Oinutsik daudenak gogoan ditu

Pobreziak eta indarkeriak zipriztindutako umezaroa bizi izan zuen Richarlison de Andradek. Hori guztia ahaztu gabe, distira egiten ari da orain Brasilen, bederatzidun elastikoarekin.

Richarlison de Andrade Brasilgo aurrelaria, Serbiari sartutako bi goletako bat ospatzen. ANTONIO LACERDA / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Jair Bolsonaroren jarraitzailea da Neymar Junior. Brasilgo selekzioaren izar nagusiak sutsuki babestu zuen haren hautagaitza aurten herrialdean egin ziren hauteskundeetan. Kanpainan, zin egin zuen Bolsonarori eskainiko ziola bere lehen gola Munduko Kopan. Bada, kukuak oker jo die biei ere: Luiz Inacio da Silva Lula-k irabazi zituen bozak, eta Neymarrek min hartu zuen txapelketako lehen partidan. Serbiaren aurka, Richarlison de Andrade (Nova Venecia, Brasil, 1997) izan zen Canharinaren heroia. Ametsetako debuta izan zuen Munduko Kopan, harenak izan baitziren neurketako bi golak. Bigarrenak munduari bira eman zion: arean baloia altxatu, eta erremate akrobatiko batez sareratu zuen.

Brasildar guztiak aho bete hortz utzi zituen Richarlisonen artelanak, baina ezkerreko ideologia dutenak poztu ziren gehienbat. Izan ere, gizarte gaietan engaiatua da Tottenhameko aurrelaria. LGTBI kolektiboaren alde eta arrazismoaren aurka agertu zen Munduko Koparen atarian: «Bi borroka horiek babesten ditut». Ez da halako adierazpenak egiten dituen lehen aldia. Antzeko hausnarketa egin zuen duela bi urte: «Ezin gaitezke bizi jendea duela ehun urte bizi zen bezala. Pertsona guztiei zor zaie errespetua eta berdintasuna».

Polizia indarkeria eta ingurumenaren suntsiketa ere kritikatu izan ditu. Halaber, ezinegona erakutsi du Bolsonarok Brasilen elastikoa bere alderdiaren ikur gisa erabili izanagatik. «Gure nortasuna galtzen dugu selekzioaren jantzia ikur politiko bezala erabiltzen bada». Arrazoi horrengatik, zale ezkertiar askok armairuan gorde dute kamiseta horia. Ordea, gauzak bestelakoak dira Richarlisonek jantzi horrekin distira egiten duenean. «Harro nago berriz ere selekzioaren elastiko hori eta berdea janzteaz», esan zuen Lulak sare sozialetan, aurrelariak Serbiaren aurka emaniko erakustaldiaren ondoren.

Bestelako talkarik ere izan du Richarlisonek Bolsonarorekin. Pandemia garaian, ez zuen begi onez ikusi presidentearen jarrera negazionista. Txertaketaren garrantzia aldarrikatu zuen futbolariak, eta diru bilketa egin koronabirusa ikertzeko. Manaos hiriko osasun sistema kolapsatu zenean, berriz, oxigeno botilak erosi zituen ospitaleentzat. Hori gutxi ez, eta Nova Veneciako bere auzokide ohiei egunero elikagaiez betetako bostehun saski eman zizkien osasun krisiaren gordinenean.

Richarlisonek ondo gogoan du nondik datorren. Atsekabetu egiten du pobreziak. «Umeek egunero izan beharko lukete bermatuta janaria eta esne edalontzi bat». Miseria gorrian hazi zen bera, favela gune batean. Indarkeria eta narkotrafikoa eguneroko ogia ziren han. Kartzelan bukatu zuten Richarlisonen lagun zenbaitek. Baloia izan zen haren salbazio taula. Bat ez, hamar erosi zizkion aitak, futbolari izateko ametsa bete zezan. Hori bai, oinutsik jokatu beharra zuen. Sandaliak erabiltzen zituzten zutoin bezala. Futbolak oraindik ez zion jatekorik ematen, eta, besteak beste, izozkiak saltzen eta autoak garbitzen aritu behar izan zuen, etxekoei nola edo hala laguntzeko.

Baloi bati esker dago bizirik, eta ez da gehiegi esatea. Behin, droga saltzaile batek pistolaz destatu zuen, etsai bat zelakoan. Richarlisonek eskuan zeraman baloia erakutsi zion, eta azaldu etxerantz zihoala, futbol eskolatik bueltan. Izkin egin zion heriotzari, aurkariei egiten dien bezala.

Idoloaren arrastoan

Gurasoen dibortzioak ere markatu egin zuen. Zazpi urte zituela banandu ziren. Aitarekin joatea deliberatu zuen. Depresioak jota zegoen hura, eta diruz larri zebilen. Azkenean, Richarlison Audiceia izebaren etxera joan zen bizitzera. Itoginez betetako barrakoi batean bizi izan zen, bost lehengusuekin batera. Gogor egin zion izebak, ikasten jarrai zezan. Alabaina, hark futbola besterik ez zuen buruan. Talde askotan egin zuen proba, baina alferrik. Amore ematear izan zen. Azken aukera bezala, 600 kilometroko bidaia egin zuen America Mineiroko teknikariak konbentzitzen saiatzeko. Joaneko txartela erosi zuen bakarrik. Ez zuen dirurik itzulikoa erosteko. Kale edo bale.

Bada, ez zen etxera itzuli, futbolean bidea egiten hasi zelako. Jada ez zegoen hanka hutsik. Fluminensen Europako taldeen arreta bereganatu zuen, eta Ingalaterrako Watfordek eman zion ozeanoz bestalde aritzeko aukera. Gero Evertonek fitxatu zuen, 45 milioi euroren truke, eta aurtengo udaran Tottenhamek ia 70 milioi euro ordaindu zituen brasildarrarengatik. Umetan Ronaldo Nazario izan zuen idolo, eta hark selekzioan aspaldi utzitako hutsunea betetzeko erronka du.

Zelaitik at, hautsak harrotu zituen Munduko Koparen aurretik, erretiratu osterako duen planaz galdetua izan, eta adierazpen matxista hau egin zuenean: «Uharte bat erosiko dut, eta emakume ugarirekin egongo naiz han, Ronaldinhoren argazki hartan bezala». Polemika pizteaz gain, oso albiste txarra jaso du berriki: izebari minbizia atzeman diote. Soldataren %10 gaitz horren kontrako borrokarako ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.