Telesailak

Eliza katolikoaren erraiak, begi bistan

Paolo Sorrentino italiarrak Vatikanoaren erretratua osatzen jarraitu du 'The New Pope' telesail eraberrituan

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Veneziako Biurtekoan aurkeztu zuten estreinakoz fikziozko aita santu berria, 2019ko udan. Ordutik, ordea, ezkutuan mantendu dute, eta ordu gutxi barru ezagutuko dute mundu zabaleko ikus-entzuleek haren nortasuna eta jokamoldea. Baina, nobedadean murgildu aurretik, atzera egin behar da, obraren jatorrira.

Telesailen unibertsoan mugarria izan zen 2016ko The Young Pope. Joan den hamarkadan zinematik telebistarako pausoa eman duten zuzendarien artean ikusgarriena eta iraultzaileena bilakatu zen Paolo Sorrentino. Autore italiarrak pantaila txikira eta narrazio zatikatura egokitu zuen bere sormena; eta jarraitzaile andanak igarri zuen telesailgintzaren logika berrasmatzeko haren nahia, ohiko kode narratibo eta formaletatik harago joateko egindako ahalegina.

Baina, formari dagokionez soilik ez, Sorrentinok kontzeptualki ere eman zuen zeresana, Vatikanoko estolden inguruko istorio kritiko bat osatuta. Jude Law aktoreak antzezten duen aita santu gaztearen figura baliatu zuen mundu zabaleko biztanleei galdegiteko zer gertatuko ote litzatekeen Eliza katolikoaren funtzionamendua sustraitik eraldatuko balitz. Napolin jaiotako artistak joera eta bizio zaharrak lehen mailara ekarrita esploratu zituen erlijio erakundearen ustelkeria eta Mendebaldeko balio kristauen krisia.

Italiako aristokraziaren eta eliteen erretratua osatu izan du aurrez Sorrentinok bere zinema lanetan, eta Vatikanoaren kasuan ere urrutira jo nahi izan zuen. Ausardia formala eta narratiboa medio, Eliza katolikoak ateak itxi zizkion, eta sortzaile italiarrak hutsetik berreraiki behar izan zituen Vatikanoko gunerik bereizgarrienak, Erromako bestelako kokalekuetan.

Umore beltza, gogoeta existentzialak eta Vatikanoaren korridoreek ezkutatzen dutena uztartuta, satira existentzialari segida eman nahi dio The New Pope-k, Sorrentinoren telesail berriak. Jude Lawren pertsonaia bereizgarria bazterrean utzita, John Malkovich beteranoak hartu du haren lekukoa. Eliza katolikoaren barruan azkenaldian egiturazko krisi sakona eragin duten erronkei egin beharko die aurre buruzagi berriak, eta, telesailaren sinopsiak zehaztapen gehiagorik eman ez arren, denboraldi berriak sexu abusuen gaiari helduko dio, itxura guztien arabera.

Sekulako aurrekontua

Ikustekoa izango da Sorrentinok zenbateraino tenkatzen duen bederatzi ataletan fikzioaren eta errealitatearen arteko hari fina. Haren estilo ezin pertsonalagoak joko bikoitza proposatzen du, eta horrek badu arriskurik. Batetik, kritika gordina egiten die figura eta erakunde boteretsuei, baina, bestetik, zirraraz gerturatzen da haiengana, eta, zuzendari gisara duen joera esteta medio, moda desfile elegante bateko figura miresgarri gisara ere erakusten du Eliza katolikoa.

Sekulako aurrekontua eta baliabideak eskura dituen telesaila da The New Pope, HBO kable bidezko kate estatubatuarraren urteko apustu nagusia. Oso tantaka heltzen dira Sorrentinok jorratzen dituen tankerako istorioak, bederatzi orduko harribitxi ausart eta iraultzaileak. Play sakatu eta aita santuaren kontraesan guztiei zirraraz jarraitzeko modukoa.

'THE NEW POPE'

Sortzailea: Paolo Sorrentino.
Aktoreak: John Malkovich, Jude Law, Sharon Stone, Javier Camara, Marilyn Manson.
Herrialdea: Italia. Urtea: 2020.
Non ikusi: HBO.
Filmaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.