Errautsetatik ernatzen

Sute handien ondoren, denbora asko behar izaten da basoak eta mendiak lehengoratzeko. Gizakiak esku hartzen badu ere, naturak bere bideari jarraitzen dio, eta ingurua biziberritzen da lehenago edo geroago. Tafalla ingurua biziberritzen hasi da, poliki-poliki, 2016ko sute handiaren kalteak gaindituz.

Suteetan, pinaburuak irekita botatzen ditu haziak pinuak. JAIZKI FONTANEDA/FOKU.
Iker Tubia.
Puiu
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Beltzean kolorea. Heriotzaren ondoren, bizia. Horrela izaten da sute baten ondokoa. Puiun (Nafarroa) eta inguruetan sute handia piztu zen 2016. urteko udan. Orduko ezinegon eta malkoak lasaitasun eta itxaropen dira egun. Eremu gehienetan antzematen da uda hartako oinazea, baina errautsetatik ernatzen ari da natura. Bertan lanean ari direnek diote ongi ari dela biziberritzen hainbeste kalteturiko basoa.

Fernando Mendia Tafallako demarkazioko basozain nagusia da. Autoan zeharkatu ditu kaltetu ziren inguruak, egun hartan bizitakoak etengabe gogoratuz. Bidean bi eper gurutzatu dira, arin, lasterka. «Heriotzaren ondotik, bizitza heldu da», bota du animaliak ikustean. «Pertsonak denbora gutxi bizi gara, baina pentsatu behar dugu sua beti izan dela naturaren parte. Kontua da guk ezinen dugula baso hau lehengo egoeran berriz ikusi».
 


Erretako pinu bakartua, sutearen aurretik pinudia zen lekuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Basoko bide eta xendretatik ibilita, albo batera eta bestera ikus daitezke kixkalitako zuhaitzak oraindik ere. Suteak kalte handien egindako eremuak dira horiek. Sua agudo pasatu zen inguruetan nekez antzeman liteke suterik izan zenik ere. Lehenbiziko begi kolpean hala da, behinik behin. Lehen harizti, artadi edo pinudi handiak ziren tokian, belztutako zuhaitz gutxi batzuk daude orain. Salbatu ziren gutxi horiek ere zutik diraute. Denbora dezente beharko da han zuhaitz multzo handiak ikusi arte.

Egun hura gogoan iltzaturik du Mendiak. «Nire bizitza osoan ez nuen horrelako suterik ikusi. Beroa, idortasuna, haizea... zuhaitzak poxpoloak balira bezala kixkaltzen ziren. Egia esan, eromena izan zen». Une gogorrak bizi zituzten suaren kontra lanean aritu zirenek. Mendiak orkatz bat du gogoan. Aurretik ikusia zuten bazter haietan, bi kumerekin. Sutearen egunean, orkatza ikusi zuten urrutian, erredura handiekin. Sutatik ihes egin beharrean, kumeen bila jarraitu zuen. Hamalau egun geroago beste norbaitek ikusi zuen, kumeen bila jarraitzen zuen. Hil egin zen, erredurengatik.

Herrietako bizilagunekin ere une gogorrak pasatu zituzten. «Sute batean giza alorra izaten da gogorrena», azaldu du Mendiak. Gogoan ditu han ziren basoak. «Mosaiko paisaia ederra genuen. Balio ekologiko handiko basoak». Orain ez da horrela. «Ekosistema asko aldatu da. Basoa zena orain belardia da. Hasierako puntuan gaude». Basozainak azaldu duenez, Artaxoak mendi eremu guzia galdu zuen, eta, horrekin batera, bere «harribitxi natural» guziak. Beste batzuek zorte handiagoa izan zuten: ehunka urte dituen Garinoaingo erkametzaren enborraren beheko aldean suaren eragina antzeman liteke, baina zutik dirau.

Kimuak ernaberritzen

Gerturatuz gero, ikus liteke egur kixkaliaren parean ernatzen diren landare eta zuhaitzak. Pinudi batzuk berdeturik ikusten dira, salbatu ziren seinale. Beste batzuk hilda daude. Gehienak moztu badituzte ere, baten bat utzi dute, gertatutakoaren lekuko. Landareak ez ezik, fauna ere berreskuratu da baso haietan. «Iruditzen zaigun baino indar handiagoa du naturak».

Berreskurapen hori naturak bere indarrez egiten du suteen ondoren. Hala ere, gizakiek ere lan egiten dute prozesu hori ongi joan dadin. Tomas Ezkerro Nafarroako Gobernuko baso ingeniari teknikoak azaldu du sutearen ondorengo lanak zein izan ziren, baita oraindik ere egiten dituztenak ere. Lanik garrantzitsuena jarraipena egitea da.

Lehenbiziko gauza bi mapa osatzea izan zen: kalte mailak ageri zituen batek, eta landareen mapa zen bestea. Hasieran, astean behin joaten ziren eremu horietara. «Bitxia zen: 25 egunetara txaparrak ernaberritu ziren, oso egokituak daudelako». Ezkerrok azaldu duenez, klima mediterraneoko landaredia suari aurre egiteko prest dago. Inguru haietan, txaparra, erkametza eta artea, batez ere. «Sua igarotzen denean, zeparen azpian kimatzen dira». Alepo pinuek bestela egiten dute: «Ez dute ernaberritzeko gaitasunik; beraz, bero hori sumatzen duenean, pinaburua irekitzen du, eta pinazia barreiatzen du». Hazi ugari barreia dezake. Adibidez: 2010ean Azkoienen (Nafarroa) izandako sutearen ondoren, hektareako 60.000 pinu kontatu ziren zona batzuetan.


Suteetan, pinaburuak irekita botatzen ditu haziak pinuak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Sua agudo pasatu zen harizti eta artadietan ez zuten esku hartu. Pinudietan bai, beharrezkoa zen, erabat erreta zeudelako, eta suak bereziki egiten dielako kalte. Sua motel pasatu zen harizti eta artadietan esku hartu zuten ere, baina geroago egin zuten; itxaron egin zuten bilakaera ikusteko. Beste lan batzuk ere egin zituzten: Añorben eta Barasoainen abeltzaintza itxiturak erre zitzaizkien, eta horiek konpondu zituzten. Ezkerrok azaldu du horren arrazoia: «Su handi hauetako asko sortzen dira abeltzainik ez dagoelako, beraz, itxitura horiek konpondu behar genituela ondorioztatu genuen, abelburuak han manten zitezen».


Lana pazientziarekin

Ez ziren berehala lanekin hasi. «Erabaki genuen gutxika joanen ginela egin beharrekoak zehazten. Denbora tarte bat utzi behar genuen landareek nola erantzuten zuten ikusteko, batez ere hurrengo udaberrira arte. Horrelako suteetan pazientzia behar dugu ezer egiten hasi aurretik, landaredia prest egoten baita egoerari erantzuteko».

Tartean, Espainiako Gobernuaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erdialdeko partzuergoaren laguntzak jaso zituzten, eta horri esker egin zituzten zenbait lan: itxituren eta bide nagusien konponketa, kixkalitako haritz eta arteen zura moztu, erosioak zuzendu zituzten, kanpoko zonak moztu zituzten zuhaitz berria sortu zedin, landaketak egin zituzten... Oraindik ere jarraitzen dute erretako hariztiak eta arteak mozten. Abenduan beste parte bat bukatu zuten. Kendutako zura bide bazterretan uzten dute, herritarrek erabil dezaten. Erretako zura moztearen garrantzia nabarmendu du Ezkerrok: «Helburua zen behetik zetorren ernaberritzea bultzatzea, hazteko garaian ez zezan erretako zuhaitza alboan izan».

 


Kixkalitako zuhaixken gainetik ari dira berriak sortzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

2017ko udaberrian ikusi zuten basoa bere onera itzultzen hasia zela. Poliki. «Pinudiek pinazi batzuk barreiatu eta ernamuindu zituztela ikusi genuen, eta, batez ere, txaparraren, artearen eta haritzaren ernaberritze izugarria ikusi genuen. Sekulakoa izan zen», kontatu du Ezkerrok. «Ernaberritze horietan ez dugu eskurik hartu». Landaketak egin zituzten eremuetan jarraipena egin dute. Han, Mediterraneoko espezieen alde egin dute. Horiei kasu egin behar diete orain, eta, urte batzuen buruan, landare horiek babesteko jarritako tutuak kendu. Alepo pinuaren berritzeari ere erreparatuko diote gertutik, eta erretako haritz eta artea kentzeko lanak ez dira bukatu.


Azkenaldian zenbait su izan dira Nafarroako iparraldean, baina Ezkerrok azaldu du horiek «oso ezberdinak» direla. «Eremu mediterraneoan udan izaten dira suteak, eta landaredia egokiturik dago. Ziklikoki suteak jasateko prestaturik dago». Lehengoratzeko behar den denbora ez du zehaztu nahi izan. Faktore asko daude tartean: landaredi mota, eguraldia, esku hartzeak... «Baina prozesu luzea da, dudarik gabe». Basozaina bat dator. Gaineratu du eskualde haietan sute handi bat izateko aukera handiak daudela etorkizunean. Dena hil litekeela, berriz hasteko.

 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.