Handienek ere jotzen dute lurra

Jendearen bizitzan sartu zirenetik, ezer ez da gauza bera izan. Teknologia enpresa handiak etenik gabe hazi dira azken bi hamarkadetan. Gauzak egiteko modu berri, gazte eta asmo onekoa aurkeztu zioten munduari, baina agerian geratzen hasiak dira horrenbeste puztutako proiektuek dituzten zuloak.

BERRIA.
Andoni Imaz.
2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Ez izan gaiztoa. Don't be evil. Hori bera izan zen Google enpresaren lelo korporatiboa, lelo baten beharra izan zutenetik. 2000. urtea zen. Enpresako langileen jokabide kodeko lehenengo puntua ere horixe: «Don't be evil». Mundua aldatzera zetorren erraldoiaren sortzezko mandamentuak ongia zuen helburu, edo gaizkia ez, behintzat; langileek edozer egitean, gogoan izan behar zuten erabaki zuzena hartu behar zutela. Ordutik, koloretako letrak dituen bilatzaile izarra bilatzaile soila baino askoz ere gehiago da: erabiltzaileek dokumentuak sarean gordetzeko Drive zerbitzua; Youtube, sareko bideo komunitaterik zabalena; Gmail posta elektronikoko zerbitzua, eta Maps, mundu osoko mapa zerbitzaria. Guztia guztion eskura, dena doan. Etengabe hazten jarraitzen du enpresak, eta eskaintzen dituen zerbitzuak ez dira denbora honetan guztian aldatu diren bakarrak. Googleren jokabide kodeak ere ez du garai bateko itxura bera.

Iaz gertatu zen, nahiz eta enpresak ez zuen jendaurrean esan, ezta azalpenik eman ere inongo agiritan. Baina Don't be evil desagertu egin zen. Sareko jardun osoa jasotzen duen WayBack Machine tresnari esker jakin daiteke 2018ko apirilaren 21aren eta maiatzaren 4aren artean gertatu zela aldaketa. Ordutik, honela hasten da: «Googleko lanarekin lotura duen edozein jardun enpresa etikako ahalik eta estandar altuenarekin neurtuko da». Azkeneko paragrafoan: «Eta gogoratu... ez izan gaiztoa!».

Esloganak jarri eta aldatu egiten dira, eta, urte hauen guztien ondoren, azken lerroko ohar batekin nahikoa izan daiteke enpresako kideek dagoeneko barneratu duten jokabide bat gogora ekartzeko. Dena den, gauzak beste modu batera egiteko asmoa zuen enpresa batek aukeratutako leloak berez daukan sinbolismoaren parekoa dauka lelo hori bera ia ahanzturara bidaltzeak. Litekeena da leloak ez ordezkatzea enpresako buruzagien asmoak, eta langileak ez zituen ustekabean harrapatuko, akaso, beren gaineko kode aldaketak. Halere, esanguratsua da Googlek berak aitortzea bukatu dela Don't be evil aroa, eta ez duela itxura lagunkoirik erakutsi behar aurrerantzean hartuko dituen erabakiak hartzeko.

Protestak Googlen

Etorkizuneko lantegi modukoak izan dira Googleren bulegoak. Munduko enpresa boteretsuenetako bat izanagatik ere, gazte kamisetak ageri dira traje eta gorbaten ordez. Langileek sofa edo eserleku eroso batean egiten dute lan, kanpora ateratzen ez direnean belarretan eseri eta ordenagailu eramangarri batekin lan egiteko; lankideekin billar partida bat jokatzen aritzen dira bestela, lantokian bertan. Eneko Knorr ekintzaile eta inbertitzaileak honela ikusten du: «Ikusi zuten behar zutela talenturik onena, eta behar dena ordaintzen dute horretarako; oso ondo zaintzen dituzte langileak. Horrela lortzen dute talenturik onenarekin produkturik onenak sortzea».

Iaz, ordea, zenbait protesta egin zituzten enpresako langileek, jatorrizko filosofiari traizio egitea leporatuta. Apirilean —jokabide kodea aldatu zuten hilabete berean—, eskutitz bat sinatu zuten langileek, enpresak Pentagonoarekin egindako lankidetza baten harira. Irudiak interpretatzeko inteligentzia artifiziala lantzen ari ziren, drone militarren zehaztasuna hobetzeko. Googleri «gerraren negozioan» aritzea egotzi zioten langileek, eta lortu zuten lan horiek bertan behera uztea. Azaroan, 78 bulegotako 20.000 langile atera ziren kalera, sexu jazarpenagatik salatutako goi karguen auzian enpresak hartu zuen jarreragatik. Android sistemaren sortzaileetako batek 90 milioi dolarreko (79,67 milioi euro) ordaina jaso zuen zaratarik atera gabe alde egiteagatik, MeToo kanpainaren erdian.

Gorka Julio informatika garatzaile eta Talaios kooperatibako kideak uste du hasierako asmoa aldatu dutela halako enpresek: «Enpresa horiek motibo batekin jaio ziren, pasioa eta gogoa zeukaten pertsona batzuekin, baina, haziz joan direnean, beren praktiketan misioa alboratu, eta beste bide bat hartu dute». Monopolio direla gaineratu du: «Liberalismotik jaio diren proiektuak izanik ere, bukatu dute monopolioak izan nahian». Knorren arabera, historian eta herri guztietan esan izan da monopolioak «oso txarrak» direla, baina orain «monopolio teknologikoen aurrean gaude», eta, beste paradigma bat ekartzearekin batera, arrisku berriak ere ikusten dizkie. «Beren meritua dute, sortu dira nolabait abantaila teknologiko bat eman dutelako, eta ezagutzen dugun zerbitzurik onena haiek dutelako, baina monopolioaren abantaila baliatzen dute lehiakideak kanpoan uzteko».

Hori bera gertatzen da Amazon enpresarekin. «Munstro bat» bilakatzen ari da herrialde askotan, Knorren hitzetan, monopolio bihurtzen ari delako, hain justu. Erabiltzaileek ez dute Internet erabiltzen sareko erosketak egiteko: zuzenean Amazon erabiltzen dute. Gainontzeko kasuetan bezala, «ez da kasualitatea» hor egotea: «Zerbitzua ezin hobea da, beti iristen zaizkizu gauzak, eta gehienetan, prezio onean. Baina definizioz izango da txarra, kontrol handiegia izango duelako merkatuaren gain».

Erosketa enpresa erraldoiaren irudiak ere okerrera egin du nabarmen azken boladan. Lan kudeaketan izandako bilakaerarekin eta robotizazioarekin betetzen zituzten lehen egunkarietako tituluak; orain, ordea, Europa osoko langileen grebak dira albiste. Evgeny Morozov idazle eta ikerlariak neofeudalismoa deitu izan dionaren alde ilun bat gehiago. Azken hiru urteetan, bikoiztu egin da enpresako langileen kopurua, baina lan baldintzek ez dute hobera egin. Opor garaian eta data esanguratsuetan izaten dute lan gehien, eta langileek salatu zuten 60 orduz egiten dutela lan astean.

«Ergel halakoak»

Dozenaka zerbitzu, eta guztiak doan. Orain arteko enpresa logikatik urrundu dira konpainia handiak, baina ezer ez da doakoa, Knorren arabera: «Pentsatzen dugu Google dela gure salbatzailea, dena ematen digu doan. Haren estrategia beti izan da doako zerbitzuak ematea gu mendeko bihurtzeko. Hori da monopolio teknologikoen arriskua». Gaiztoak ez izatea eta mundu osoa konektatzea dira Google eta Facebooken «jatorrizko leitmotiva», baina ahalik eta jende gehien biltzen saiatzen dira, «haien eremuan itxi, eta horien datuekin negozioa egiteko», Julioren esanetan. «Atzeko logika ez dago hor erabiltzaileen mesedetan, kapitala jarri duten enpresaren arduradunek behartuko zaituztelako erabakia hartzera, eta kapital hori jarri duen jendeari ordaintzeko beharrezkoa dena egingo duzu: pribatutasuna ahuldu, datuekin trafikatu...».

2010. urtean, Time aldizkariak urteko pertsona izendatu zuen Mark Zuckerberg, Facebooken sortzailea. 26 urte zituen. Sei urte lehenago sortu zuen Facebook, eta haren gazte aurpegiak, sortutako zerbitzuaren arrakastarekin batera, Silicon Valleyko irudi ideala proiektatzen zuen: Internet mundu berri bat zen,eta gazte langile talentudun batek mundua alda zezakeen soilik bere ordenagailuaren laguntzarekin. Urte horretan bertan, Zuckerbergek Facebook sortu berritan lagun batekin izandako elkarrizketa filtratu zen. Zuckerbergek berak onartu zuen egiazkoa zela: «Inoiz Harvardeko inoren informazioa behar izanez gero, esan. 4.000tik gora posta elektroniko, argazki eta helbide dauzkat». «Zer? Nola lortu duzu hori?». «Jendeak bidali egiten ditu. Ez dakit zergatik. Nitaz fidatzen dira. Ergel halakoak».

Ia hamar urte geroago, krisi gogor batek jo du Facebook, gezurretan aritu delako. Erabiltzaileei esan zien ez zutela haien daturik salduko, baina, egin, egin zuten, Knorrek dioenez: «Facebook jende guztiak erabiltzen du, leku guztietan dago. Diru gehiago irabazteko, esandakoak baino datu gehiago eman dizkie enpresa batzuei, eta hori benetan arriskutsua da. Baina jende askok esaten du: 'Facebook ezabatuko dut', eta egunero erabiltzen dute Whatsapp». Enpresa bera da mezularitza zerbitzuaren jabea, eta horko datuek ere berebiziko balioa dute, Knorren ustean: «Whatsappeko datuak iragarleei salduko dizkiete errentagarri egiteko. Orain, Whatsappen mendeko gara erabat».

Erabiltzaileen datuei esker, teknologia enpresa handiak «dirua egiteko makina» gisa ikusten ditu enpresari eta inbertitzaileak. Marketineko segmentazio teknikei esker, herrialde batzuetan, Facebookek 10 eurotik 50 eurora bitarte irabazten du urtean erabiltzaile bakoitzeko. Doako zerbitzu baten trukean.

Julioren irudipena da «orain konturatzen ari garela zenbateraino barneratu diren gure bizitzan, baina aldi berean sentitzen dugu ez dagoela aukera handirik hortik ateratzeko». Erabiltzaileak «erasoak» sentitzen direla dio, pribatutasunagatik zein enpresa horietako langileen baldintzengatik, baina ez dago asmo irmorik legeak edo erabiltzaileen praktikak aldatzeko. «Hegemonikoa bihurtu den markoa hausten ez badugu, ezingo dugu etorkizun hobe bat pentsatu. Itxaroten egongo gara beste bat etortzeko esatera Don't be evil, eta errepikatuko da gurpil hori. Hori da okerrena: marko psikologikoan dago arazorik larriena, ez teknologikoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.