Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Historiografia feminista

2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Urte batzuetatik hona, eta, zorionez, Martxoaren 8aren inguruan, liburu, hitzaldi, genero ikuspegia duten tailerrak eskaintzen dira asteetan zehar. Nire agenda bete ohi da hitzaldiak emateko, bai martxoan, bai azaroan (indarkeria matxistaren aurkako egunarekin bat eginez). Ongi etorria izan bedi kontzientzia feminista sortzeko modu hau. Aste honetan, Txalapartaren eskutik, lau historialarik, Charo Roquerok, Rosa eta Ana Iziz ahizpek eta nik neuk mahai inguru batean parte hartu genuen Katakraken, historia genero ikuspegiarekin egiteko moduei buruz hausnartzeko. Ez da kontu txikia Gerda Lerderrek La Creación del Patriarcado (Katakrakek argitaratua) lanean dioena, alegia, historian emakumeak izan duen rola isilaraztea emakumeek pairatu izan dugun beste zapalkuntza mota bat izan dela, gure gaitasun eta munduan dugun lekuari buruz kontzientzia hartzen utzi ez diguna. Emakumeok gure iraganean protagonismorik izan ez dugula pentsatzeak, jakina, gaur egungo gizartean dugun eginkizuna gutxiago balioesten du.

Nola egin orduan ikerketa historiko feminista? Iraganera botatzen ditugun galderak aldatzea da kontua, eta gizonak protagonista diren gertaerei kasu bakarrik ez egitea litzateke gakoa. Itzaleko protagonistei buruz hitz egitea gustatzen zait gure arbasoez hitz egiten dudanean, baina agian bada garaia itzal horri argia emateko. Lehenik eta behin, Historia zer gertakarik osatzen duten birplanteatu beharko genuke. Gizonak argi eta garbi protagonista izan diren alderdi historikoak baino ez genituzke aztertu behar? Salbuespenak salbuespen, eremu publikoan emakumeak aurkitzea zailagoa eginen zaigu, are gehiago boterea bere eskuetan zuten emakumeak. Baina gaur egun mugimendu feministatik zaintzari arreta handiagoa jartzen ari zaion bezala eta bizitza erdigunean jartzeaz hitz egiten dugun bezala, ez al genuke gauza bera egin behar atzera begiratzean? Historiagile bezala, funtsezkoa da emakumeak protagonista ziren eremuetan arreta jartzea.

Jakina, emakumeen iraganari buruzko ikerketa historikoa beti suertatzen da zailagoa: gizonaren ahotsa hegemonikoa den tokian, nire kasuan Nafarroako Artxibo Nagusian ikertu ditudan prozesu judizialetan, adibidez, koilaratxoarekinbilatu behar da gure arbasoen ikuspegia. Eta, gainera, iturriek, oro har, modu ezkor batean hitz egiten dute beti emakumearen inguruan. Beraz, guri dagokigu emakumeen inguruan nagusi ziren diskurtso judizializatzaileak deseraikitzea. Tratatuen, konfesoreen eskuliburuen eta zigor legediaren bidez, gure arbasoek nola jokatu behar zuten ikusten dugu. Baina, iturri horietan bertan, eurentzat eraikitako idealaren arabera bizitzeari uko egin zioten guztien ahotsa ere aurkitzen dugu.

Martxoaren 8aren ondorengo egunetan, eta ikerketa historikoa genero ikuspegiarekin egitearen aldeko apustua egin duten beste historialari batzuen bultzadak animatuta, uste dut badela garaia gure iraganaren inguruan kontakizun feminista bat eraikitzeko, herri honetako emakumeon rolak historiaren bilakaeran duen garrantziaz jabetzen lagunduko diguna. Zapalduen historia, idealarekin bat egin zutenen historia, kontra egin nahi izan zutenena ere bai; gure euskal emakumeen maiuskulaz idatziko den Historia.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.