ETA armagabetu eta lau urtera, presoen auzia konpontzeko eskatu dute

Bake Bidearen eta Bakegileen ustez, «kontrajarriak» dira emandako pausoak eta presoen egoera. Protestara deitu dute ekainaren 26rako

ETAren armagabetze egunean Baionan egindako ekitaldia. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Atzo duela lau urte iragarri zuen ETAk armagabetu zela, eta, Bake Bidearen eta Bakegileen ustez, urteurrenak «kontrajarriak diren bi errealitate» jarri ditu parez pare. Izan ere, egun hartan Baionan irakurri zuten manifestuak zioenez, bakea ez da «indarkeriarik eza bakarrik». Ordea, presoen auzia konpondu gabe dago oraindik, eta horretan datza, bi eragileen ustez, kontraerrana: «2021eko apirilaren 8ak Ion Paroten, Jakes Esnalen eta Unai Paroten 31 urteko kartzelaldiarekin bat egiten baitu».

Haiekin batera atxiloturiko Frederic Haranburu Xistor baldintzapean aske utzi zuten joan den azaroan, baina ez, ordea, bertze hirurak. Eragileek salatu dute, halaber, Ion Parotek positibo eman zuela martxoan koronabirusean. 70 urte ditu euskal presoak, baldintzapean aske uzteko eskatzen duen seigarren aldia da, eta, Bakegileen eta Bake Bidearen ustez, kutsatzeak ez zuen «gertatu behar»: «Ekidin zitekeen, Ion Parot ez balitz salbuespeneko neurrien menpe izan».

Ez da horiena «salbuespenezko» kasu bakarra. Izan ere, euskal presoen eskubideen aldeko eragileek oroitu dute Frantziako Gobernuak pandemiaren hasieran hartutako neurriek ez zituztela euskal presoak kontuan hartu —egoerarik zaurgarrienean ziren hainbat preso askatu zituzten—. «Salbuespen egoera hau dela eta, Ion Paroti, Jakes Esnali, Frederic Haranbururi, Josu Urrutikoetxeari, Gurutz Maiza Artolari eta Ibon Fernandez Iradiri ez zaizkie beren eskubideak bermatzen, haien adina eta eritasunak direnak izanik ere». Ibon Fernandez Iradiren kasua nabarmendu dute: larriki eri da, eta hark ere pasatu zuen COVID-19a. Haren kasuan ere, 2019an epaitegiak zigorra etetea onartu bazion arren, preso segitzen du.

Bake Bideak eta Bakegileek salatu dute denbora aurrera doala eta arazo horiek konpontzeko «presa» dagoela: «Ezin dugu errealitate bikoitz hau gehiago onartu. Kontraerranean ezartzen ditu, alde batetik euskal jendarte dinamiko eta asmamen handikoa, Euskal Herriaren testuinguru politikoan aldaketa erradikala ekarri duena; eta, bestetik, terrorismoaren kontrako ministerio publiko anakronikoa». Eragileen ustez, «bakea» lortzeko gatazkaren ondorioak eta, horrenbertzez, «presoen gaia konpondu» behar dira.

Ekainaren 26an, martxa

Bake Bideak eta Bakegileek jakinarazi dutenez, ekainaren 26an martxa bat eginen dute Baionatik Donibane Lohizunera (Lapurdi). Jakes Esnal eta Ion eta Unai Parot preso diren urte bakoitzeko kilometro bat eginen dute, erreleboka: 31 kilometro guztira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.