Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Lo hartu ezinik

2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Kanpotik ikusita, eskolako patioak ume guztiak berdindu egiten dituela pentsatu liteke. Ikastetxe handi bat dut eguneroko lanerako ibilbidearen erdian, eta maiz suertatzen naiz inguru horietan txirrinak jotzen duen orduan, ikuskizunaz gozatzeko une aproposean. Urtegiko urari eusten dioten uhateak bat-batean zartatu izan balira bezalakoxea izaten da une hori: arrapaladan ateratzen dira, irribarretsu batzuk, algara batean gehienak; taldeka edo bakarka, eta beti gose: jolas-gose, bizi-gose, otarteko-gose. Nola izan liteke, bestela? Pentsamendu hau lasaitu egiten nauen zerbait da, gauzak dagokien tokian daudela adierazten duelako.

Zer da poza, bizi-poza baino berezkoagorik haurtzaroan?

Aspalditik ezagutzen dut Miren, ongi ezagutu ere. Mirenek lo egiteko zailtasunak izan ditu txikitatik eta ohitura kontua dela esan izan dit beti, sarri azaldu baita gaia gure artean; lauzpabost ordu lo eginda ere ederki bizi daitekeela erantzun ohi du, irribarre txikia eginez. Bere lagun guztiok dakigu, bere bikoteak badaki, eta baita bere seme-alabek ere. Ez du sekula ezkutatu, zergatik egingo zuen, bada? Haren ondoan noizbait suertatu diren ia guztiek dute Mirenen berezitasun horren berri, baina noiztik eta zergatik, zerk eraginda den ez daki inork.

Inork ez daki aita gelara sartzen zelako ematen zituela gauak esna gure lagunak (ustez bikote-harreman sanoa duen emakume hark, seme-alabei giza duintasunean hazten ahalegintzen ari den ama horrek). Mirenek ez dio inori kontatu beren aita bere ohean etzan egingo zelako ikasi zuela begirik bildu gabe bizitzen, bizitzari eusten. Ez dio inori aitortu hasieran, 8 edo 9 urte zituela, losintxa hutsak zirelakoan gustura sentitu zela, gustagarri eta lasaigarri gertatzen zitzaiola aitak berak aukeratzea, eta bere xaloan gaueko ukitu horiek zerbait naturala zirela uste izan zuela. Eta hori guztia isilean gorde izan badu hainbeste urtez, nola azalduko du orain aitaren gehiegikeriaz ohartu zenerako ez zela gauza izan deus ere kontatzeko? Saiatu izan zen aldietan ez zuela hitzik aurkitu, ezta hitz horiek jasoko zituenik ere. Zer esango zuen? Galdera horiek behin eta berriro egiten dizkio bere buruari Mirenek, etengabe, eta gauero-gauero berritzen du une horietakoren bat, zeinetan aitaren esku zikinek bera zen haurraren larrua korritzen duten berriro. Eta loak ihes egiten dio, eta zoriontsu sentitzen da goizean muxu emanez bere seme-alabak esnatzen dituenean.

Haurrek, berez, zoriontsu eta jostalari izan behar dutela uste izaten dugu, zer gerta ere. Beharbada, horregatik ez ikusiarena egiten dugu begitazio hori apurtzen duten seinaleen aurrean. Bestaldera begiratzen dugu, eta ulergaitz egiten zaigula esaten dugu kasuren baten berri iristen zaigunean, egiazki ulertzeak min sakonegia eragingo ligukeelako.

Jauzi handia dago ikusten dugunetik egiazki gertatzen denera. Haurren kontrako gehiegikeria oro, eta sexu-abusuak bereziki, umearen inguruan bertan gertatzen dira. Hamar haurretatik bik pairatzen dutela diote datuek, eta gaineratzen dute argitara ateratzen diren kasuak oso bakanak direla, beraz, askoz gehiago izan daitezkeela, hamaika etxetan bizi den dramaren berri hitsa baino ez direla iristen zaizkigunak. Horrelakoren bat gertu izango bagenu ohartu egingo ginatekeela uste izaten dugu, baina datuek diote kontrakoa dela usuena, oso zaila dela antzematea. Edozein herritako edozein eskolatako edozein patiotan, oraintxe bertan, Miren izan litekeen neska edo mutil bat dago gauean lo egiten ez duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.