Masek PDeCATeko presidente kargua utzi du, «etapa berri bati» bidea uzteko

Alderdiaren proiektu berria zabaltzea errazteko eta bere aurkako prozesu judizialetan zentratzeko utzi du kargua Masek. Presidente ohiak esan du ez duela politika utziko

QUIQUE GARCIA / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Kataluniako Generalitateko presidente ohi Artur Masek dimisioa aurkeztu du PDeCATeko presidente gisa. Atzo arratsaldean eman zuen erabakiaren berri, alderdiaren batzorde nazionalarekin bildu ostean. Masek azaldu du bi arrazoi daudela erabakiaren atzean, politikoa eta juridikoa. Lekua utzi nahi dio alderdiak hartutako bide berriari. Bere aurkako prozesu judizialez aritzean, ordea, ez du aipatu Palaukasua. Epaileek datorren astelehenean emango dute kasu horretako sententziaren berri.

2016ko urtarrilaren 9an pauso bat atzera eman behar izan zuen Masek, independentistek euren bide orriari jarraitu ahal izateko. Orduan, Carles Puigdemonten esku utzi behar izan zuen Generalitateko presidentetza, CUPek bultzatuta. Erabaki haren bigarren urteurrenean «beste pauso bat» eman du alborantz.

«Proiektua zabaltzea erraztea» da Masentzat PDeCATeko presidentetza uzteko arrazoi nagusia. Alderdiak JPC Junts Per Catalunyaren formularekin hasitako «etapa berriari» jarraitu behar diola uste du, alderdiaren oinarriek eta pertsona independenteek osatua: «Ez ikusi enfrentamendurik PDeCATen eta JPCren artean». Bide berri hori aurrera eramateko, ordea, «lidergo berriak» behar direla azaldu du. Halere, Masek adierazi du ez dela politikatik erretiratu.

Bigarren mailako arrazoitzat jo du aurretik duen «egutegi judiziala». Mas kargu publikoetan aritzeko gaitasun gabe utzi zuen Kataluniako Auzitegi Nagusiak 2014ko azaroaren 9ko erreferendumagatik, eta Espainiako Auzitegi Gorenak epaia berretsiko duela uste du. Bestalde, Espainiako Kontuen Auzitegian ere prozesua martxan du galdeketa beraren harira. Azkenik, iazko urriaren 1eko erreferendumeko sumarioan sartu dute.

Masek azaldu du duela hilabete batzuk hartu zuela kargua uzteko erabakia, baina atzeratu egin behar izan du, azken hilabeteetan Katalunian egoniko gertakarien ondorioz. Presidente ohiak adierazi du hainbat alderdikidek bazutela erabakiaren berri, tartean Puigdemont presidentea. Puigdemontek eta Masek hemendik aurrera izan beharreko estrategiaren inguruko iritzi ezberdinak dituzte. Puigdemont hauteskundeak berriz egitearen alde agertu da, bera inbestitzea ezinezkoa balitz ere. Mas, berriz, legegintzaldi lasai baten aldekoa da. Halere, Masek azaldu du ez duela alde egingo Puigdemontekin dituen iritzi kontrajarriengatik, eta gehitu du haren erabaki guztiak errespetatu dituela orain arte. «Lehenik herrialdea, ondoren alderdia, eta azkenik pertsona», bere ibilbide politiko guztian lelo horri jarraitzen saiatu dela esan du.

'Palau kasuaren' itzala

Datorren astelehenean argitara emango den Palaukasuko sententziak alderdiari ahalik eta gutxien eragiteko balioko du erabakiak, Kataluniako Parlamentua osatzeko ezarritako eguna baino bi egun lehenago argituko baita. Halere, Masek prozesu judizial horretatik aldendu nahi izan du bere erabakia: «Palau kasuaren harira, ez naute testigantza emateko ere deitu».

CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoari ilegalki finantzatzea leporatu zion fiskaltzak, Kataluniako Musika Jauregiaren bitartez. Fiskaltzaren arabera, alderdiak 6,6 milioi euro jaso zituen Ferrovial enpresatik, obra publikoak esleitzearen truke. Besteak beste, Bartzelonako Justiziaren Hiria eta hiriko metroaren bederatzigarren linea. Legez kanpoko finantzaketa horren zati Mas alderdiko presidente zela gertatu zen, fiskaltzaren arabera. Masek, ordea, esan du errugabea dela, eta bera presidente izan aurretik hasi zela CDCren eta Musikaren Jauregiko fundazioaren arteko harremana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.