Badaukate pitzaduraren bat

Elezkano II.a-Zabaletak txapelketako lehen partida galdu dute Peña II.a-Albisuren aurka, 20-22

Peña II.a erremate bat egin nahian, alboan Elezkano II.a duela, atzoko partidan. IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Jada ez dago partidarik galdu ez duen bikoterik Binakako Txapelketan. Artean Elezkano II.a-Zabaleta ziren egoera horretan, baina atzo amore eman behar izan zuten Peña II.a-Albisuren kontra: 20-22. Une zailetan hortzak ondo estutu, eta Peña II.aren ausardiarekin eta Albisuk Zabaletari eusteko erakutsitako gaitasunarekin eta joarekin, Baikoko pilotarientzat izan zen garaipena. Oso baliotsua, gainera, lortu zuten moduagatik ez ezik, goiko postuetara ere gerturatzen direlako.

Ia sei hilabete pasatu eta gero, atzo itzuli zen pilota Iruñeko Labrit frontoira, eta merezi bezala, partida on batekin izan zen. Ondo amaitu bazuten Peña II.a-Albisuk partida, are hobeto hasi zuten. Izan ere, 0-8 aurreratu ziren. Bizi jokatuz egin zuten, eta jokoaren ekimena eramanez. Aurrean oso gogotsu ikusi zitzaion hasieratik Peña II.ari, aurreko asteburuan, bakartuta zegoela-eta, ez jokatu ostean. Aukera zuen bakoitzean tantoa amaitzen saiatzen zen, pilota zabalean zein bazterrean utziz.

Aurreko jardunaldian gertatu bezala, Elezkano II.a-Zabaletari partidan sartzen joan ziren pixkanaka. Etxarrengo atzelaria pilota gehiago luzatzen eta jotzen joan zen, eta partida aldatzen hasi zen. Izan ere, Peña II.ak aukera gutxiago zituen jokoan sartzeko, eta partidaren erritmoa bizitzeko. Hala, bost tanto egin zituzten segidan, eta bi tantora jarri ziren Aspekoak: 9-7.

Partidaren lehen berdinketa iritsi zen handik gutxira: 10-10. Gakoa atzean zegoen, Albisuk ere jo handia erakutsi baitzuen, eta batez ere Zabaletaren pilotakadei eusteko gaitasuna. Tantoak luzatuz joan ziren horrela, eta partidaren erritmoa apur bat motelduz. Peña II.a-Albisu ahalegindu ziren berriro ere norgehiagokaren hasierako bizitasun hori ematen, aurrean arriskatuz. Baina lehiaren hastapenean ez bezala, Peña II.ak ez zuen asmatu, eta hainbat huts egin zituen, eta Aspeko bikotea aurretik jarri zen lehen aldiz: 12-11.

Lehen atsedenaldi luzeak on egin zien Peña II.a-Albisuri. Berriro ere asmatzen hasi zen Tolosako aurrelaria, erremate sorta eder bat utziz. Pilota batzuk galdu arren, bazekiten hori zela bidea irabazi nahi izanez gero.

Baina markagailuan Aspekoak ziren aurretik: 19-16. Hor Zabaletak pilota bat jo zuen gora, eta pilota aldatu zuten Peña II.a-Albisuk. Berriro ere partida hasieran aurreko koadroetan erakutsitako distira erakutsi zuen Peña II.ak. Elezkano II.a bikain mugitu zuen, eta zuloak ondo topatu zituen. Hala, Baikokoek bost tanto egin zituzten segidan, eta oso ondo bideratu zuten partida: 19-21. Aspekoek beste tanto bat egin bazuten ere, garaipenak ez zien ihes egin.

Herenegun hasi zen txapelketako bosgarren jardunaldia. Bertan, Ezkurdia-Galartzak bigarren garaipen eskuratu zuten, Bengoetxea VI.a-Arangurenen kontra: 19-22. Gaur, Bilbon, Jaka-Martija nor baino nor gehiago ariko dira Olaizola II.a-Rezustaren kontra (17:00). Bihar amaituko da jardunaldia, Amezketan. Altuna III.a-Mariezkurrena II.ak Urrutikoetxea-Imazen kontra jokatuko dute (22:00, ETB
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.