Natali: «Denetik dago, kantu bakoitzak horretara eraman gaituelako»

Musika proiektu bati ekin nahi ziola erabakita itzuli zen Natali AEBetatik, eta kalean du lehen diskoa. Donostiako Dokan joko du taldeak bihar

Miren Garate.
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Hainbat koloretako loreak, bihotz bat eta odola ageri dira diskoaren azalean. «Niretzat garena irudikatzen du: bizitza, sentimenduak...». Eta, halaber, barruan biltzen diren abestiak nondik nora doazen erakusten du. Abestiak eta azaleko irudia ikusita, Garena izena aukeratu du Natali Izagirre Natali-k bere lehen diskorako. Estilo bat baino gehiagotako bederatzi kantu biltzen ditu, gehienak euskaraz eta pare bat ingelesez. «Zerbait entzunerraza nahi genuen egin, freskoa, berria... Kantu bakoitza atera den bezala atera da: funka, countrya, rocka, popa, denetik dago, kantu bakoitzak horretara eraman gaituelako; ez da aurrez hartutako erabaki bat izan».

18 urte zituenean, AEBetara joan zen musikaria, eta bi urteko egonaldiaren ostean, musika proiektu bati ekin nahi ziola erabakita itzuli zen. «Betidanik izan nuen nirekin musika, baina egonaldi hark aparteko indarra eman zidan kantuak sortzen hasteko eta zerbait egin nahi nuela erabakitzeko». Itzuli eta berehala, Ixak Arruti musikariarekin elkartzen hasi zen, eta elkarrekin idatzi dituzte abestiak. «Urtebeteko prozesua izan da. Kantu batzuetan nireak dira hitzak eta musika, eta Ixakek moldaketak egin ditu, eta beste batzuetan, Ixakek sortu du musika eta nik hitza jarri diet».

Ordenagailuan grabatu zituzten aurrena, taldea osatu behar zutenean kide izango zirenei erakutsi ahal izateko. Hain zuzen, Olaia Inziarte (teklatua), Andres Insua (baxua) eta Gorka Mendizabal (bateria) dira taldeko beste hiru partaideak. «Uste dut ez zaigula asko kostatu haiek ere kantuak beren sentitzea. Askatasuna eman genien: 'Hauek dira kantuak, baina zuek nahi duzuen bezala jo'». Kolaborazioak ere badaude diskoan. Hitzak kantuan, esaterako, Juantxo Arakamak hartu du parte. «Berak sortutako rap bat da. Bere zatia bere esku utzi genuen, eta estudiora etorri zenean esan zigun ez zigula erakutsiko; grabatutakoan entzun genuen. Momentu polita izan zen».

Kaki Arkarazorekin

Irailean egin zuten grabaketa, Kaki Arkarazorekin, Garate estudioetan. «Hasieratik argi genuen gauzak ondo nahi genituela egin, eta ez genuela segituan aterako. Dena ezkutuan bezala edukitzea zaila izan den arren, uste dut erabaki ona hartu genuela». Kontzertuak lotzen aritu dira, besteak beste, hilabete hauetan, berez konplikatua den zeregin hori are neketsuagoa baita taldea erabat ezezaguna denean. «Euskal Herrian, gustatzen zaizkigun taldeen kontzertuetara joaten gara, baina ez daukagu hainbesteko ohiturarik gure inguruko kontzertuetara joateko, edo taldeak deskubritzera joateko».

Martxoaren 12an hasi zuten diskoa aurkezteko bira, Gasteizko Parral tabernan, eta Iruñean eta Bilbon ere jo dute. «Oso gustura egon gara, eta etorri den jendeak ere esan digu gustatu zaiela gure musika». Nataliren esanetan, abestiak diskoan dauden bezala erakusteko ahalegina egiten dute emanaldietan. «Diskoaren soinuak zuzenekoen soinua izan behar zuela, hori genuen buruan hasieratik». Bi bertsio ere jotzen dituzte. «Gure ingurukoek entzun dituzte gure kantuak, baina gehienek ez, eta ezagutzen ez gaituen jendearengana hurbiltzeko eta animatzeko jotzen ditugu horiek». Eta bakarka akustikoan ere aritzen da Natali abesti batean. «Saiatzen gara abestiak ordena eta modu arin batean jotzen, jendeak ondo pasatzeko».

Bihar izango dute orain arteko kontzerturik bereziena, Donostiako Dokan joko baitute. Zarauzko Zintzilik taldekoak izango dira aurrena, 20:30ean, eta haien atzetik ariko dira. «Izugarrizko gogoarekin gaude». Hasierako helburua argi du Natalik. «Jo egin nahi dugu, ahalik eta toki gehienetan, ezagutu gaitzaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.