Lur Uribarren

Mendian patroi, itsasoan gidari

Traineruak gobernatuz olatuen artean, eta mendi handiak eskalatuz: horrela bizi da Lur Uribarren patroi eta laster mendi gidari ere izango den alpinista. Himalaian egon berri da Alex Txikonekin, eta, orain, Kaikuren 'Bizkaitarra' traineruaren txopan jarri da, udako denboraldia prestatzeko.

LUR URIBARREN.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Lur Uribarrenek (Elantxobe, Bizkaia, 1987) olatuak ditu lagunudan —etsai ere bai batzuetan—, eta hotza, elurra, izotza eta haizea dauzka bidaide neguan. Bai, behintzat, azkeneko bi neguetan, Himalaiaren gordintasuna ezagutzeko aukera izan baitu. Ezaguna da arraun munduan, patroitza lanean ibiltzen delako: Urdaibain, Portugaleten, Zierbenan, Deustun, eta Kaikun aurten. Mendian orain ari da ezagun egiten, azkeneko bi neguetan Alex Txikonen espedizioetako kide izan delako.

Arraunean zebilela hasi zen mendian irteera handiak egiten. «Gotzon Unanue Urdaibaiko arraunlari eta taldekidearekin batera ekin nion Pirinioetara joateari. Gero, Alpeetara ere jauzia egin genuen. Hiru urtez segidan joan ginen hara, gauza handiak egitera». Halako batean, Unanuek esan omen zion ona zela mendian, eta segitzeko. Eta baita segitu ere. Iaz, Amadablanera igo zen (6.812 metro), Nepalen. Everestera jo zuen gero Txikonekin, baina gailurrera igo gabe, eta aurten, Manaslun, 6.100 metroak harrapatu ditu. Ez da gorago joan ezin zuelako, beste zeregin bat zuelako handik urrun: «Mendi gidari izateko ikastaroa egiten ari naiz, eta herenegun zortzi klasea nuen. Etorri beharrean nintzen».

Patroiak sorbaldan eraman ohi du bere arrauna. Mendizaleak, motxila. Eta bi irudiek ematen dute aditzera ardura eta erantzukizuna daramatela soinean. «Patroitzan, hamahiru arraunlari eta neu joaten gara traineruan, etaarraunlariak ondo eramatea da nire lana, haien onena ateratzea. Mendian, espediziokideen eta nire segurtasuna zaindu behar izaten ditut, besteek egiten duten bezala». Itsasoan eta mendian, naturaren erresuman erabat murgilduta ibiltzea ere badute antzeko bi jarduerek: «Bi lekuetan ibiltzen gara haien lurretan. Mendian, mendia da agintari, eta itsasoan, itsasoa». Azken batean, gizakiak egokitu egin behar duela itsasoaren eta mendiaren baldintzetara. Eta egokitzeko zubietako bat eguraldia izaten da. Ezinbestean gurutzatu behar, eta tentuz, gainera. Kontuan hartu ezean naturaren baldintza hori, arraunean porrota segurua da, eta mendian, ezbehar larriak edo heriotza kasu askotan.

Testuinguru berdintsuak izan arren itsasoak eta mendiak natura direlako, badituzte ezberdintasunak, jakina. Uribarrenen begietatik ikusita, «gogorragoa» da Himalaiako neguko hotza, neguan hotzez uretan entrenatzea baino: «Trainerutik atera, eta bertan duzu motordun ontzia edota arraun elkartearen egoitza, berotan sartzeko. Himalaian, ez dago ezer». Beste talaia batetik begiratuta ere badauzka ezberdintasunak mendiak itsasoaren aldean; barru-barruko azalpena du hau: «Arrauna lehia da niretzat, kirol baten bitartez tentsioak askatzeko bide bat. Aldiz, mendia bizitzako zerbait da, lagunekin egiten dudana».

Bi jardueretan, adi ibili behar gora begira: olatuei, haizeari eta itsaslasterrei itsasoan; haizeari, eguzkiari, lainoei, hotzari eta elurrari mendian. Azken horren kasuan, bereizi egin ditu udako eta neguko ibilerak: «Neguan 24 orduz egon behar da eguraldi iragarpenari begira, eta arropa ahalik eta gutxien busti behar da, hotzagatik». Itsasoan, ezinbestean busti behar, zipriztinak askotan jotzen baitute arraunlariengana eta patroiarengana. Itsaso berdea badago, zer esanik ez. Eta horren berri ere jakin egin behar, iragarpenei begiratuz, eta, ondoren, olatuak, haizea eta itsaslasterrak irakurriz. Horretan lagungarri ei zaio mendiko lana: «Itsasoa irakurtzeko lagun ona dut mendian eguraldiaz ikasitakoa».

Mendian ez du Kontxarik

Mendirako eta itsasorako, bietan behar da sasoiko egotea. Batean egiten duena bestean erabiltzeko modua dauka Uribarrenek, baina ezberdinak direla kontatu du: «Prestakuntzak elkarbanatu egiten ditut. Mendian oso indartsu sentitzen naiz. Altuera handian ibili gara orain Himalaian, eta bizkarrean pisu handia hartuta. Baina arraunerako pisua jaitsi behar dut, eta, ondorioz, indarra galduko dut. Gauza bakoitzak bere lana eskatzen du». Himalaian aste batzuk pasatu ondoren, bapo jateko gogoa ekarri du handik, baina ezin erabat ase, arraunagatik: «Aberia handi samarra da etxera etorri eta nahi dudana jan ezin izatea, baina martxoan gaude, eta zaindu egin behar dut pisua».

Egingo du hori, beragatik, taldekideengatik eta mendiagatik arrauneko prestakuntzaren zati bat albo batera uzteko aukera eman dion klubarengatik: «Iaz Deusturi eta aurten Kaikuri baldintza bera jarri diet. Mendira nindoala neguan, eta ezin izango nintzela entrenatu taldearekin. Onartu egin zidaten iaz, baita aurten ere, eta hemendik aurrera traineruan murgilduko naiz». Mendiko erronka handi batekin uztartuz: «Gidari ikastaroko klase batzuk falta zaizkit, eta martxoko pare bat asteburutan ezingo naiz traineruan ibili».

Eskarmentua du uretan. Baita garaipen preziatuena ere: Kontxako Bandera. Xehetasunik baduen arren 2010eko poz horrek: «Taldean nengoen, baina ez nintzen lehiatu». Aurten, KAE 1 ligan ariko da Kaikurekin, eta ikusiko ditu mendiak Bizkaitarra trainerutik. Ametsik ez zaio burura azalduko, baina: «Mendian Kontxa irabaztea ahalik eta mendi gehienetara igotzea da. Gozatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.