurtik larunbatera Hegoafrikan. Gaztedi, Goiherri eta Mutriku ariko dira taldekakoan, eta Basque Country lehiatuko da herrialdekakoan. Euskal sokatiralariek ondo aritu nahi dute, bi urte barru etxean jokatuko den txapelketari begira indarrak hartzeko.

Gaztedi Laukizko taldeko tiralariak, ahalegin betean, Hegoafrikako Munduko Txapelketara abiatu aurreko azken entrenamenduan. LUR GIL.
Lur Gil.
2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Urte erdi joan da Euskal Herriko sokatiralariek Xuzhoun (Txina) jokatutakoGoma Gaineko Munduko Txapelketan uzta ederra bildu zutenetik. Inoiz baino domina gehiago irabazi zituzten: hamasei; bi urrezko, zazpi zilarrezko eta beste zazpi brontzezko. Sei hilabete geroago, munduko onenekin lehiatuko dira berriro. Oraingoan, ordea, lur gainean ariko dira, eta etxetik oso urrun berriz, Hegoafrikan, Lurmutur Hirian, gaurtik larunbatera bitartean. Zorionez, badakite bi urte barru ez dutela halakorik egin beharko, etxean jokatuko baitute txapelketa, Getxon (Bizkaia); toki berean munduko txapelketa jokatu eta 25 urtera, hain zuzen ere. Orduko hartan, ordea, Euskal Herriko selekzioa ez zen ofiziala.

2014an Basque Country izenarekin ofizialtasuna lortu zutenetik, hirugarrenez ariko dira euskal sokatiralariak lur gaineko txapelketa nagusian. 2014an egin zuten estreinakoa, Wisconsinen (AEB), eta sei domina irabazi zituzten: taldeka, urrezko bat, zilarrezko bat eta brontzezko bi; eta herrialdeka, brontzezko bi. Uzta bera bildu zuten bi urte geroago, Malmon (Suedia): sei domina; taldeka, brontzezko bi; eta herrialdeka, urrezko bat eta zilarrezko hiru. Hau da, dozena bat domina ditu euskal sokatirak lur gaineko garaipenen zerrendan. Uzta eder hori handitu egin nahi dute gaurtik Lurmutur Hirian.

Eta, horretarako, Euskal Herriaren ordezkaritza zabala joan da: 89 lagun, sokatiralariak, teknikariak eta epaileak kontuan hartuta. Hiru talde ariko dira: Gaztedi (Laukiz, Bizkaia), Goiherri (Erandio, Bizkaia) eta Mutriku (Gipuzkoa). Gaur eta bihar lehiatuko dira taldekakoan. Etzi eta larunbatean, berriz, talde horietako kideak Basque Country izenarekin ariko dira, selekzioen artekoan.

Aurkari indartsuak izango dituzte. Taldekakoan, hemeretzi herrialdetako klubekin neurtuko dituzte indarrak: Australia, Belgika, Kamerun, Txina, Frantzia, Alemania, Italia, Kenya, Letonia, Lituania, Malaysia, Ingalaterra, Herbehereak, Nigeria, Hegoafrika, Suedia, Suitza, Taiwan eta Zimbabwekoekin. Selekzioen artekoan, berriz, horiek guztiak eta AEBak eta Eskozia izango dituzte aurkari.

Itxuraz, Irlanda, Ingalaterra, Suitza, Herbehereak eta Taiwan izanen dira herrialderik indartsuenak, baina ezin da baztertu orain arte hain emaitza onak lortu ez dituzten taldeak ere dominen borroka horretan sartzea; adibidez, Hegoafrika. Txapelketa etxean izanda, prestaketa berezia egin dute bertako sokatiralariek, eta 23 urtez azpikoekin egindako lanak fruituak eman ditzake.

Euskal ordezkariak, hala ere, itxaropentsu dira. Kluben artekoan, Gaztedi nagusi izan da Euskal Herriko txapelketetan. Dena irabazi du: gizonezkoen eta emakumezkoen Bizkaiko txapelketak, eta Euskal Herriko Txapelketan jokatutako zazpi pisuetakoak. Bigarren eta hirugarren taldeak ere bikain aritu dira, eta haiek ere podiumean sartu dira.

Hain zuzen, pisu guztietan txapela eskuratzeak nazioen arteko txapelketan Basque Country ordezkatzeko eskubidea ematen dio Gaztediri. Hala ere, Euskal Herriko beste taldeetako sokatiralariak ere arituko dira pisu handietan, laukiztarrek hala erabakita. Beraz, gizonezkoen 680 eta 720 kiloko txapelketetan, Mutrikuk, Goiherrik eta Gaztedik osatutako selekzioa arituko da.

Beste behin, lur motak eta haren egoerak asko baldintzatu dezake txapelketa. Hegoafrika hegoaldean eta bereziki Lurmutur Hirian 2016tik izan duten ur gabeziak lehortu egin du lurra, eta txapelketaren jokalekua aldatu egin behar izan dute antolatzaileek. Itsasertzean egin nahi zuten hasiera batean, baina Camps Bay eskolara aldatu dute, ureztatze sistema ezinbestekoa izanen baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.