mikel reina
HIRUKOTIK

Hitzak

2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Batzuetan hitzak sobran egoten dira. Zaila da gaur egun ezer ez esatea, denok dugu esateko zerbait. Ostegun gauean, ni behintzat hitzik gabe geratu nintzen. Eta ostiral arratsaldean berriro gertatu zitzaidan. Bai, derrigortuta nago, horren inguruan hitz egin beharra dago. Ezin daiteke ezerezean geratu. Lotsagarria izan zen. Aspaldian ez nuen hainbesteko lotsarik pasatu. Ez dakit zer izan zen lotsagarriagoa, borroka bera, edo ondoren jarritako isunak.

Ezer ez esan. Ez dakit nondik hasi ere. Ez dakit zer izan zen txarragoa. Guerschon Yabuselek ezingo luke urteetan saskibaloira jokatu. Dante Exumi egindakoak ez du hitzik, ezin dut deskribatu. Irudi batek askotan hitzek baino gehiago esaten du. Okerrena da, ordea, ez dela lehen aldia. Behin baino gehiagotan errepikatutako jarrerak dira. Horregatik, zigorrak eredugarria izan beharko luke. Hain zuzen ere, Euroligak aurrekari oso arriskutsua ezarri du jarritako zigorrekin. Bost partida gutxi dira, oso gutxi, gutxiegi. Merke atera zaio. Merke, eta ondo eta guzti, esango nuke, Real Madrili. Kevin Punterrek eta Mathias Lessortek ezingo dituzte hurrengo bi partidak jokatu. Eta ikusiko dugu Dante Exumek jokatuko duen edo ez, baiezkoan nago. Hau da, fase erregularreko hiru jokalaririk onenak barik jokatu dezake Zeljko Obradovicek. Zigor handiagoa dirudi horrek guztiak. Sergio Llull— sua piztu zuena— esku hutsik joatea ere argigarria da. Antolatzaileak hurbiletik ikusi zuen Nicolas Batumek Juan Carlos Navarrori 2012ko Olinpiar Jokoetan egindakoa. Ni berehala eraman ninduen erasoak, eta ez kolpeak batzuek dioten moduan, 11 urte atzera. Horrelako jarrerek atzerago, ordea.

Hitza hartzen jakitea garrantzitsua baita. Noiz eta nola egiten den garrantzitsua da. Real Madrileko zaleek argi utzi zuten, ez bakarrik behin, bi aldiz baizik, Yabuseleren aldeko jarrera, txalo eta oihu artean. Ulergaitza. Adibidez, ez ninduen hainbeste harritu igandeko partidako Chus Mateoren jarrerak Gaby Deck eta Yabuselerekiko. Titular atera ziren, eta asko jokatu zuten. Guztiz ulergarria. Ados egon zaitezke edo ez, baina horrelako mailetan moral edo etika gutxi dago. Taldearen aurkako jarrerak zigortzen dira, edo klubaren ohorearen aurkakoak akaso, eta ez dute horrelakorik ikusi. Ez dago besterik.

Zer esana. Kanporaketez hitz eginda, Golden State Warriorsek 28 daramatza jarraian, etxetik kanpo behintzat garaipen bat lortzen. Aurtengoak are meritu handiagoa dauka. Izan ere, liga erregularrean 11 partida irabazi dituzte bakarrik. Garrantzitsuena lortu dute, gainera, kanporaketako zazpigarren eta azken partidan. Stephen Curry azken lehian 50 puntu sartu dituen lehen jokalaria da. Hitz soil batek uste baino gehiago esan nahi du. Kanporaketak, esate baterako, oso bestelakoak dira. Badaude denboraldiko fase horretarako diseinatutako jokalariak eta guzti. Jimmy Butler horietako bat da, eta Erik Spoelstraren eskutik eta Miami Heaten kamisetarekin are gehiago.

Historian seigarren aldiz kaleratu du zortzigarren sailkatuak lehendabizikoa: Denver Nuggets 1994an, New York Knicks 1999an, Warriors 2007an, Memphis Grizzlies 2011n eta Philadelphia 76 Sixers 2012an. Giannis Antetokonmporen porrotaren inguruko hausnarketak eta Michael Jordanen aipamenak ezin izan dute Milwaukee Bucksen kaleratzea ezkutatu.

Arrakastaren eta porrotaren arteko muga fina da benetan. Joan den asteko borrokak inoizko Euroligarik onenaren arrakasta ezkutatu dezake. Txapelketa bera zalantzan jarri delako. Hitzak baino gauza mingarriagoak badaudela argi dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.