Albistea entzun

Egiaz eta begiaz

Txirritarekin hizketan gaztelaniaz

1936ko urtarrilak 19, Bertsolari Eguna Donostian. Txirrita txapeldun. Apirilaren 4ko alean, Madrilgo 'Estampa' kultur aldizkarian da, 'Txapeldun euskaldunak' saileko hirugarren erreportajean. '150 kiloko poeta' dio lerroburuak. Jose R. Ramos kazetaria Txirritarekin da mintzo. Gaztelaniaz baldar hitz eginarazi dio euskaraz hilak ere piztuko lituzkeenari. Kazetariak idatzia da euskarara ekarria...
1936ko apirilaren 4ko <em>Estampa</em> aldizkariaren erreportajea: Txirrita protagonista.
1936ko apirilaren 4ko Estampa aldizkariaren erreportajea: Txirrita protagonista. Z / EZEZAGUNA Tamaina handiagoan ikusi

Miel A. Elustondo -

2021eko azaroak 24

Gipuzkoan den bertsolaririk famatuena gaur Txirrita da, Gaztelu-enea baserrikoa. Hirurogeita hamabost urte ditu eta ehun eta berrogeita hamar kilo humanitate. Poeta erromantiko izateko, behar baino arroa gehiago lituzke, baina dituen arroa horiek ez diote kalterik egiten baserriko poeta izateko, axolagabea eta burlosoa, sagardotegietako ezpata. Gipuzkoan den edozein sagardotegitan —eta nork zenbatu denak!—, emango dizute haren berri, Txirrita izena erabiliz gero. Ponteko izenez, aldiz, inork ez du ezagutzen, ezta bere etxean ere. Txirritak inoiz etxerik izan badu, alegia. Ez baitu izan. Hamabost urterekin, aitaren etxea itogarri zitzaion eta maisu kantarietatik ikastera joaten hasi zen, eta haiek upel artean jarduten zuten erakusten. Txirritak sagardo-upelen inguruan izan zituen beti akademiak, eta hitzaldi errimaturik onenak Hernanin edota Andoainen egin zituen, herri haietako feria-egunetan, tabernaren baten atarian beti.

Eta bateko urteak eta besteko kiloak, Txirrita ez da ibiltzeko gauza. Bertsolari gazteren batek erronka jotzen dionean, gurdiari idi parea jarri eta hantxe eraman ohi dute. Eta gurdia karrankan bideetan barrena, eta, gainean, Txirrita, zuku gozoz asea, euskal olinpoaren jainko nagusi balitz bezala, azido urikoa bentzututakoa.

Poetak

—Nor dira gehien maite dituzun poetak, Txirrita? —galdetu nion lehengoan, Donostiako bertsolari sariketan irabazle koroatu eta gero.

—Poetak, diozu? Eta zer dira, bada, dena delako poetak?

Esan diot poetak bertsolari famatuak direla, bertso liburuak egiten dituztela, eta Txirritak irribarre egin du:

—Ez zait iruditzen bertsolari onak izango direnik —esan dit zuzen idazten asmatuko ez nukeen ahuntz-erdaran—. Bertsoak kantatuz egiten dira. Errenteriako paper fabrikan ere ez legoke bizian kantatu ditudan bertso berriak idazteko behar bezainbat paper... Behin, arratsalde erromeria, Pello Errotak eta biok tabernako atean egin genuen topo. Jendea gu zirikatzen hasi zen, noski, etsai handiak ginela baitzekien. Pello bertsolari ona zen, inoiz onik izan bada. Ez zegoen inor gu zirikatzen ibili beharrik. Bata bestea ikustearekin batera hasten ginen gu elkar puskatzen. Orduko hartan neroni hasi nintzaion, jantzita zeraman alkandora bat aitzakia, eztenka. Laster eraso zidan berak, erronkoso, nire tripa zela eta ez zela. Noski, ez nintzen isildu, baina hura ere mutua ez izan! Pello Errotaren lagunak biba eta txaloka haren alde, eta nire alde neronenak. Tabernan, afaria atera ziguten. Jaten ari ginen bitartean ez ginen isildu, bertsoa batak eta bertsoa besteak. Trapu zaharra baino gehiago ez zela esan nion, eta errotariak ere ez zidan barkatu. Sagardoa parrastan zebilen, noski, eztarriak lan egin behar baitzuen. Ontzia beti betean genuen. Halaxe eman genuen gaua, hark amore ematen ez, eta nik ere asmorik ez. Halakoren batean, tabernariak hura itxi egin behar noizbait ere, eta jendea ere joaten hasi zen. Ordurako, jende gutxi genuen inguruan, eta hantxe egunsentian Andoaingo plazan Pello Errota eta biok... Esadazu orain zuk esan duzun poeta horiek lotsagaberiazko hainbeste bertso jartzen ote duten. Liburutzar handi-handi horretan ere, meza esateko latinetako horretan ere, ez dago guk jarri dugun hainbeste bertso.

—Eta, hortaz —galdera egin diot—, zeinek irabazi zuen, Pello Errotak ala zuk?

—Irabazi, irabazi... Biok ere zuzen bete genuen gure lana. Azkeneko txandan, Pellok esan zidan ondo zegoela, nahi beste sagardo izanez gero, lagunak libertitzeko kantuan ibiltzea, baina ordurako izarrak ere lotara joanak zirela. Errespuesta eman nion esanez ez nintzela gustura, eztarria lehor neukala. «Baina ez pentsa beldur naizenik», esan nion, «segitzeko pronto nauk ni. Izarrak joanagatik ere, kalean zebiltzak oiloak».

Jenialak bertsolariak

Bertsoak egiteko, idazten jakin beharrik ez du bertsolariak. Txirrita, Pello Errota, Zepai, Udarregi, Lexoti... poeta herritar zenbaiten izenak dira, jenialak bezainbat analfabetoak dira kasurik gehienetan. Bertsolariak. Ez dago idazten jakin beharrik bertsoak egiteko. Haien bertsoak, esaterako, ez dituzte inoiz antologietan bildu, inon ez dira idatziz ageri, baina jendeak buruz kantatuko dizkizu. Idatzi ez den liburu baten orrialdea duzu entzule bakoitza. Guztien artean, liburu osoa osatuko lukete. Alboko ohar eta guzti.

Kontatu digute, adibidez. Arratsalde batean, Txirrita, artean gazte zelarik, dantzan ibili zela Albaiterua baserrian. Beti karga pisu handikoa izan denez, irrist egin eta oinean min hartu zuen. Baserritik irten, eta ibiltzeko gauza ez Txirrita. Lagun batek ikusi omen zuen kaminoan, bertsolaria etxera bidean zihoala, herren handian eta minez:

—Zer dugu, Txirrita?

Bateko sagardoa eta besteko dantza, zorabiatuta Txirrita. Baina kantuan erantzun zion, hala ere:

Albaiteruen salan
demonio hartan
demoniozko estropozo
bat
egin nuen bertan
demonioak hemen
demonioak han
demonioak beti
gorputzaren bueltan
demonioak sasoi zeukaten
demonioetan.

Gaztelaniazko itzulpenak ezin eduki lezake jatorrizkoaren grazia. [Jose R. Ramosek itzulpena eskainio dio aldizkariaren irakurleari] Baina euskaraz, ikusi egin behar zer hitz-bihurrikeria egin duen! Eta bat-batean. Bertsolariaren ezaugarria bat-batekotasuna baita. Aldiz, familiari gutuna idazten hasi, eta nondik hasi ez luke asmatuko.

Oihaneko poetaren bizimodu noragabekoa

Bizimodu lasaia egin du beti Txirritak, batere ez da kezkatu. Poeta bizimodua, oihanekoa izanagatik ere.

Izena baserritik jasoa du, umetan gurasoekin bizi izandako etxetik. Anai-arrebetan zaharrena izanik, maiorazkoa eta etxea zegozkion, euskal ohiturazko eskubidearen arabera. Baina Txirritak sustrairik ez zuen. Baserriko lanak lurrari lotzen du jendea, eta Txirritak lanbide bat libreagoa nahi zuen. Hargin ikasi zuen.

Dirua zuenean, egunak ematen zituen etxera azaldu gabe. Eta lanera azaldu gabe ere bai. Behin, zortzi egun huts egin zituen, eta atzera lanera kaminoan zetorrela, jakinaren gainean jarri zuten lankideek:

—Hi, nagusiak esan dik etortzen haizenean lanetik botako hauela.

—Ez naik botako.

—Nola ezetz?

—Ez baitut lanera bueltatzeko asmorik.

Eta hantxe ondoko sagardotegira joan zen.

Handik pixka batera, harginek, lanetik, Txirrita kantuan aditu zuten, beste bertsolari alferrontzi batekin ari zela; beti baita horietakoren bat upelen arrimuan. Zer gertatzen zen ikusteko aitzakian, sagardotegira egin zuen harginetako batek. Itzultzen ez, ordea, eta bila joan zitzaion beste langile bat. Hura ere ez zen itzuli. Handik pixka batera, nagusia etorri zen. Harginik ez lanean...

Denak kaleratzerik ez baitzuen, Txirrita lanean hartu behar izan zuen atzera berriz ere.

Esau baino are eskuzabalago

Txirritak, Esauk bezala, oinordekotza saldu zuen. Baina modu dotoreagoan.

Euskal Herriko ohituretan, maiorazkoa, ezkontzean, gurasoen baserriko familiaburu egiten da, gurasoekiko eta anai-arreba gazteekiko zenbait obligazio jakin bereganatuta. Txirritaren baserrian, bera zen maiorazko. Baina ez zion garrantzirik eman. Denboraldiak egiten zituen etxetik kanpora, desagertuta, Nafarroako eta Frantzia aldeko herrietan kantari, jai eta erromerietan kantatzera joateko hots egiten baitzioten. Horietako batean, etxetik kanpora zebilela, anaia gaztea ezkondu zitzaion, eta gurasoen baserrian jarri zen bizitzen, emaztearekin batera. Txirrita itzuli zenean, arrotza atarira atera zitzaion. Berehalaxe ohartu zen Txirrita anaia gaztea hoska zetorkiola, eta, hark deus ere esan baino lehen, koplatxo baten bidez gozarazi zion enfasia. Okerrena da nik orain ez dudala kopla hura gogoratzen, nahiz Txirritak berak kontatu zidan orain dela egun gutxi. Baina seguru nago itzuliz gero halakoren bat izango zela: «Bazekiat ezkondu haizela eta etxera ekarri duala andrea. Ez natorrek hiri kontu eske. Ni sustrairik ez duen arlotea nauk. Hik lan egin, eta izan ume asko. Nekatuta etortzen naizenean, bazterren batean etzaten uzteko besterik ez diat eskatzen».

—Eta zu, Txirrita —galdera egin diot—, nolatan ez zara ezkondu? Inoiz ez duzu andregairik izan?

—Behin izandu nuen, bai, eta ordubete iraun zidan. Txomin-eneako erromerian izan zen. Pasioan genbiltzan, eta erroskilak erosi nizkion. Baten batek, ordea, erronka jo zidan, kantatzeko, eta hantxe utzi nuen andregaia pixka batean. Baina ez nintzen berehala etorri, eta soldadu batekin alde egin zidan andregaiak. Nik erositako erroskilak janez alde egiten ikusi nituen.

Garrantzi horixe ematen die bizitzako gauza serioei bertsolari txitxar handi honek, uda pozik kantari igarotzen duenak.

Gaitz erdi, inurri langilea du arreba, Gaztelu-enea baserriko etxekoandrea.

Eta zulora sartu, eta negurako babes segurua aurkitu du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Ibarruri oso harro sentitu zen beti bere euskal erroez»

Amaia Igartua Aristondo

Dolores Ibarruri 'Pasionaria'-ren biografia bat argitaratu berri du, haren artxibo pertsonalean oinarritutakoa: 'No pasarán'. XX. mendearen zati handi bat zeharkatzen du bizkaitarraren bizitzak.
Andres Urrutia euskaltzainburua eta Gaizka Aranguren kazetaria, <em>Ezina ekinez egina</em> saioan. ©BERRIA

Euskararen historiari buruzko saioa gaur ETB1en: 'Ezina ekinez egina'

Enekoitz Telleria Sarriegi

Gaizka Arangurenek aurkeztuko du. EITBk bat egingo du Euskararen Nazioarteko Egunarekin

EPICA ikerketan 2.872 metroko sakoneratik ateratako izotz lagina, 2002-2003an. ©LAURENT AUGUSTIN/CNRS PHOTOTHQUE

Izotzik zaharrena nahi dute

Jakes Goikoetxea

Beyond EPICA ikerketa proiektua Antartikan lanean ari da, izotza zulatu eta duela 1,5 milioi urtera arteko izotz lagina ateratzeko. Laginari esker, klimaren bilakaera ezagut dezakete.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.