SINATZAILEEN IRITZIA

2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
«Adostasun sozial eta zabalak eraikitzekoordua da»

Naia Torrealdai  Bilgune Feminista

«Uste dugu hizkuntza politiketan adostasun sozial eta zabalak eraikitzeko eta konpromiso horiek hartzeko ordua dela», nabarmendu du Naia Torrealdai Bilgune Feministako kideak. Kontseiluak hizkuntza bazterketak alde batera uzteko egin duen apustua garrantzitsutzat jo du: «Euskara unibertsala izateko baldintza material zein subjektiboak izan behar direla ulertzen dugu, eta ideia horiek zabaltzea garrantzitsua da».

«Kontsentsua eraikitzea ekarpen inportantea dela iruditzen zaigu»

Eneko Gorri Mintzalasai

Eneko Gorri Baionan, Angelun eta Miarritzen (Lapurdi) euskararen normalizazioan diharduen Mintzalasai egitasmoko kidearen ustez, ezinbestekoa da euskalgintzako eragileak elkartzea. Euskararen inguruko adostasunak bultzatzea funtsezkotzat dauka: «Kontsentsua eraikitzea ekarpen inportantea dela iruditzen zaigu. Garrantzitsua da urrats handi eta sendoak ahal bezain fite egitea, kontsentsu soziopolitiko hori haustean zailagoa izango baita euskararen alde lan egitea».

«Posible egin behar dugu euskarazlan egitea gure enpresetan»

Ander Etxeberria Mondragon Korporazioa

Mondragon Korporazioak ere bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluaren agiriarekin. Ander Etxeberria korporazioko euskara koordinatzailearen hitzetan, euskararen aldeko jauzia egin behar da, eta «eraginkorragoa» eta «errazagoa» da jauzi hori elkarrekin egitea. Bereziki enpresa arloan jarri du arreta: «Gehiengo zabal batek daki euskaraz, eta enpresetara iristen direnean ezin dugu onartu enpresek gaztelaniaz egitea. Posible egin behar dugu euskaraz lan egitea gure enpresetan».

«Ausardia behar dugu euskara erdigunean jartzeko»

Libe Mimenza Behategia

«Garai azeleratu hauetan, urrats berriak egiteko unea da. Urgentzia dugu horretarako. Agertoki konplexuak ditugu aurrean, eta horiek erantzun kolektiboak behar dituzte», nabarmendu du Hedabideen Behategiko koordinatzaile Libe Mimenzak. Hizkuntza euskarazko hedabideetan erabiltzeaz harago, komunikabide elebidunetan ere euskara «eroso» erabiltzeko guneak sortu behar direla nabarmendu du Mimenzak, eta aldarrikapen bat ere egin du: «Ausardia behar dugu euskara erdigunean jartzeko».

«Ezinbestekoa da sare lana eta konplizitateak ehunduz joatea»

Yayone Altuna Bizkaiko Abokatuen Elkargoa

Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Yayone Altunaren ustetan, funtsezkoa da euskara itzalpetik irteteko hizkuntza politiketatik hastea: «Ezinbestekoa da sare lana: harremanak, ikaskuntzak, konplizitateak ehunduz joatea; euskarari zor diogun espazio komun, dibertsifikatu eta ireki bat eratu arte». Euskarak justizia arloan presentzia «gutxi» duela nabarmendu du Altunak, eta ezinbestekotzat jo du eragile guztien elkarlana eta konpromisoa euskara normalizatu eta sustatzeko.

«Bermatu egin behar dugu pazientearekin euskaraz komunikatzea»

Manuel Garcia  Gipuzkoako Mediku Elkartea

Kontseiluak aurkezturiko dokumentua euskararen normalizazioan urratsak egiteko «egokia» dela nabarmendu du Manuel Garciak, Gipuzkoako Osagileen Elkarteko presidenteak. Medikuaren eta gaixoaren arteko harremana euskaraz izatea garrantzitsua dela berretsi du: «Komunikazio hori euskaraz, erosotasun osoz garatu dadin bermatu beharra dagoela uste dugu. Askotan, gaixoaren hobekuntza terapeutikoaren zati handi bat horixe baita: elkarrizketa». Kontsentsua lortuta, praktikara eramatea zailagoa dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.