Sokatira. Munduko Txapelketa

Munduko sokatiraren erdigune

Dena prest dago bihar kluben arteko lur gaineko Munduko Txapelketa hasteko Getxon. Asteburuan, berriz, nazioen arteko lehia izango da; hamasei herrialdetako ordezkariek pisaketa eguna dute gaur.

Gaztedi eta Goiherri taldeetako sokatiralariak, dominak zintzilik dituztela, duela bi urte Lurmutur Hirian jokatutako Lur Gaineko Munduko Txapelketan. LUR GIL.
Lur Gil.
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiak TWIF Nazioarteko Sokatira Federazioaren asmoak zapuztu zituen iaz: haren 60. urteurrenak eta Getxoko (Bizkaia) Munduko Txapelketak bat egitea nahi zuen. Urtebete geroago bada ere, bihar hiru kontinentetako 39 klub aterako dira Fadurako errugbi zelaira; tartean Euskal Herriko lau: Gaztedi (Laukiz, Bizkaia), Goiherri (Erandio, Bizkaia), Getxo eta Mutriku (Gipuzkoa). Helburu ezberdinak izanagatik ere, etxean lehiatzeak ilusioa piztu du haiengan guztiengan.

GARAZI ARRUTI
Getxoko lehendakaria


«Gauza handia da guretzat Munduko Txapelketan aritzea»

Hilaren 25eko euskal pentatloia prestatzen ari dela, tartean tokatu zaio Munduko Txapelketa Garazi Arruti (Bilbo, 1985) Getxo klubeko lehendakariari. Taldeko gizonezkoak ariko dira 640 eta 680 kiloko mailetan. Etxean lehiatuta, herrikideen animoak espero ditu: «Txapelketa etxean izanda, disfrutatzera gatoz. Gauza handia da guretzat Munduko Txapelketan aritzea».

Izan ere, talde txikia da Getxokoa. Beste herri kiroletan ere aritzen dira, baina sokatiran lanak dituzte taldeari eusteko: «Ez dugu beste taldeek duten zortea. Talde txikia gara, betikoak gaude, eta taldea osatzea erronka handia izaten da». Hala ere, beste herri kiroletatik sokatirarako zubia ere egin dute taldera hurbildu diren zenbait gaztek; nahiz eta Arrutik kontrako bidea egin duen: sokatiran atseden hartu du, pentatloiko kiroletan hobetzeko.

Gogor entrenatzeaz gain, antolakuntzan murgiltzea ere tokatu zaio taldeari, baina egitura zabala sortu da Munduko Txapelketaren inguruan, eta lan horrek ez du taldea ito: «Lana, batez ere, azken hilabeteetan izan da batzorde teknikoan. Bilera ugari izan ditugu». Dena prest dute herriaren aurrean egindako lana, zelaikoa eta bulegoetakoa erakusteko.

ITZIAR ANSOLEAGA
Gaztediko sokatiralaria

«Gure mailan, tiratzen duzun bakoitzean urrea lortzeko aukera duzu»

Uztailaren 23an amaitutako Euskal Herriko Sokatira Txapelketan Gaztedi izan da nagusi maila guztietan. Sasoiko dago taldea, nahiz eta azken urteetako lur gaineko zein goma gaineko jardunak atsedenik ez dien eman: «Neguan eta udan aritzeak nekea eragiten du, fisikoki zein mentalki, baina urte osoan sasoia mantentzen laguntzen digu. Laster hasiko gara goma gainekoa prestatzen», dio Itziar Ansoleaga sokatiralariak (Getxo, 1978).

COVID-19ak urtebete luzatu du esfortzua, baina ederki eskertu du Ansoleagak. Min hartuta egon zen iaz, eta Munduko Txapelketa atzeratzeak parte hartzeko aukera eman dio. Gizonezkoak maila ezin hobean ari dira; emakumezkoak, ordea, ezin jakin, Gaztedi izan baita Euskal Herriko Txapelketako talde bakarra, eta gizonezkoen aurka lehiatu behar izan du:«Udan nesken txapelketarik ez edukitzea ez da ona guretzat; ezin diogu neurria hartu. Baina zaila da Euskal Herrian talde gehiago sortzea. Goma gainean hobeto gabiltzala uste dut, nesken talde gehiago baitaude», azaldu du Ansoleagak.

Aitortu duenez, pandemiarengatik ezarritako osasun neurriek ere ez diete utzi behar bezala entrenatzen, eta zaila da jakitea atzerriko taldeak nola ariko diren Munduko Txapelketaren moduko lehia handi batean: «Gure mailan, tiratzen duzun bakoitzean urrezko domina lortzeko aukera dago. Hala ere, oinarri oso ona duzula uste duzunean, beste talde batek hobeto tiratzen du. Eta horren ondo ez zaudela uste duzunean, eta gutxien espero duzunean, urrea etortzen da. Ez dago asmatzerik».

Sei mailatan arituko da Gaztedi, eta horretarako hiru talde eratu dituzte Laukizen: emakumezkoen 500 eta 540 kilotan; gizonezkoen 560 eta 640 kilotan; eta 580 kiloko mistoan. Txapela janzteko aukera, bereziki, gizonezkoen 560 kilokoan eta mistoan izanen dute ziurrenik.

JAVIER URRESTI
Mutrikuko atzelaria


«Lesio asko izan ditugu, baina gozatzensaiatuko gara»

Urte gogorra izan da Mutrikuko taldearentzat. Bi kide galdu dituzte denbora gutxian: Pedro Alkorta Doistu entrenatzaile ohia eta Ekaitz Salcedo sokatiralaria. Kolpe latza izan da taldearentzat, eta, kirol arloari dagokionez, lesioek ere gogor jo dute, denboraldi osoko bi lesio luze eta azken orduko batekin: «Urte gogorra izan da, lesio asko izan baitugu. Baina gozatzen saiatuko gara», esan du Javier Urresti sokatiralariak (Ondarroa, Bizkaia, 1967).

Berri onak, hala ere, badaude. Talde mistoa aterako dute lehen aldiz: «Burugogortu egin nintzen. Goiherrirekin hitz egin, eta tiralariak utzita talde mistoa aterako dugu. Itxura ona du».

Gizonezkoen 560 eta 640 kilotan ariko dira. Goiherrik eta Getxok tiralari bana utziko die horretarako: «640 kilokoan oso azpitik goaz pisuan. Bi txapelketetan gozatzera aterako gara. Ea ahalik eta hoberen aritu eta sailkatzeko aukerarik dugun».

31 urte daramatza taldean, eta une onak zein txarrak ezagutu ditu. Egungoa ez da urrezko garaia: «Baina gustura ari gara, gustuko jendeagaz eta gustuko tokian», dio, baikor. Munduko Txapelketak ere ez dio bultzadarik eman: «Ez dugu taldea handitu. Munduko Txapelketa hemen izanda telebistan eta egunkarietan sokatiraz hitz egiten bada, agian, eragina izan dezake taldeetan, eta hazkunde bat izan. Baina ez dakit, hurrengo urteetan ikusi beharko dugu hori».

JUANJO BILLALABEITIA
Goiherriko tiratzailea


«Helburuak argi ditugu: urrea nahi dugu560 kiloko mailan»

Helburuak argi ditu Juanjo Billalabeitiak (Erandio, 1976): podiumeko maila gorenera igo nahi du:«Egia da Euskal Herriko Txapelketako emaitzak ikusita zaila dugula, baina uste dugu ondo entrenatu garela, eta emaitzak etorriko direla».

Izan ere, Gaztedi gehiago izan da udako txapelketetan. Lehia estua izan da zenbait pisutan, baina Laukizera joan dira txapela guztiak: «Gaztedi koska bat gorago egon da, baina Munduko Txapelketa beste gauza bat da, eta edozer gerta daiteke».

Gogoan du duela hiru urte Hegoafrikan, Lurmutur Hirian, jokatu zen Munduko txapelketan gertatutakoa: Gaztedi gehiago izan zen Euskal Herriko lehian, baina nazioartekoan Goiherri hazi egin zen, eta podiumeko bigarren lekua zapaldu zuen gizonezkoen 560 kilokoan, Gaztediren aurretik, eta brontzea lortu zuen 640 kilokoan: «Helburuak argi ditugu taldean: urrezko domina lortzera aterako gara 560 kiloko txapelketan».

Emakumezkoen 500 kilotan ere arituko dira bizkaitarrak, Gaztedirekin batera. Hala ere, jakitun daude nazioartean dagoen maila ikusita oso zaila izanen dela podiumera igotzea.

Hala ere, beste taldeek ez duten zerbait dauka Goiherrik: sokatiralari gazteak. Hala, 23 urtez azpiko mailan taldea aterako duen euskal talde bakarra izango da: «Gazteek urte batzuk daramatzate gurekin entrenatzen, eta uste dut zerbait polita egin dezaketela», adierazi du taldeko beteranoak. Dietenbach Alemaniako taldea eta Powerrangers Flandriakoa izanen dira aurkari gogorrenak urrea lortzeko lehian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.