Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Handke-ren amodio gutunak

Jose Mari Pastor -

2021eko urriak 2

Peter Handke-k amodio gutunak idatzi zizkion, 70eko urteetan, Jeanne Moreau-ri. Idazle austriarrak eta Nouvelle Vague-ren sinboloak harreman berezia izan zuten, amodioak zizelkatua. Handkeren amodio gutunak hil baino lehen erreko zituela agindu zuen Moreauk. Azkenean ez zuen halakorik egin, baina. Eskutitzak Jeanne Moreau fundazioak ditu orain, Parisen. Argitaratzeko baimena eskatu dio Handkeri, baina hark ezezko borobila eman dio, idazleak Sueddeutsche Zeitung egunkariari jakinarazi dionez.

Zer axola digute bi maitaleren gutunek, mezuak arlo pribatuari baino ez badagozkio? Zer ardura diote munduari Handke idazleak Moreau aktoreari bidalitako eskutitzek? Amodio gutunak idatziko genituzke, edozeinek irakurriko dituela jakingo bagenu? Gure hitzek benetakotasuna galduko luketela uste dut.

Autobiografiek antzeko arazoak sor ditzakete. Zaila da nork bere burua jendearen aurrean zintzotasun osoz biluztea. Antonio Franco kazetariari memoriak idatziko ote zituen galdetu zioten, jadanik gaixo zegoela. El Periódico de Catalunya egunkariaren sortzaileak ezetz esan zuen. «Sekretu profesionalean sinesten dut. Inoiz ez nituzke memoriak idatziko murrizketekin». Larunbatean hil zen Franco. Harekin joan ziren bere sekretu profesionalak.

Elkarrizketa hartan biolentziari buruz mintzatu zen Franco: «Gandhik belarrondokoka amaitu zuen. Gandhiri buruz hitz egiten dugunean klixe bat geratu zaigu, inor hil gabe irabazi zuela esaten duena. Eta Indian hil egin zuten. Hala izan ez balitz, ingelesak han egongo lirateke oraindik». Hara! Gandhi kolpeka ibili zen Indian. Nelson Mandela Hegoafrikan bezala. Pepe Mujica Uruguain bezala. Denok erabili zuten biolentzia politikoa. Haien alde bat ezagutarazi digute, bestea ezkutatuta: haiek ez zioten muzinik egin iraganari; osotasunean onartu zuten eginikoa. Onean eta txarrean.

«Egindakoa gaizki egon zela esatea exijitzen diet ETAko presoei», adierazi du Beatriz Artolazabalek. Gertakari historiko bat osotasunean deslegitimatzea da helburua. Zer egin behar zuten 60ko urteetako euskal gazteek? Etxean geratu eta gure Jaunari otoitz egin Franco lehenbailehen hil zedin, batzuek egin zuten legez? Mandelak eta Mujicak ere hala jokatu behar zuten, apartheidak eta diktadurak eskubideak eta duintasuna urratzen zizkieten bitartean? Ez dugu halakorik entzungo, ordea: «Gaizki egon zela esatea exijitzen diot Pepe Mujicari». «Gaizki egon zela esatea exijitzen diot Nelson Mandela fundazioari». Egindako guztia gaizki egon omen zen. Diktadurako torturatzailerik sadikoena hiltzea ere bai. Horregatik omendu dute hura, Gasteizen eraikitako zentroan. Esaiozu Mujicari hemen halakoak egiten ditugula. «Zozoak, ezta?», esango du.

Mandelak argi azaldu zuen bere autobiografian. Bere erakundeak hemeretzi zibil hil zituen, eta 200 baino gehiago zauritu, Pretoria-n, informazio zerbitzuen egoitzaren kontrako atentatuan. Hauxe idatzi zuen Mandelak, urte batzuk geroago: «Hildako horiek asaldatzen ninduten arren, banekien istripu horiek borroka armatuari ekin izanaren ondorio saihetsezina zirela. Giza huts-eginkortasuna gerraren alde bat da, eta horren prezioa altua da beti». Iraganeko gauza bakarraz damutzen zela esan zuen Mujicak: Poliziak harrapatu zuenean «azkarrago korrika egin ez izanaz». Hala ere, Euskal Herriko bakezale ofizialek Mandela eta Mujica santutu dituzte, eta hemen berdin jardun zutenak larrutu. Zurikeria da hori. Edo koldarkeria. Zipaiokeria.

Bada biolentzia hemen, hor edo han erabiltzea gaitzesten duenik. Pertsona horiek errespetu osoa merezi dute. Koherenteak dira, behintzat. Hemen egindakoa gaitzetsi eta kanpoan antzera ibili zirenak laudatzen dituztenek, berriz, ez.

«Nire bizitzako amodioa zara», idatzi zion Jeanne Moreauk Peter Handkeri, 1974an. «Nire lehen eta azken amodioa zara», erantzun zion idazleak. Kazetariak iraganeko hitz horiek gogorarazi dizkio artista austriarrari. «Zozoa, ezta?», esan dio Handkek.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Arnasgune batzuek utzi diote hala izateari; hori irauli nahi dugu»

Irati Urdalleta Lete

Hiru lan ildo nagusi zehaztu ditu legealdirako: UEMAren hedatzea, ikerketa eta kulturartekotasun proiektuak. Hizkuntza politika «aurrerakoiak eta ausartak» galdegin ditu.
Vianako Erentzun ikastolako ikasleak, atzoko ekitaldian. ©BERRIA

Begirada komun bat ikastolentzat

Ion Orzaiz

Ikastolek hezkuntza marko orokor berria aurkeztu dute, Vianan. VII. batzarra eginen dute 2024an, etorkizuneko erronkak aztertzeko

Atzo Antiguan egin zuten kanpaldiko ekintza bat. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Egitarau zabaleko kanpaldia «etxebizitza eskubidearen alde»

Unai Etxenausia

Ehun-ek antolatu du kanpaldia. Turismoaren inguruko hitzaldi batekin hasiko dute eguna gaur

Tania Diez. ©Aritz Loiola, FOKU

«Kaleak ito, gaixotu eta hil egiten zaitu»

Iraia Vieira Gil, Bizkaiko Hitza

Goiztiri elkartearen azken kontaketaren arabera, ehun etxegabe inguru bizi dira Barakaldon. Baliabide falta ikusita, Eguneko Arreta Zerbitzua ireki zuen elkarteak 2011n. Tania Diez teknikariak dio leku gehiago behar dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...