Herriak hauspotutako gailurra

Euskal Herriko mendigoizaletasunaren hastapenak eta protagonistak jaso dituzte Ramon Olasagastik eta Cesar Llagunok 'Everest, 1980ko euskal espedizioa: herri oso bat gailurrean' komikian, frankismoaren azkenetan eta ondorengo urteetan eragin zuten ilusioa ondorengoei helarazi nahian.

Tximist espedizioa: Felipe Uriarte eta Angel Vallejo Rosen, ezin iritsi. AURKENE / BESTEAK.
Maialen Unanue Irureta.
Zarautz
2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Everest, 1980ko maiatzaren 14a: Martin Zabaleta eta Pasang Temba munduko gailurrera heldu ziren eguna. Ez zen izan euskal mendigoizaleek jotako lehen gailurra, baina bai bereziena, mugarri bat ezarri baitzuen. Ordura arte, 38 mendizalek baino ez zuten lortu munduko gailurrera iristea. Euskal Herrian, asko zeuden gailur haren esperoan: Tximist espedizioak bertan behera utzi behar izan zuen igoera, gailurretik metro gutxira, 1974an. Sei urte geroago iritsi zen lorpena: jarri zuten ikurrina munduko mendirik altuenean, 8.848 metroan, baina, nolabait, askoren begietara, 1974an hasi zen igoera, eta 1980an amaitu. Halaxe kontatu du Ramon Olasagasti kazetari eta idazleak.

Everest, 1980ko euskal espedizioa: herri oso bat gailurrean komiki liburua egin du Olasagastik Cesar Llaguno marrazkilariarekin batera (Sua argitaletxea); horrez gain, erakusketa bat jarri dute Bilboko Euskal Museoan: urtarrilaren 31ra arte egongo da ikusgai. Izenburuan 1980ko espedizioa aipatu arren, hori baino lehen Euskal Herriko mendigoizaleek egindako ekinaldiak ere jaso dituzte. «Hasieran, gure asmoa ez zen Everesteko espedizio hau jasotzea, baizik eta euskal mendizaletasunaren pasarte edo mugarri batzuei buruzko komiki bat egitea», azaldu du Olasagastik.

Lanean hasi, eta 1980koak hartu zuen pisu handiena, baina keinu bat egin nahi izan diete aurreko ekinaldiei ere. Batetik, 1967an Peruko Andeetara iritsi zirenei, eta, bestetik, 1974an ahalegina bertan behera utzi behar izan zuten Tximist espedizioko kideei. Ezin baitira ahalegin bakartutzat hartu: hirurak lotuta daude. Lehenengoan parte hartu zuten batzuek parte hartu zuten bigarrengoan; eta bigarrengoan parte hartutako zenbaitek parte hartu zuten hirugarrengoan. Alegia, eskarmentuaren haria ez zela eten.

Baina ez da hori lotzen dituen elementu bakarra: Olasagastik gogoratu duenez, «garai politiko eta sozial jakin batetik zetozen». Ikurrina debekatuta egon zen frankismoaren garaietako belaunaldia izan zen 1967koa; Andeetatik bueltan, «gau bat edo bi» pasatu zituzten espetxean, tontor haietan ikurrina jartzeagatik. 1974an, Franco hil gabea zen artean, eta sekulako komeriak izan zituzten Everestera joateko baimena lortzeko.

Eta hori bezain garrantzitsua zen baliabide ekonomikoak lortzea. Juanito Zelaia enpresari oñatiarraren bultzadari esker, Gasteizko Cegasa pila etxeak babestu zuen 1974ko espedizioa, eta konpainiaren pila ezagunenaren izena hartu zuen: Tximist. Gutxigatik, baina ez zuten helburua lortu: Angel Vallejo Rosenek eta Felipe Uriartek bertan behera utzi behar izan zuten igoera, gailurra oso gertu zutela, haizeak oso gogor jotzen zuelako. Maiatzak 13 zituen.



Horregatik guztiagatik, 1980rako, sinbolo bihurtua zen Everest. «Euskal Herria, herri txiki bat izanik, munduko tontorrera iritsi zen: 'Begira non gauden, noraino iritsi garen'; sekulako emozioa, zirrara sortu zuen: ez zen kirol lorpen bat soilik izan: ia-ia lorpen sozial edo politikoa ere izan zen». Ez zen oztopo gutxiko igoera izan hura ere: hiru taldetan igotzen saiatu ziren. Lehen biek huts eginda, gailurra jotzeko aukerak zapuztear zirela, walkie-talkietik iritsi zitzaien mezua: Martin Zabaletak eta Pasang Tembak gailurrera iristea lortu zuten. 1980ko maiatzak 14 zituen: 1974ko saialditik sei urte eta egun batera jarri zuten euskaldunek ikurrina Everesten.

Transmisioa helburu

«Jende gehienak, bi espediziotzat eduki beharrean, bi kapitulutan egindako espedizio bakartzat dauka: 1974koa entzutetsua izan zen, aurreneko urratsa izan zelako: segur aski, 1980koa ez zen posible izango 1974koa gabe», ebatzi du Olasagastik. Gailur hark poz kolektiboa eragin zuen, baina, urteek aurrera egin ahala, euforia olatu haren oihartzunak apaltzen ari direla sumatu du Olasagastik. Mendi Film Festivaleko zuzendari Jabi Baraiazarrak Cesar Llaguno marrazkilariarekin eta biekin hitz egin, eta hilabete gutxiren buruan argitaratu dute komikia: hortxe hariari eusteko bultzada.

1980ko espediziokide batzuekin hitz egin dute, baina oroitzapen «lausotuak» dituzte, Olasagastiren esanetan. «Iturri edo oinarri sendoagoa izan dira bere garaian idatzita utzitakoak edo egunkarietako artikuluak: Felipe Uriartek badu liburu eder bat, Euskaldunak Everesten, beroan idatzitakoa da, eta detaileak askoz argiago daude jasota hor».

Igoera haiei buruzko nondik-norakoak hainbat lekutan jasota daude, baina ez da hain erraza komikira eramatea, inoiz ezagutu gabeko leku bat marraztea. «Argazkiekin lan egin dut: espero dut marrazkiek ondo islatzea benetako lekuak», azaldu du Llagunok. Hala egin du, esaterako, Hillary pasabidea: «Interneten topatutako irudiak erabili ditut, baina, tira, errore marjina badago». Bestelako lizentziak hartzeko aprobetxatu dute, gainera: «Argazkietan ez dauden gauzak irudika ditzakegu».



Buruhauste gehien eman ziena, dena den, liburuaren titulua nola marraztu izan zen. «'Herri oso bat gailurrean' irudikatu nahi genuen, buelta asko eman genizkion, eta konturatu ginen behar genuen hori aspaldi egina zuela Jon Zabaletak Pyrenaica aldizkarirako», nabarmendu du Llagunok. Anaia Martin gailurrera iritsi baino bizpahiru egun lehenago iritsi zen Jon beheko kanpalekura, Olasagastik gogoratu duenez: marrazkilariaren baimenarekin, bilatzen zuten hori islatu dute batetik, eta Jon Zabaletari ere keinu bat egin diote, kazetariaren esanetan.

Komiki formatuak, aldi berean, fokua nahi izan duten horretan jartzeko bidea eman die. Batetik, 1980ko espedizioko irudi ezagunenetako bat beste ikuspuntu batetik erakusteko. Pasang Temba Everesteko gailurrean ikurrinari helduta ageri da: Martin Zabaletak egin zion, baina, noski, ez da argazkian ageri; Llagunok momentu hura marraztu du, Zabaletaren bizkarrean jarrita. Bestetik, jada bizirik ez daudenei ere keinu bat egin nahi izan diete. «Fernando Larruquertek bere bineta dauka, Xabier Erro oso protagonista da, Emilio Hernandezek eta Joxe Urbieta Takolo-k ere badute bana...», azaldu du Olasagastik.

Molde berriak

Mugak ere izan dituzte, ordea: orrialde kopurua, esaterako. «Komikian, zoritxarrez, ezin izan ditugu pertsona guztiak atera; 1974ko espedizioa ere, agian, guk nahiko genukeena baino gutxixeago jorratu ahal izan dugu». Horregatik, kronologia bat gehitu diote amaieran, datuak osatzeko; inork datuei erreparatu nahiko balie, nora jo izateko.

1980ko espedizio hark beste mugarri bat ere ezarri zuen, Olasagastiren ustez. Igoera hartan mendizale eskarmentudunak zeuden, baina baita hurrengo belaunaldiko kideak ere: «Martin Zabaleta, Xabier Erro, Emilio Hernando, Kike de Pablo... Gaztexeagoak ziren 1974koen aldean». Belaunaldi berriek espedizioak egiteko modu berria ekarri zuten, Olasagastiren esanetan: «Garai hartan, espedizioak astunak ziren, tona asko eramaten zituzten, hierarkia bat ere bazegoen... Mendia goitik behera prestatzen zuten igo aurretik, eta 1980koan jada beste joera batzuen aldekoak ere baziren: estilo arinagoaren alde zeuden, igoera azkarragoak eta talde txikiagotan egitearen aldekoak...».



Kazetariak nabarmendu duenez, aldaketa horren adibide dira handik aurrera egindako espedizioak: «Martin Zabaletak Kangchenjungara egindakoa, nafarrek K2ra egin zutena 1986an, edo beste hainbat». Aldaketa hori ere islatu nahi izan dute, komikiaren amaieran: «Azken binetetako bat horri buruzkoa da: garai baten bukaera eta beste baten hasiera marraztu zuen Everestek».

Olasagastirentzat eta Llagunorentzat «gozoki bat» izan da komiki liburua egitea, batak zein besteak maite baitute mendia; afizio hori lan aukera bihurtu zaie, eta oso eskertuta daude Jabi Baraiazarrarekin eta Sua argitaletxearekin: «Lan oso-oso polita da: xumea da, baina opari bat izan da guretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.