Onena emateko ilusioarekin

Azken hiru denboraldietan nahi baino apalago aritu ostean, Eider Merinok bere onena erakusteko gogoz ekin dio aurtengo sasoiari. Le Col-Wahoo taldean ari da. Arazo fisikoez ahaztu, eta gozatu egin nahi du.

Eider Merino Le Col-Wahoo taldeko txirrindularia. EIDER MERINO.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Le Col-Wahoo Erresuma Batuko taldean dabil Eider Merino (Balmaseda, Bizkaia, 1994), eta argi du zein den denboraldi honetako helburua: bere mailarik onena berreskuratu eta gainditzea. Hori lortzeko peskizan arituko da; badu esperantza azken urteetako gorabeherak behingoz ahazteko.

Eta, horretarako, dituen arazo fisikoak gainditzea izango da lehen urratsa. Horretan dabil: «Bi hilabete egon naiz ibili ere ezin nuela egin, orkatilan edema bat nuelako. Duela hilabete eta erdi hasi nintzen berriro bizikletan, eta orain arteko sentipenak oso txarrak izan dira. Indarrik gabe nengoen. Amstel Gold Race proban, ordea, hobeto sentitu nintzen». Ordura arte, entrenatzeko garaian ere ez zebilen eroso. «Oraindik ez dut indarrik eraso gogorrak jotzeko, baina uste dut pauso bat eman dudala aurrera». Euskal Herriko Itzulirako osatu nahiko luke: maiatzaren 13tik 15era egingo da. Hala, tartean jokatutako probak prestakuntza moduan hartuko ditu: «Lasterketa bat da entrenamendurik onena». Egin du jada Fleche Brabançonne lasterketa, eta Lieja-Bastogne-Lieja du hurrengo proba, Itzuliaren aurretik.

Lehen sasoia du Merinok Le Col-Wahoo taldean. Italiako Monex taldean jardun zuen iaz; ez dituoroitzapen samurrak: «Oso urte gogorra izan zen. Ez nuen talde bat. Arropa eta bizikleta eman zidaten pertsona batzuk zeuden, baina ez askoz gehiago. Ez nuen sostengurik, ezta talderik ere. Lasterketetan bakoitza bere aldetik zihoan: ez genuen talde moduan korritzen». Azkenean, desagertu egin zen Monex, eta, ondorioz, denboraldi bukaerako proba asko ezin jokatuta geratu zen txirrindulari bizkaitarra. Aitortu du ez ziotela ezer esan. «Bolada txarra pasatu nuen». Bai fisikoki eta bai psikologikoki neurria ezin hartuta aritu zen.

Beste aldarte batekin ekin dio aurtengo sasoiari: gogotsu eta ilusioarekin. Gustura dago taldean:«Hasiera-hasieratik, familia baten moduan tratatu naute, eta beti animatu naute borrokan jarraitzera. Ez da talde handi-handia, baina talde bat osatzen duten pertsonek egiten dute hura handi». Gainera, alboan dituen kideak fisikoki «indartsuak» direla dio, eta multzo on bat dutela ziurtatu.

Itzulia begiz jota

World Tour baino koska bat beherago ari da Merino, baina, azaldu duenez, nahi zituzten gonbidapen guztiak lortu dituzte: «Niretzat, inportanteena Frantziako Tourrean egotea zen, eta lortu dugu hori ere». Gogotsu dago, beraz.

Igotzaile petoa izanik, lasterketa gogorretan ibiltzen da erosoen. Hala ere, taldeak aukera eman dio bere ezaugarrietara horren ondo egokitzen ez diren lasterketetan parte hartzeko. Ontzat hartu du, hartara «beste arlo batzuk» ere landu ahal dituelako.

Sasoiari erreparatuz, hainbat proba ditu egutegian gorriz markatuta. Itzulia da horietako bat: «Etxeko lasterketa da, eta badakigu nolakoak diren Euskal Herriko zaleak: errepide guztiak beteko dituzte. Aipatze hutsarekin oilo ipurdia jartzen zait». Oraindik ez daki nolakoak izango diren etapak, baina gogor samarrak izatea espero du. «Maiatza nire garai erabakigarrietako bat izango dela uste dut». Itzuliaren ondoren, Burgosko Itzulia du begiz jota, eta jarraian Frantziako Tourra. Emakumezkoen lehena izango da, eten luze baten ondotik. «Maila handia egongo da: guztiek joan nahiko dute, eta lehenengo irabazleak izan». Espainiako Vuelta eta Munduko Txapelketa ere aipatu ditu; denboraldi amaieran izango dira.

Eta argi du zein den bere nahia: «2018ko Eider Merino aurkitzea eta gainditzea». Hain zuzen, goia jo zuen urte horretan. Haren lorpenak ez ziren nolanahikoak izan: hirugarren izan zen Ardecheko Itzulian; zortzigarren Italiako Giroan, eta errepideko Espainiako txapelketa irabazi zuen; Movistarren zebilen orduan. Geroztik, baina, beherantz egin du, eta herrenka aritu da. «Ia-ia arrastaka», dioenez. Gogotsu itzuli da aurten, eta duela hiru urteko maila lortu eta gainditzea du asmoa. «Kirolariok beti nahi dugu gehiago». Horretarako ari da lanean, onena emateko ilusioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.