Eguzki denean, zoin den eder krema

Isdin eta Bavaria marketako eguzkitako bi krema merkatutik kentzeko eskatu du kontsumitzaile elkarte batek. Ikerketa baten ostean, jakinarazi dute dioten baino babes txikiagoa ematen dutela. Hori ikusirik, funtsezkoena eguzkitik babestea dela diote adituek, beharrezko neurriak hartuta.

Eguzki denean, zoin den eder krema.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Badatoz udako egunak, eta, haiekin batera, baita eguzki izpien arriskua ere. Garai hauetan ohikoa izaten da eguzkitako krema erostea, babesteko. Garrantzitsuena babes indizea izaten da, azalak ondoriorik ez izateko. OCU kontsumitzaile elkarteak eguzkitako krema pediatrikoak ikertu ditu, Europako azterketa baten barnean. Ondorioztatu duenez, Isdin eta Bavaria marketako bi kremak dioten baino babes txikiagoa ematen dute. Hori ikusirik, eskatu du merkatutik erretiratzeko eguzkitako krema horiek.

Kepa Loizaga kontsumitzaile elkarteko arduradunetako bat da. Esan du urtero egin ohi direla halako ikerketak, atzerriko laborategi homologatuetan: «Guk ez daukagu laborategi propiorik, eta, beraz, kanpoko laborategietara bidaltzen ditugu aztertu beharreko laginak». Kasu horretan, Europako 30 krema pediatriko ikertu dituzte. «Emaitzak jaso eta konturatu ginen Isdin eta Bavaria marketako bi kremak adierazi baino babes txikiagoa zutela», azaldu du Loizagak. Biek 50eko babesa ematen dutela esan arren, maila hori apalagoa dela ondorioztatu dute: Isdinen kasuan, hamabostekoa, eta Bavariarenean, 30ekoa.

Boluntarioekin egiten dituzte ikerketak. «Boluntarioei hainbat krema dosi aplikatzen zaizkie, erradiazio jakin batekin; gero, erreakzioa zein den ikusten da», adierazi du OCUko kideak. Izpi ultramoreekin egiten dira proba horiek, bi mota oinarri hartuta: UVB eta UVA. «Bi izpi ultramoreak dira kaltegarriak, A zein B motatakoak; beraz, bientzako behar da babesa», esan du Nerea Landa Dermitek zentroko dermatologoak. Gaineratu duenez, segurtasuna ziurtatzeko, «espektro zabaleko babesa» duten eguzkitako kremak behar dira.



Ikerketaren emaitzak lortu ondoren, datuak enpresei bidaltzeaz arduratzen dira kontsumitzaile elkarteko kideak. Konpainiek, berriz, alegazioak egiteko aukera izaten dute, eta dokumentazio gehiago eskatzekoa. Halere, ez dute jakiten zer laborategik egin dituen ikerketak. «Laborategi horiek enpresentzat ere egiten dute lan; beraz, datuak negatiboak balira, badago arriskua etorkizunean enpresek ez kontratatzeko laborategi horiek», gaineratu du Loizagak.

Beraz, emaitzak oinarritzat hartuta, kontsumitzaile elkarteak eskaera egin dio Espainiako Sendagaien eta Osasun Produktuen Agentziari aipaturiko kremak merkatutik erretiratzeko; izan ere, hark du horretarako eskumena. «Ikerketaren gaineko dokumentazio gehiago bidaltzeko eskatu digute, eta, orain, guztia ikertzen ari dira», esan du OCUko kideak. Enpresek ere eduki dute zer esana. Bavariak alegazioak aurkeztu ditu, jasotako dokumentazioa oinarri hartuta. Isdineko zuzendari exekutiboak, berriz, adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean. «Haiek diote gure elkarteak ez duela pertsonalik, ezta gaitasunik ere, halako ikerketa bat egiteko; dena dela, baditugu kanpoko laborategi homologatuetako emaitzak», nabarmendu du Loizagak.

Horren inguruan, azaleko gaietan adituak direnek ere badute zeresana. Landak esan du kontsumitzaile elkartearen adierazpenek «zehatzagoak» beharko luketela: «Gustatuko litzaidake OCUk publikazio bat egitea azaltzeko emaitza horietara nola iritsi den; izan ere, oraindik ez du halako daturik eman». Haren ustetan, Isdin «fidatzeko» marka bat da, eta, beraz, ikerketaren emaitzak beste azterketa independente batekin erkatu beharko lirateke produktuak merkatutik erretiratu aurretik.

Garrantzitsuena: babesa

Eztabaidak eztabaida, eguzkitik babestea da beharrezkoena. «Eguzkitako kremak dira gehien erabiltzen diren babesleak azalaren gainean jarri ohi direnen artean; produktu horiek modua jartzen dute erradiazio ultramoreek azala ez zeharkatzeko», azaldu du Landak. Eta gaineratu du orotara bi talde handitan bana daitezkeela haien osagaiak: elementu fisikoak eta kimikoak. Lehen multzokoek «pantaila» bat legez funtzionatzen dute; hain zuzen ere, erradiazioa «sakabanatu» egiten dute eguzki izpiak azalera iristean. Bigarrenek, berriz, erradiazio hori «xurgatzen» dute.

Eguzkitako krema bakoitzak duen indizeak ere berebiziko inportantzia du. «Indizeak adierazten du pertsona bat zenbat denbora egon daitekeen eguzkitan erre gabe», azaldu du dermatologoak. Eta adibide bat jarri du: «Gizaki bat eguzkitan hamar minutu egon ostean erretzen bada, hogeiko indizea duen krema batekin berrehun minutuan egongo da erre gabe». Halere, Landak esan du hori errealitatean ez dela hala izaten. Haren arabera, jendeak, oro har, ez du behar beste krema ematen, ezta behar den aldi guztietan ere.

Halako produktu baten aplikazio desegokiak ondorioak sor ditzake. «UVB izpiak D bitaminaren iturri dira, baina gehiegizko esposizioak ondorio kaltegarriak eragin ditzake», azaldu du dermatologoak. Esaterako, gogoan izan ditu orbanak, immunologia sistemari eginiko kaltea eta zahartze goiztiarra. Minbizia da, ordea, ezagututako ondoriorik larriena.

«Azaleko minbizia da gehiegizko esposizioaren ondorio larriena; izan ere, minbizien artean melanomak eragiten du heriotza tasarik handiena; eta, gainera, jende gazteak pairatu ohi du», nabarmendu du landak. Gaineratu duenez, melanoma handitu ohi den orin bat izaten da, kolorez aldatzen dena. Azal kolore oso zuria dutenek eta orin asko izateko joera dutenek aukera handiagoa dute melanoma pairatzeko; ondorioz, sarri egin behar dituzte mediku azterketak.

Babesteko pautak ere eman ditu medikuak. «Aholkatzen dugu erabiltzen diren kremak, 50eko babesekoak izateaz gainera, espektro zabalekoak izatea». Gaineratu duenez, eguzkitan jarri baino 30 minutu lehenago ematea komeni da, eta berriz ematea handik bi ordura. Bainatu edo izerditu ostean ere krema eman behar da.

Kremak krema, 11:00etatik 16:00etara itzala aurkitu behar dela ohartarazi du dermatologoak, eguzkiak gogor jotzen duelako: «Nahiz eta erredurak ikusgai ez egon, baliteke eguzkiak berdin-berdin egitea kalte».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.