Agur eta ohore, piramide gailurretik

HBOk negozioen munduko 'Succession' familia dramaren amaierako atala emango du bihar. Azken urteetako telesail onenaren agurra ordu eta erdikoa izango da, eta etzi egongo da ikusgai Euskal Herrian

HBO MAX.
Mikel Yarza Artola.
2023ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«Maite zaituztet, baina ez zarete jende serioa», esan die aitak lau seme-alabei. Ez konplexurik, ezta errukirik ere, azken hatsa bota arte. Lau denboraldiren ostean, Succession telesaila amaitzear dago, eta heldu da Roy inperioaren ditxosozko oinordekotza argitzeko unea.

The Godfather klasikoaren irakurketa modernoa balitz bezala, Jess Armostrongek AEBetako elite korporatiboa xehatu eta satirizatu du maisutasunez jositako familia drama baten bitartez. Pitzadurarik gabeko lau denboraldi ondu ditu, eta agurreko ataletan jauzi esanguratsua eman du, zama emozional handiago baten aldeko apustua eginez.

Hileta, dibortzio, hauteskunde, negozio... eta arantzaz beteriko hamaika une. Azken txanpa honetan, gidoigileek urrezko elkarrizketak idatzi dituzte, eta kamerariek ezin hobeto islatu dute pertsonaia bakoitzaren unibertsoa, Mark Mylod zuzendaria buru urteotan findutako behatzaile estiloko filmaketari esker.

Umore beltza ere orain arteko aztoragarriena izan da, eta pasarte ahaztezinak utzi ditu (spoiler) Logan Royren heriotza ardatz duen atalean. Itzal luzeko enpresaria bakartuta hil da, hegazkinean, Tom Wambsgans gizonezko umiliagarriak telefonoa belarrian jartzen zion bitartean. Familiako botere lehia sofistikatutik at, azken hura eta Greg Hirsch dira telesaileko pertsonaiarik adierazgarrienak, hein batean iradokitzen dutelako norbanako ergelena ere piramidearen gailurrera hel daitekeela.

Drama gogoangarri honi zerbait aurpegiratzekotan, ildo narratibo jakin bat errepikatzeko joera izango litzateke. Denboraldi guztien bihotzean, goi-bilera estiloko negoziazioak egon dira, Roy familiak haien tankerako sendi eta erakunde milionarioekin egindako tratuak, eta, azkenerako, marrazo ekonomikoen arteko pultsuak freskotasuna galdu du. Zorionez, gidoigileak sekulako adimenez aritu dira, eta ezusteko hamaika norabide marraztu dituzte pertsonaien ibilbide indibiduala aberasteko eta ikustaldiaren zirrara elikatzeko.

Protagonisten arku dramatikoa bezain biribila izan da Nicholas Britell konpositorearen soinu banda. Sarrerako piano doinu nagusia oinarri hartuta, New Yorkeko artistak dozenaka musika pieza egin ditu, artisau baten estiloan, eszena bakoitzaren esanahiaren alde fideltasunez lan eginez.

Aro berri bat

Patriarka lurperatuta, Kendall, Roman, Siobhan eta Connor haren kateetatik behin betiko libratu nahian dabiltza. Euren garaia heldu da, aro berri bat, baina ondo dakite putrez inguratuta daudela, eta ausartegi jokatzearen beldur dira. Dozenaka bilioi dolarren oinordeko dira: konplexuz beteriko aberatsak. Karl Marxek zioen historia bi aldiz gertatzen dela; lehenik, tragedia modura, eta bigarrenik, fartsa gisa. Itxura paretsua du Roy anai-arreben geroak.

90 minutu besterik ez da falta azken bost urteetan zeresan handiena eman duen telesaila betiko agurtzeko. Edozer gerta liteke, eta, akabera milioika ikuslek irrikaz ikusiko dutenez, ostera ere dozenaka analisi sortuko dira. Jarraitzaileak bateratuko dituen amaiera biribil bat eskaintzea izan da maiz pantaila txikiko Olinpora igaro diren maisulanen erronka nagusia. Tira, ez baduzu gustuko, Logan Royk esango lukeen moduan: «Fuck off».

'SUCCESSION'
Sortzailea: Jesse Armstrong.
Aktoreak: Brian Cox, Jeremy Strong, Sarah Snook, Kieran Culkin, Alexander Skarsgard.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2023.
Non ikusi: HBO Max, Amazon Prime Video.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.