KRITIKA. Antzerkia

Justizia poetikoa

Los santos inocentes antzezlana. MARCOSGPUNTO.
Agus Perez.
2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun

'Los santos inocentes'

Egilea: Miguel Delibes. Moldaketa: Fernando Marias, Javier Hernandez-Simon. Zuzendaritza: Javier Hernandez-Simon. Eszenografia: Ricardo S. Cuadra. Jantziak: Elda Noriega. Argiak: Juan Gomez-Cornejo, Ion Anibal. Musika eta soinu-espazioa: Alvaro Renedo. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilak 15.

Mario Camus zinemagilearen Los santos inocentes filmak (1984) inpaktu handia eragin zuen ikusle askorengan, estreinako aldiz geratu zelako agerian eta pantaila handian hirugarren frankismoan bizirik zirauen landa eremuko amildegi soziala. Trantsizioa deitu zioten etapa hari —ze izen kurtsia, bide batez esanda, frankismoaren erretorika bezainbestekoa—, eta nik uste dut lur-jabeen manera tiranikoek eta haien menpeko esplotazio mediebalistak berdin antzera jarraitzen dutela gaur egun ere, enegarren frankismoaren aroan.

Jende gutxiagok daki, ordea, Miguel Delibes idazle espainiarraren eleberri batean oinarritu zela film famatua. Idazlearen biografiak ere badu bitxitasunik, gaztetan frankisten alde boluntario borrokatu ostean, denbora garrenean arazo franko izan zituelako zentsurarekin —bere maila intelektual ukaezinak eskatzen zion bezala— eta, bereziki, Fraga Iribarne ministroarekin, gerora demokratatzar bihurtu zena egun batetik bestera.

Beraz, ez da harritzekoa egunotan Arriaga antzokian eszenan egon denak ikusle andana erakarri izana, beharbada film haren gogorapena biziberritzeagatik eta beharbada ikustearren nor irtengo zen garaile zinemaren eta antzerkiaren arteko norgehiagokan: filma garaile, ez dudarik egin. Azken finean, orduko hartan Paco Rabalek eta Alfredo Landak jokatu zituzten Azarias atzeratuaren eta Paco otsein umiliatuaren rolak —Cannesko jaialdian gizonezkoen interpretazio saria irabazi zuten ex aequo—, eta uste izatekoa da Juan Diego komunista militantearentzat ere plazer handia izan zela jauntxo despotaren rola maisuki interpretatzea.

Hala ere, antzerkiak nahiko ondo jokatu ditu bere kartak, eta lehen tantoa jatorrizko kontakizunaren berrantolaketan irabazi da —egia esan, eleberriak ere zenbait aldaketa izan zituen filmeko lau gidoilarien esku—, baina arlo eszenikoei begira, argiztapen hitsa eta eremu eszeniko aldaezina aukeratu dute, hautu horiek ekarri dituzten eragozpenak kontuan hartu barik. Egia da agertokia presiditu duen giro nekazariko eskulturak iradokitze ahalmena eta balio artistikoa eduki dituela, baina gero ez da praktikoa izan eszenek eskatutako egoerei eusteko, eta kaltegarri suertatu da ehiza eszenak eta lur-jabeen etxea irudikatzerakoan, atzeko ate zentralaren erabilera gorabehera.

Gauzak horrela, antzezleen esku geratu da emanaldia portu onera eramateko ardura ia osoa, eta joko horretan bikain jardun dute Javier Gutierrezek (Paco el Bajo), Pepa Pedrochek (Regula), Jacobo Dicentak (Ivan señoritoa) eta, nola ez, Luis Bermejok (Azarias), azkenean jauntxoarekin justizia poetikoa egiten duena, «Miru polita, miru polita!» intzirika zioen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.