Telesailak

Iraultzaileek neurrira eraikitako kartzela

Filminek 'DAU' proiektuaren lehen bi zatiak estreinatu ditu. Hamabi urtez, 700 ordutik gora filmatu ditu lantalde errusiar batek

Hainbat diziplinak bat egin dute DAU ikus-entzunezko proiektuan. . BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
«Iraultzak ez badu jarraitzen, iraultza hilda dago». Esaldi horrek definitu du 2007tik DAU proiektua. Zientzia, artea, erlijioa, giza esperimentazioa... diziplina horiek eta beste hainbatek egin dute bat mugarik gabeko ikus-entzunezko egitasmo hori errealitate bihurtzeko ahaleginean.

1960ko hamarkadako Sobietar Batasuna sorberritu nahian, Ilya Khrzhanovski zuzendari errusiarrak zinemagintzaren historiako esperimenturik ausartenetako bat jarri zuen martxan duela hamabi urte. Fikziozko institutu bat sortu zuen Ukrainako bihotzean, milaka pertsonako lantalde bat osatu eta bertan bizitzera behartu zituen, gizarte komunista baten erreplika praktiko bat filmatzeko.

DAU proiektuak hamabost zati ditu, eta, oraingoz, horietako bi estreinatu dira munduan. 2020ko Berlinale zinema jaialdian lehenik eta amaitu berri den Bartzelonako D'A festibalean ostera. Azken horren harira sareratu ditu Filmin plataformak zati horiek: bi orduz gaindiko DAU: Natasha filma eta bederatzi ataleko DAU: Degeneration telesaila. Bietan ageri dira jatetxe, etxebizitza, lantegi eta tortura gela berberak. Bietan errepikatzen dira aktoreak, pertsonaiak eta totalitarismoaren izugarrikeria.

Hasieran, Nobel saria eskuratu zuen Liv Landau fisikari sobietarraren film biografiko gisa abiatu zen DAU proiektua, baina bestelako bidea hartu zuen berehala. Obra honek gizarte komunista bat irudikatzen du, eta Degeneration telesaila da haren bizkarrezurra. Ideologia horren kode politiko eta etikoak azkeneraino eraman ditu lantaldeak, inolako artifiziorik gabe. Solasaldi existentzialak, ekonomia matematikoari loturiko eztabaidak eta alkoholarekiko miresmen suntsitzailea dira istorioaren gakoetako batzuk.

Plano sekuentzia luzeek ikuslea unibertso sobietarrean bete-betean murgiltzea lortu dute, eta, handinahia dela medio, telesaila astunegia bihurtu liteke batzuetan. Dena den, bistakoa da egitasmo hau ez dela publiko orokorra modu arinean entretenitzeko modukoa. Netflixek asteburu bakarrean irensteko eskaini ohi dituen kontakizunen kontrako poloan dago DAU. Aparteko arreta eskatzen du ikustaldiak, pantaila aurrean gertatzen ari den zurrunbilo kontzeptual eta formalari neurria hartzeko eta, hein batean, telesail formatuak ahalbidetzen du arnasbide hori. Publikoak aukera du etenaldi horietan atseden hartu eta gogoeta pausatua egiteko.

«Pertsona guztiek ez dute merezi gizartean bizitzea», esaten du militante gazteetako batek, DAU proiektuan geroz eta konpromiso handiagoz parte hartzen hasi ahala. Hain justu, belaunaldien arteko arrakala ideologikoa da telesailak esploratzen dituen beste dilema nagusietako bat. Tokitan daude telesaileko institutuko aita fundatzaile beteranoaren pentsamoldea eta gazte komunistena.

Horri loturikoa da Degeneration izenburuari iruditan eginiko erreferentzia zuzena. Bederatzi atalek ametsezko gizarte baten dekadentzia islatzen dute, idealen porrota eta askatasun egarria. Kontrol sistemen gehiegikeriak, indarkeria matxista eta gizabanakoaren deuseztapena dira nagusi telesailaren azken txanpan. Izan ere, iraultzaileak ere gai dira kartzela euren neurrira eraikitzeko.

'DAU. DEGENERATION'
Sortzailea: Ilya Khrzhanovsky.
Aktoreak: Vladimir Azhippo, Dmitry Kaledin, Olga Shkabarnya, Alexei Blinov, Viktoria Skitskaya.
Herrialdea: Errusia.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.