Munduratu ahala eraikitzen hasiak

Jaiotze hurrenkerak badu eraginik seme-alaben izaeran? Baiezkoan daude psikologoak. Gurasoek haiengandik espero dutenak harreman estuagoa du sortu diren garaiarekin, zenbakiarekin baino.

BERRIA.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Izateko modu jakin bat konpartitzen al dute senide guztietan zaharrenak direnek? Bigarren edo hirugarren jaio direnek? Seme edo alaba bakar izateak, edo bikiak izateak, eraginik ba al du haien izaeran? Psikologoek baietz uste dute; noski, ez da eragiten duen aldagai bakarra: sexua, generoa eta haurren arteko adin tartea ere aipatu dituzte, besteak beste. Dena den, beste bat da erabakigarriena, haien ustez: haur bakoitza testuinguru jakin batean sortua denez, baldintza horien arabera gauza desberdinak espero izaten dituzte gurasoek haiengandik; horrek baldintzatzen ditu gehien. Alegia, munduratu ahala hasten direla eraikitzen pertsona gisa.

«Hainbat faktorek eragiten dute identitatearen eraikuntzan; besteak beste, nondik gatozen eta gurasoek gugan egin dituzten proiekzioak zeintzuk diren», nabarmendu du Olatz Berastegi psikologoak. «Oso desberdina da gurasoek lehenengo seme-alabarekin, bigarrenarekin edo hirugarrenarekin irudikatzen dutena», gehitu du. Hurrenkerak ez ezik, haurra sortua izan den momentuaren garrantzia nabarmendu du Mireia Agirre psikologoak: «Faktore asko sartzen dira tartean; esaterako, ea aborturik egon den edo ez. Abortuekin, askotan, ez da dolurik egiten, ez ditugu kontatzen. Hortaz, karga guztia erortzen da abortuaren ostean jaiotzen den horretan. Momentu bakoitzean funtzio diferente batekin dator ume hori, eta, nire ustez, dezenteko karga du horrek». Berastegi eta Agirre Harremanak elkarteko psikoterapiako eta psikologia klinikoko taldekoak dira. San Martin mediku zentroko psikologo Juncal Altzaga ere bat dator haiekin, eta biologiaren eta heziketaren ezbaia aipatu du: «Beti dago dilema hori; alegia, izaeraren zein ehuneko determinatzen duen biologiak eta zein ehuneko haurraren inguruak».

Bat datoz Berastegi eta Agirre: lehenengo seme-alaba da karga gehienarekin jaiotzen dena, eta hura da haurtzaroa gutxien bizitzen duena. «Zaharrenek umetasuna azkar galtzeko arriskua dute: segituan ematen dizkiegu obligazioak, eta badirudi garaia baino lehen heldu behar dutela; ezin dugu ahaztu ez diotela ume izateari uzten, senide txikiagoak eduki arren», ohartarazi du Agirrek. Azkeneko haurrak ere badu berezitasun bat, Berastegik azaldu duenez: «Gurasoek dolua egin behar dute, izango duten azken haurra dela erabaki dutelako: uste dut horregatik puskatu behar dutela gazteenek gehien, hortik aldentzeko, bestela, hor harrapatuta geldi daitezke».

Gurasoek haurrengan jarritako proiekzio horien ondorioz, izateko modu jakin batzuk eraikitzen dituzte. «Nagusienak, hitzak esan bezala, helduagoak dira: rolak irauliko balira bezala, badirudi emozionalki gehiago eusten dituztela haiek gurasoak», nabarmendu du Agirrek. Halaxe uste du Altzagak ere: «Arduratsu, autodiziplinatu, antolatu eta zuhurtzat dituzte gurasoek: lidertzat dituzte». Altzagak gogora ekarri du, gainera, gurasoen rola hartzen dutela haiek falta direnean. Horren ondorioak aipatu ditu Agirrek: «Barnerakoiagoak direla esango nuke, onartzen baitute etxean beste bat dagoela txikiagoa dena».

Bigarrenak, etxeko gazteena bada, «aire freskoa» ematen dio familiari, Berastegiren ustez: «Hura da gehien puskatzen duena: libreagoa da, eta aukera gehiago dauka bera izateko». Eta zaharrenari «itotzerainoko moduko zorroztasuna» ezartzen zaion artean, gazteenarekin guztiz kontrara jokatzeko arriskua aipatu du. Agirreren ustez, baimen handiagoa ematen zaie zaharrenak bezain zuzenak ez izateko: «Eta, aldi berean, ez zaie hainbeste ardura ematen, eta horrek eragina du haiengan». Ondorio posible gisa aipatu du horrek autoestimuan izan dezakeen eragina: «Ardura gutxi jarriz gero, ardura horiek hartzeko gaitasunik ez duela senti dezake, edo gurasoek ez dutela behar besteko konfiantza harekin: segurtasun gabeziak sortzeko zirrikitu bat izan daiteke».

Bigarrena, eta ez erdikoa

Bigarrenaren rola bestelakoa da hiru senide direnean. Altzagaren esanetan, bigarrenak «oso sortzaileak» eta negoziatzen abilak izaten dira: «Gurasoek ezin diote hainbeste denbora eskaini, eta horrek buruargiagoak izatera bultzatzen ditu». Kasu horretan, ohikoena «bi mugen arteko lurrean» egotea dela nabarmendu du Berastegik: «Orekatzen aritzen dira, eta interesgarria izan liteke: bigarrenak beste ikuspegi bat izan dezake, periferikoa, orokorragoa». Agirreren ustez, bigarrenak «inon ez eta edonon» daude, aldi berean. Bigarrenek «erdikoak» direla esateko joera dute, eta, haren ustez, oker daude. «Biktimismo horretatik atera behar dute: bigarrenak dira, eta horrek toki bat ematen die familian». Haren ustez, «ikusezintasun sentsazioak» askatasuna ematen die: batetik, ez dutelako zaharrena izatearen kargarik, eta, bestetik, ez dutelako gurasoen doluaren zama gainean. Izaera posizio horretatik abiatuta eraikitzea arriskutsua izan daitekeela gehitu du Berastegik.

Hirugarrenaren kasuan, «etxeko txikiaren» roletik ateratzeko beharrak eragin handia du haiengan. «Zaharrenak ez duen aire fresko horretatik gehiegi izan dezake txikiak, eta, agian, gurasoek haiengan ardura gehiago jartzearen falta suma dezakete», ohartarazi du Berastegik.

Gurasoek zenbateraino baldintzatzen dute haurrekiko jokaera, hurrenkeraren arabera? Berastegiren eta Agirreren ustez, gehiegi. «Eta egin behar da, noski, baina, esaterako, zaharrenari ez zaio beti errepikatu behar zaharrena dela eta horregatik erantzukizun bat duela; izan ere, hori kontuan hartu beharko litzateke, baina ez soilik gatazketan».

Horrekin lotuta, seme-alaba guztiak berdin tratatzearen auzia aipatu du Berastegik: «Umeei frustrazioak saihestearren, berdin tratatzen tematzen gara, eta, agian, ez genuke egin beharko». Izan ere, haurrak sentitu behar du gauzak aldatu egiten direla adinean gora egitearekin bat, haren esanetan: «Sentitu behar dute ardurak hartzen ari direla, baita eskubideak ere. Zergatik? Desberdina delako 6 edo 12 urte edukitzea: 6 urtekoari eta 12 urtekoari berdin-berdina ematen badiegu, 6 urtekoak ez du handitu nahiko; zertarako?». Agirre ere bat dator: ardurek eta eskubideek batera joan behar dute. Kontuan hartu behar da, hala ere, seme-alaben arteko adin diferentzia zenbatekoa den, gerta baitaiteke aldea oso txikia izatea: «Imajinatu bi urteko aldea baino ez dutela: zaharrenari esaten zaio uzteko lasai bestea, 'umea da eta'. Baina hura ere umea da, ezin dugu ahaztu». Iritzi berekoa da Altzaga: «Zientziak erakutsi du askoz hobea dela haurrak haien gaitasunak bultzatuz heztea, haien ahuldadeak zuzentzen arituz baino: beren beharrei eta izaerari egokitutako heziketa behar dute».

Berastegiren ustez, gainera, ez da egia seme-alabak berdin tratatzen direla, eta ez du zertan hala izan: «Haur bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta garrantzitsua da horiei adi egotea, behar oso desberdinak baitituzte». Ildo berean, Agirrek uste du «ahaztu» egiten dela pertsonen alde emozionala seme-alabez hitz egitean: «Umeek bezalaxe, pertsona bakoitzak emozio batzuk pizten dizkigu, eta sintoniak edo talkak sor daitezke. Badirudi ezin dela esan gustukoago dugula haur bat bestea baino, edo batekin hobeto moldatzen garela». Berastegiren ustez, osasuntsua da hori onartzea, eta irakaskuntzarekin lotu du: «Irakasleek onartu behar dute ez dutela feeling bera ikasle guztiekin, baina helduak dira, eta euren emozioak erregula ditzakete».

Bikiak, desberdin

Bikiekin ere berdin gertatzen da, Agirreren eta Berastegiren ustez. «Bientzako jarraibide berberak erabiltzen baditugu, bakoitzaren esentzia gal daiteke». Berastegiren ustez, beharrezkoa da bakoitzak bere espazioa izatea, «nork bere aldetik esploratzeko eta izaera osotasunean eraikitzeko». Agirrek nabarmendu duenez, identitate desberdina eraikitzen dute, eta beharrak ere desberdinak dituzte, nahiz eta mugek berdinak izan behar duten bientzat. Bikiak jaiotzetik beretik indibiduo gisa tratatzeak «heldu orekatuak» izateko probabilitatea handitzen du, Altzagaren esanetan, baita independenteki funtzionatzekoa ere.

Seme edo alaba bakar direi dagokienez, zabaldu samar dago mimatuak izatearen topikoa. «Hori da kanpora begira ikusten dena: ez da ikusten seme edo alaba bakarrek jasotzen duten karga guztia», ohartarazi du Berastegik. Batez ere, garai zailengatik: «Pentsa zer bakardaderekin bizitzen dituzten; nork nahi luke horrela bizi? Konpartitzen ez jakitea gutxienekoa da». Familian parekorik ez edukitzea desabantaila bat da, Agirreren ustez. «Proiekzio guztiak ume horrengan zentratzen dira, baita exijentzia eta begirada guztiak ere». Abantailak eta desabantailak ditu bakarra izateak, Altzagaren esanetan: «Batetik, arreta eta estimulu gehiago izaten dituzte, baina, bestetik, gaitasun sozialak edo frustrazioa toleratzeko gaitasuna gal dezakete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.