Zientzia

Bizitza ala kapitala laborategian

Merkatuan dagoen botika batek alzheimerra saihesteko ahalmena izan dezakeela jakitea eta informazioa ez zabaltzea leporatu diote Pfizer botikagintza konpainia handiari. Aditu batzuek albiste faltsu gisa sailkatu dute, baina berriz ere mahai gainean jarri du eztabaida: nola erabaki behar da zerk merezi duen ikertzea? Nork ebatzi behar du zertan inbertitu?

Enbrel botika (etanercept) immunodepresore bat da, eta inflamazioen aurka erabiltzen da, besteak beste, artritis erreumatoiderako. Alzheimerra saihesteko ahalmena izan dezakeen susmoa dago, baina ez dute oraindik baieztatu. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Alzheimerra saihets dezakeen botika bat egon daiteke dagoeneko merkatuan, eta ezkutatu egin dute». Bolo-bolo ibili da azken egunotan baieztapen hori. Batzuek salatu egin dute botikagintza industriak etekinak bizitzaren aurrean jarri izana. Beste batzuek albistea zakarrontzira bota dute, albiste faltsua delakoan. Baina ika-mikak berriz azaleratu du bioetikaren inguruko eztabaida klasikoa: zeren arabera erabaki behar da zer gaitz eta botika ikertu, gizartearen onura orokorraren arabera, edo administrazio kontseilu baten interesei jarraikiz?

The Washington Post egunkariak plazaratu du hautsak harrotu dituen artikulua, ekainaren 4an. Horretan kontatzen dutenez,AEBetako Pfizer konpainiak2015ean jakin zuen balitekeela bere Enbrel botikak %64 gutxitzea alzheimerra izateko arriskua, aseguru etxeen datuetatik ateratako ondorio estatistiko baten arabera. Artritis erreumatoidea tratatzeko egiten du Pfizerrek Enbrel. Korrelazio hori aurkitu arren, konpainiak uko egin zion ikertzeari, eta, iaz, gaitz neurologikoak ikertzeko dibisio osoa bertan behera utzi zuen.

«Pfizerrek ez du ezkutatu; 2016an argitaratu zen artikulu bat horren inguruan», esan du Begoña Calvo Hernaez doktoreak. Farmazia katedraduna da EHUn, eta botikagintzaren inguruko teknologia irakasten du. Izan ere, Pfizerrek dirua eman zion 2015ean Southamptongo Unibertsitateko (Ingalaterra) Clive Holmes irakasleari, ikerketa klinikoa egiteko. Saio txikia izan zen —41 gaixorekin—, eta horrek ez zuen alde esanguratsurik ikusi etanercept hartu zuten gaixoen eta plazeboa hartu zutenen artean. The Washington Post-eko artikuluak aipatu egiten du Holmesen ikerketa. Etanercept da Enbrel botikako printzipio nagusia, eta horren patentea 2015ean amaitu zen Europan. «Norbaitek interesa izanez gero entsegu klinikoak egiteko, bazuen aukera», esan du Calvok.

Milioi askoko hipotesiak

Hainbat hipotesi daude Alzheimer gaitzaren kausaren inguruan. Pfizer eta beste asko ildo honetan ibili dira: beta-amiloide molekula izango litzateke gaitzaren sintomen erantzulea. Izan ere, proteina hori da alzheimer gaixoen burmuinetako plaken osagai nagusia. Milioiak gastatu ditu Pfizerrek azken urteotan proteina horren kontrako antigorputzak garatzen. Baina iazko urtarrilean iragarri zuen ez zuela alzheimerra ikertzen jarraituko, neurologia taldea itxiko zuela, eta horretako 300 langile kanporatuko zituela.

Baina zergatik eduki zezakeen Pfizerrek interes txikia etanercept-alzheimer lotura ikertzeko? Askok nabarmendu dute Enbrel botikaren patentea 2012an amaitzekoa zela AEBetan (azkenean, lortu zuten hori beste hamasei urtez luzatzea), eta munduan sortu dituztela etanercepten bertsio bioantzekoak, edo, bestela esanda, generikoak: 2013an, Indiako Cipla botikaetxeak bertsio bat plazaratu zuen, Etacept, eta %30 merkeagoa izango zela iragarri zuen. Bi urte geroago, Samsung eta Biogen konpainiek Benepali botika aurkeztu zuen. «Noski, Pfizerri ez zaio interesgarria iruditu hortik ikertzen jarraitzea, beste edonork gero sal dezakeelako», esan du Calvok.

Pfizerrek milioiak irabazi ditu bere botika izarretako batekin: Viagra. Etikoki zuzena al da erekzio arazoak konpontzeko bideak ikertzea, eta ia 30 milioi pertsonak pairatzen duten gaitz baten inguruko ikerketa gelditzea?

«Enpresa pribatu batek, nahiz eta guri ez gustatu, tratamenduak ordaindu ahalko duen populazioari begirako produktuak ikertuko ditu», azaldu du Calvok. Horregatik, herrialde txiroetan kalte handia egiten duten gaitz asko oso gutxi ikertzen dituzte: Chagasen gaitza, tripanosomiasia (loeria), dengea... «Ahalegin txiki batekin tratamendua atera zitekeen, ziurrenera».

Zer egin hori ikusita? «Politikak ezarri beharko lirateke ikerketa hori botere publikoek bultzatzeko», esan du Maria Jorqui bioetikan adituak. Zuzenbidea irakasten du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Nafarroako Erietxeko Etika Batzordeko kidea da. Adituak gogoratu du mahai gainean dagoen ideia bat: nazioarteko berrikuntza eta garapen itun bat egitea, Nazio Batuen Erakundearen barruan. Herrialde bakoitzak kuota bat ordaindu beharko luke funts bat hornitzeko, eta gero erabakiko litzateke zer laborategik ikertu behar duen zer. «Funts horrekin ordainduko litzateke ikerketa hori, eta, tratamendua aurkitu ondoren, diru saria izango luke laborategiak. Patenterik ez luke izango botikak, eta dirua jarri duten herrialdeek dirua jasoko lukete salmentatik».

Europako Batzordeak halako lankidetza publiko-pribatu bat eratu zuen 2007. urtean: Innovative Medicines Initiative (Botika Berritzaileen Egitasmoa).

Ikerketa erabat publikoaren aukera ez zaio errealista iruditzen Calvori. «Gobernuaren erabakiak garrantzitsuak dira, baina botikagintzaren industriak atzean egon behar du, hura delako gauza halako ikerketek behar duten inbertsio handiak egiteko».

Gaixotasun gaitza

Alois Alzheimer psikiatra alemaniarrak deskribatu zuen gero bere izena jasoko zuen gaitza, 1901. urtean. Baina, oraindik ere, ez da ezagutzen zerk eragiten duen, edo nola sendatu. Adinarekin loturiko gaixotasuna da alzheimerra: 65 urtetik gorakoei eragiten die; neurodegeneratiboa da, garuneko zelulak endekatzen eta suntsitzen baititu. Lehenbizi, oroimenari erasaten dio, eta ahalmen intelektualak gogor kalte ditzake. Fase aurreratuan, baita mugitzeko ahalmena ere. «Orain sintomak trata daitezke, apur bat, eta zertxobait atzeratu gaitza», esan du Calvok. «Baina oso gutxi aurreratu da».

Zergatik da horren zaila —eta garestia— alzheimerraren inguruko ikerketa? Gizakiak animalietatik gehien bereizten dituen organoa garuna da. Badaude alzheimerraren sintomak animalietan arrakastaz arintzen dituzten botikak, baina, horiek gizakiekin erabili aurretik, proba luze eta garestiak egin beharko lirateke. Azken boladan askotan gertatu da animaliekin arrakastaz erabilitako botika bat erretiratu behar izatea, nahi gabeko ondorioengatik. Horrek sekulako kaltea egin diezaioke enpresa bati, porrot egiterainokoa.

Batez ere beta-amiloide molekularen inguruko hipotesia ikertu da azken 30 urteotan, eta badirudi ez atzera ez aurrera dagoela ahalegina. Ikerketaren munduaren antolakuntza bera ere erabakigarria izan da aurrerapen falta horretan. 2008ko krisiaren eraginez, gizartean oro har gertatu dena jazo da ikerketan ere: talderik handienak indartu dituzte, eta ikerketa ildo nagusiak. Talde txiki asko galdu egin dira, edo dirurik gabe geratu dira. Dibertsifikazioa ezinbestekoa da, ordea, gaitz baten jatorria oraindik ezagutzen ez denean.

Horregatik, Pfizerrek bere ikerketa ildoa erabakitzeko eskubidea duela esaten dutenek ere ohartarazten dute kasu honetan konpainiak gehiago egin behar zuela informazioa zabaltzeko. «Datu horiek ezagutzeko eskubidea dago, ezagutza hori plazaratzeak aukera eman dezakeelako gaitzari aurre egiteko bide berriak aurkitzeko», esan du Jorquik. Fabrikatzaileak legez derrigortuta daude botikek eragin ditzaketen kalteen berri ematera, eta modu berean eman beharko lukete informazio zabala espero gabeko onura bat susmatuz gero. «Agian zuk ez duzu pizgarririk hori ikertzeko, baina zientzialari komunitateak eduki dezake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.