Kalean uso, lantokian otso

Christoph Waltz Hollywoodeko izarrak bideojoko enpresa bateko nagusi gupidagabearen rola jokatu du Amazonen 'The Consultant' telesailean

THE CONSULTANT.
Mikel Yarza Artola.
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Deabruak behartu ninduen». Hori da The Consultant telesaileko lehen esaldietako bat. Haur batek bideojoko enpresa bateko nagusia tiroz hil ostean, goiburu hori ageri da albistegietan. Hilketa horren ondorioz, enpresaren gidaritza hartuko du Regus Patoff aholkulariak, eta langileei gauzak argi utziko dizkie estreinako aurkezpenean: «Telelana egiten duzuenok: etorri bulegora hurrengo ordubetean; bestela, kontratua deuseztatuko dizuegu». Elon Musk Twitterren jabe berriaren ultimatum mezu bat ere izan liteke.

Christoph Waltz aktore austriar alemaniar entzutetsuak erabateko maisutasunez jokatu du Patoff nagusi gupidagabearen rola. Waltzek bitan irabazi du taldeko aktorerik onenaren Oscar saria, Quentin Tarantinoren Inglorious Basterds (2009) eta Django Unchained (2012) filmetan egindako lan bikainagatik.

Nagusiak emaitzak hobetu eta irabaziak handitu nahi ditu, kosta ahala kosta, eta, horretarako, muturrera eramango ditu langileak, euren oreka pertsonala eta profesionala birrintzeraino. Lan arloko thriller bat izaki, ikusle askori joan den urteko Severance telesail sonatua etorriko zaie gogora; beste batzuei, Carlos Vermuten Manticora film berria. Amazon Prime Videoren nobedadeak, ordea, Servant telesailaren antz handiagoa du.

Intriga eta ezustekoak

Bien sortzailea da Tony Basgallop, eta, oraingoan ere, egonkorra zirudien komunitate baten bizitza hankaz gora jarri du, pertsonaia aztoratzaile bezain kriptiko bat ardatz hartuta. Basgallopek ikuslea ilunpean mantendu du ia etengabe, gidoiaren hurrengo ezustekoa zein izango den argitu nahian. Sortzaile britainiarrak intriga mantentzeko duen abilezia sekulakoa da, baina, batzuetan, ezustekoak gehiegi erabili ditu, atal gehienen amaierako cliffhanger-ak kasurako.

Abiada narratibo bizian, telesailak bide bazterrean utzi ditu kapitalismo basatia eta AEBetako armen kultura; ez du profitatu ildo tematiko horiek kontakizunean txertatzeko aukera. Dena den, jakin du hautaturiko kartak ezin hobeto jokatzen. Eskailera ikonikotik abiatuta, esanahi dramatikoa eman die laneko egoitzako guneei; pertsonaiak hamaika gatazkatan korapilatu ditu, eta emaitza oso entretenigarria da.

The Consultant telesailak langile oro jarriko du ispiluaren aurrean. Zenbat marra gorri etiko eta pertsonal zeharkatzeko prest daude boterearen eta arrakastaren truke? Ba al dago ihesbiderik, etengabe irabaztea beste aukerarik ez dela dirudien sistema honetan?

Azken datu adierazgarri bat. Zortzi ataletatik bost emakumeek zuzendu dituzte. Guztira, hiru zuzendari dira, eta ez edonor. Karyn Kusama beldurrezko generoan izen propio bilakatu da The Invitation filma plazaratu zuenetik; Charlotte Brandstrom suediar beteranoak The Rings of Power-eko hiru atal zuzendu ditu; eta Alexis Ostrander Emmy sarietarako hautagai izan zen Light as a Feather thrillerrarekin. Jarraitzeko moduko hiru izen eta proiektu bat.

'THE CONSULTANT'
Sortzailea: Tony Basgallop.
Aktoreak: Christoph Waltz, Nat Wolff, Brittany O'Grady, Aimee Carrero, Sloane Avery.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Amazon Prime Video.
Atal bakoitzaren iraupena: 30 minutu.
Generoa: thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.