Auschwitz

Objektiboa, lekuz kanpo

Auschwitzeko kontzentrazio esparruan jostatzeko argazkiak egiten direla salatu du museoak, eta errespetua eskatu du. Ez da gertatzen den lehenbiziko aldia. Arrisku hori du oroimenerako guneen masifikazioak.

Auschwitz-Birkenau museoak Twitterren zabaldu dituen irudiak: museokoak eta Berlinen ateratakoak. BERRIA.
Iker Tubia.
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun

Naziek sortutako heriotza esparru bat izan zen Auschwitz-Birkenaukoa (Polonia). 1.100.000 lagun baino gehiago hil zituzten han, gehienak juduak, baina baita poloniarrak ere, eta ijitoak, homosexualak, komunistak... 1940ko ekainetik 1945eko urtarrilera gertatu zen holokaustoa. Gehienak gas kameretan hil zituzten, eta gainerakoak fusilatu egin zituzten edo behartutako lanen ondorioz hil ziren. Birkenauko errausketa labeek 4.000 gorpu errauts zitzaketen egunean; ez da txantxetarako tokia.

Ezagunak dira hango irudiak: Arbeit macht frei (Lanak askatzen du) dio Auschwitz I esparrurako sarrerak. Trenbidea dago Auschwitz II esparruko atarian. Trenbide hori erabili zuten presoak kontzentrazio eta heriotza esparruetara eramateko. Zazpi hamarkada geroago, turista batek trenbidearen gainean orekan atera du argazkia. Mezu lazgarriaren aurrean selfie bat, irribarretsu, bikote batek. Klixk, eta sare sozialetara igo, atsegin dut anitz lortzeko. Askok izugarrikeriaren lekua agertoki egokitzat dute selfie jostagarriak ateratzeko edo tontakeriak eginez argazkiak egiteko.

Hori salatu berri du Auschwitz-Birkenau museoak Interneten. Sarean arrantzaturiko argazki batzuk jarri ditu mezu honekin: «Auschwitz Museora etortzen zarelarik, gogoratu milioi bat lagun baino gehiago hil zuten toki batean zaudela. Errespetatu haien memoria. Barra batean orekan ibiltzen ikasteko toki hobeak daude milaka lagun heriotzara deportatu zituzten trenbideak baino».

Ez da lehenbiziko aldia. Aurretik ere kargu hartu behar izan dute museoko arduradunek. Ez da toki bakarra ere. Berlinen ere egiten dira jostatzeko argazkiak, holokaustoko biktimak gogoratzen dituen monumentuan, tokiaren sinbologia ahantzirik. «Argazki batzuk zalantzarik gabe ezegokiak dira, bisitarien jarrerak ezegokiak direlako», azaldu du Pawel Sawickik museoko komunikazio arduradunak. Dena den, urtean 2,1 milioi bisitari joaten dira Auschwitzera, eta horiek gutxiengo direla nabarmendu du; han egiten diren argazki gehienak egokiak direla, alegia.

Argazkiak, baina ez edonola

Sawickik argi utzi nahi izan du ez dela selfie-n kontrako kanpaina bat. Kontua ez da argazkia ateratzeko modua, argazkian agertzen direnen jarrera baizik. «Batzuetan argi ikusten da jostatzeko atera dituztela argazkiak, non dauden ohartu gabe, eta batzuetan txantxa ergelen agertoki gisa erabiltzen dute kontzentrazio esparrua. Gisa horretako irudiek eta jarrerek biktimen memoriarekiko errespeturik eza erakusten dute».

Zein da muga? Sawickik onartu du «lausoa» dela. Alde batetik, argazkia ez ezik, haren egilearen asmoari erreparatu behar zaiola dio. Bestetik, «jarrera ezegokiak» identifikatu behar direla: trenbideetan oreka jokoetan aritzea, adibidez. Horrelako jarrerk ikusita museoak esku hartu behar duela uste du, eta hala egiten du: batzuetan salaketa publikoak eginez, beste batzuetan argazki horien egileei egin dutenaz ohartaraziz. Gainera, han bertan horrelako jarrerarik ikusten badute, esku hartzen dute. Ongi egindakoak zabaltzeak ere laguntzen duela dio.


Afera hori Euskal Herritik aztertu du Josu Chueca historialariak: «Etikoki itsusia da horrelako jarrera izatea, gaitzesgarria, baina kontrolaezina da; edozein memoria lekutan gerta daiteke. Beste kontu bat litzateke probokazioa edo fribolizazioa balituzte helburu».

Memorialak ez dira helburu turistikoekin egiten, baina geroago bihur litezke turismoa erakartzeko gune. Bi interes horiek bat egin dezakete, baina, jende askoren helmuga bihurtuz gero, masifikatzeko arriskua du. Ondorioa: bisitari batzuk ez doaz historiako gertakari jakin horretan interesa dutelako; beraz, errazagoa da lekuz kanpo egotea.

«Poloniako bidaia bat hartzen baduzu, pakete berean sartzen da aisialdia, gastronomia eta hainbeste sufrimendu sortu duen lekurako bisita. Beraz, hara joan daitezke inolako ezagutza historikorik gabeko pertsonak; ez dira ohartzen zer tokitan dauden, eta arinkeriak egin litzakete. Beste batzuek badakite, baina hartzen dute nolabaiteko distantzia errealitatearekiko», azaldu du Chuecak.

Historialariak uste du «kontraesan» bat dagoela hor; memoria guneak turismoarentzat edo bisitarientzat irekitzea bi aldeko ezpata bat dela: «Denek nahiago dugu leku horiek gorde eta oroimenerako leku bihurtzea, baina masifikazioak albo kalteak ekar ditzake. Balantzan jarrita, nahiago dut memoria bizirik gordetzeko lekuak izatea, nahiz eta arrisku hori izan».


Dena den, horrelakorik ez litzateke hain erraz gertatuko sare sozialik gabe. Hala uste du Maialen Garmendia soziologoak. Irakasle da EHUn, eta gaia aztertu du, nahiz eta batik bat nerabeak izan diren bere ikerketaren erdigunean. Bere iritzia azaldu du: «Batzuek euren irudi oso alaia zabaldu nahi dute sare sozialetan; Interneten bizitza paralelo bat dute. Beti leku deigarriak bilatzen dituzte horretarako, baina toki horretan egon direla nabarmentzeko; ez dute inolako errespeturik lekuaren esanahiarekin».

Uste du hori dela gakoa: badela toki jakin batzuetara joateko bainoago toki horietan egon direla esateko beharra dutenak. «Oso deigarria da protagonismo nahiak zer-nolako txolinkeriak egitera eramaten dituen batzuk. Nik uste dut arinkeriari loturik dagoela». Tokia aitzakia baizik ez dela uste du: garrantzia norberak duela argazki horietan.

Erdi-erdian norbera. Irudien gizartea da gaur egungoa, eta sare sozialek irudiak hartu eta zabaltzeko aukera ematen dute. Baina «ergelkeria», «banitatea» eta «harrokeria» ez dira gaur egungo aferak, Arantza Lauzirikak azaldu duenez. Arte eta teknologiako irakaslea da EHUn, eta, azaldu duenez, Erromatar garaian bustoak ziren harrokeria bideratzeko tresnak, eta gerora dirua zuen jendeak egin zezakeen beste tresna batzuen bidez; margolanekin, kasurako. Baina selfie-ak guzien eskura jarri du aukera hori. Joan Fontcuberta argazkilariaren La furia de las imágenes saiakeran irakur daiteke aipatutakoa.

Norbera erdigunean

Sakelako telefonoei argazki kamera jartzea erabaki aurretik, telefonia enpresek Fontcubertari galdetu zioten zer iritzi zuen horri buruz. «Ergelkeria galanta da; ez du inolako arrakastarik izanen», erantzun zuen. Erabat oker zen. Gero idatzi zuen saiakeran argi mintzatu zen: gaur egun, zer gertatu den baino garrantzitsuagoa dela norbera han egon zela adieraztea. Gainera, selfie irudien afera ez da bolada kontua: argazkilariak uste du luze joko duela.

Iritzi horrekin bat dator Lauzirika, eta hor aurkitu du Auschwitzen edo Berlingo holokaustoaren monumentuan batzuek agertzen duten jarreraren azalpena. «Irudien banalizatzea hortik dator». Gakoak: irudiak hartu eta zabaltzeak ez du kosturik; ez ekonomikorik, ezta esfortzu aldetik ere. Bestalde, tokia ez da pertsona bezain garrantzitsua, baina edozein tokik ere ez du balio. Ez du balio bera. «Besteek egiten dutena kopiatzen dute gizakiek. Louvre museoan Gioconda-ren aurrean milaka lagun egoten dira segurtasun kristal bati argazkiak egiten. Gela berean, egile beraren koadro bat dago, garai eta kalitate berekoa, eta inork ez dio kasurik egiten. Gioconda mediatizatu da, eta horregatik doaz horren bila».


Gauza bera gertatzen da sonatuak diren tokiekin, baita memorialekin ere. «Gure ergelkeriak ez du mugarik. Errepikapena gero eta gehiago ikusten dugu. Batek zerbait egiten du, eta atzetik doaz besteak». Museo batzuetara arteaz gaindiko arrazoiengatik doazenak bezala doaz batzuk memorialetara, historiaz gaindiko arrazoiengatik. «Ez du inporta hainbeste edukiak, baizik eta ekitaldiak berak, hor egoteak».

Aipatutako arrazoi horiez gain, beste bat aipatu du Garmendiak memorialetan egiten diren errespetu faltak azaltzeko: heldutasun falta sumatu du jarrera horietan. Izan ere, argazki horietan agertzen direnetako asko gazteak dira, baina badute adin bat: «Gaur egun, badirudi nerabezaroa asko luzatzen dela, eta horren sintoma ere izan daiteke».

Zentzua behar da. Holokaustoaren monumentuan saltoka ibiltzea ez da zuzena. Norberak egin dezake ariketa: Sartagudako Memoriaren Parkean (Nafarroa), 36ko gerran hildakoen izenak daude horma batean. Zer gertatuko litzateke esanahi hori alboratu eta inork bestelako erabilerarik eginen balu? Chuecak argi du: «Ez dira toki horiek sakralizatu behar; monumentu horiek ez dira eliza laiko gisa hartu behar. Baina mingarria da hor gertatutako gauzekin fribolizatzea eta inolako errespeturik gabe ibiltzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.