Ana Etaio

Atezaina, bakardadean gozatzen

Munduko onenen artean dago Etaio. 17 urterekin etxetik ametsak betetzera jauzi egin zuen atezainak, eta Espainiako liga eta Europako Kopa ditu irabaziak. Amets hori babesten ari da, partida guztietan atea gordetzen duen bezala.

ANA ETAIO.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Mendillorriko parkean ibiltzen zen jolasean haur txiki bat, baloiarekin. Bat gehiago, beste askoren artean. Anaiarekin dinbi eta danba. Aita ere ez zuten aparte, ezta ibiltarien begiradak ere, ziurrenik. Aurreko mende bukaeran, ohikoa zuten Etaiotarrek horrela ibiltzea. Ez zen haien eta haiei begira pasatzen zirenen buruetan egongo handik pare bat hamarkadara haur txiki hura areto futboleko munduko atezain onenetako bat izendatuko zutenik. Baina horrela gertatzen dira gauzak. Anonimotasun ia erabatekoan jolas egitetik elitean jokatzera igaro den haurretako bat da Ana Etaio (Iruñea, 1995). Parkeko bakardade anonimo moduko batetik atezainen bakardade publikora, orain zalerik ez badute ere harmailetan, pandemiaren eraginez.

Atezainek hegan egiten dutela esaten da. Jauzi eta brinko. Baloia sarera ez sartzeko edozer gauza. Etaio ere hegan ari da, atepean ez ezik, bere ibilbidean. Azkar hasi zen gorantz, azkarrago egin zuen gorago, eta ez du oraindik goi-goia ukitu nahi. Haren zeruak ez duelako goirik. Txikitatik hasi zen zeru horretara begira, berak asko uste ez zuela. Parkean lehendabizi, Iñaki anaiaren futboleko partidetan gero, aitarekin ikustera joan, eta haren jaurtiketak geratzen bukatzen zuenean. Ez izan geldirik egotekoa, eta probatu zituen hainbat kirol: atletismoa, waterpoloa...

Harik eta Orvina Kirol Taldeak emakumezkoen areto futboleko taldea ateratzea erabaki zuen arte: «12 urte nituen, eta han joan nintzen. Hasieran, zati bat jokatzen nuen, eta bestea ez». Ikusi zizkioten aparteko dohainak haur hari, eta lan berezia egiten hasi ziren: «Gure entrenatzaileak esan zidan lehen taldeko atezainek ez zutela luzaro jarraituko, eta ordezkoa behar zutela. Izugarri eskertu nuen hainbesteko konfiantza edukitzea nigan». Zer da, bada, atezain bat horrelako babesik gabe? Zelaiaren zabalean naufrago bat uhal solte galdu bati helduta. Beste konfiantza oldea geroago jaso zuen: «Kadetea nintzen, 15 urte neuzkan, eta lehen taldeko entrenatzaileak eskatu zidan haiekin entrenatzeko egun batean, geratzeko etxera joan gabe». Hasierako erantzunean, erreparoa: «Gurasoak datozkit bila orain», esan nion. Kontua da moldatu zirela egun hartan lehen taldearekin entrenatzeko, eta hegan hasi zen Etaio. Lehen taldearekin 16 urterekin hasi zen, oso gutxi jokatzen bazuen ere: «Galiziako puntaraino joan autobusean, eta minutu alerik ez nuen jokatu. Horrela bidaia bat bestearen atzetik. Gutxienez, eskolako apunteak eramaten nituen, eta ikasteko aukera ona ziren autobuseko ordu haiek guztiak». Baita gogor entrenatzeko akuilua ere: «Ikasgai onak atera nituen, eta lan psikologikoa egiteko aukera ona da».

Etaioren hegaldiak matxura izan zuen handik hiru urtera: bakardadea. Baina ez atezainaren berezkoa. Beste bat, gordinagoa: «Bota egin gintuzten taldetik hainbat jokalari. Negar pila bat egin nuen, 17 urte nituen, eta batxilergoa bukatu berria». Patuak, ordea, aukera eman zion gorantz segitzeko, eta hegalak jarri zizkion patuari: «Orvinatik bota eta hurrengo egunean, Mostolestik [Espainia] deitu zidaten, hara joateko jokatzera. Ate bat itxi eta leiho handi bat zabaldu zitzaidan». Ez zuen asko pentsatu: joan egin zen. Ama utzi zuen negarrez, «oso gutxitan» negarrez ikusten zuen ama: «Hark bazekien alaba ez zihoala urtebeterako bakarrik. Bazekien zerbait. Zazpi urte igaro dira ordutik, eta ez naiz Iruñera itzuli, konfinamenduan izan ezik». Erabaki onena hartu zuela bazekien orduan, eta badaki orain: «Atezain izaten segitzeko oinarri ona jarri zidaten han».

Beste hiru denboraldi osatu eta gero, maletak egin zituen berriz. Zeruak ez du mugarik Etaiorentzat. «Ez pentsa, hala ere, zerbaiten atzetik hartutako erabakia izan zenik. Ia nahigabe sortu zelako. Pisukide nuen taldekide bati deitu zioten Murtziako Roldan [Espainia] taldetik. Adarra jotzen nion, ea non zegoen leku hori, ez zegoela ezer han. Gero, zer da eta ni fitxatu ninduten hura baino lehen». Kontuak kontu, Madril inguruan Iruñetik urrun zebilen atezaina urrunago joan zen. Eta ez zaio inoiz damutuko: «Inork ez daki zenbat ikasi nuen Roldanen». Ikasi futbolean, eta ikasi unibertsitatean, «ez baitago areto futbolean irabazten dugunarekin kirol hau utzi ondorengo bizimodua ateratzerik. Ikasi egin behar da». Lehen Hezkuntza ari da ikasten, eta Heziketa Fisikora bideratu nahi du ondoren.

Liga, Europako Kopa...

Murtzian, Etaioren palmaresa zerua ukitzen hasi zen: liga irabazi zuen lehen denboraldian, 2017-2018an, eta Europako Kopa hurrengo sasoian. Finala ez du ahaztuko: «Sekulako partida jokatu nuen, nahigabe ere geratzen nituen jaurtiketak, jo egiten zidan baloiak. San Fermin izan nuen alboan». Ondorio bat: Italiako eskaintzak, finalean aurkari izandako taldearena, Kick Off-ena, besteren artean. Beste bat: munduko atezain onena izendatzeko aukeratuen hartuan egotea. Zazpigarren hautatua izan zen azkenean. Eskaintzak ez zituen onartu: «Murtzian segitu nuen, ikasketengatik eta taldeko giro jatorragatik».

Han egin zuen aurreko denboraldian zatia, COVID-19a azaldu zen arte. Eta harekin batera, konfinamendua, Iruñera buelta, eta gero, erabaki gordin eta gozo bat, aldi berean: «Etxekoekin hainbeste hilabete egon eta gero, gehiegi ez urruntzeko hautua egin nuen, eta Zaragozak [Espainia] deitu zidan». Han da orain, eta han berrekin dio ligari, hainbat hilabete eta gero: sei puntu batu ditu taldeak bederatzitik. Espainiako selekzioarekin ere badabil, datorren urteko Europako Txapelketa prestatzen.

Eta guztiaren gainetik, atepean gozatzen. Baloikada handiak jasota ere, berriz ere hantxe. Zer da, bada, hori, bi hatz eta eskumuturra hautsiak zituela atepean jarri zen atezainarentzat? «Nora zoaz eskularrurik gabe?», esan zion amak hasieran. Zerua ukitzera hatz puntekin, «atezainok ohikoa izaten dugun buruko ukitu horrekin», atezainek bakarrik gozatzen dakiten bakardadean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.