Eibarrek puntuak batzen segitu nahi du gaur Espanyolen zelaian

Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Azken hiru partidetan zazpi puntu atera eta gero, bolada onari segida emateko aukera dauka gaur Eibarrek. Cornellan ariko da (Herrialde Katalanak), Espanyolen zelaian, ligako seigarren jardunaldian, eta bi taldeak berdinduta daude, zazpina punturekin.

Biek jokatu zuten aurreko larunbatean, eta, aste hau betetzerako beste partida bana jokatu beharko dutenez, aldaketak izango dira bi hamaikakoetan. Jose Luis Mendilibarrek garbi adierazi zuen atzo hala egingo duela: «Larunbateko partidan atera genuen hamaikakoarekin alderatzen hasita, aldaketa dezente egingo ditut». Ziurra da larunbatean Leganesen aurka hasieratik aritu ziren hiru jokalari hauek ez dutela jokatuko: Ramis, Jose Angel eta Kike etxean utzi ditu zaldibartarrak, atseden har dezaten. Beste guztiak joan dira Bartzelonara, Pedro Leon eta Jordi Calavera izan ezik, minez daude eta. Aldagai horiek guztiak kontuan hartuta, zaila dago asmatzen zein izango den Mendilibarren hamaikakoa.

Zelairatuko direnei zer eskatuko dien aurreratu zuen: «Ausartak izan behar dute, eta arriskuak hartu». Espanyolen jokatzeko moduarekin lotu zuen eskaera hori: «Aurreko denboralditik hona, aldatu egin du jokatzeko modua. Orain, jokoaren ekimena izan nahi du, baloia atzetik jokatuz atera. Horrelako aurkariak ondo datozkio gure jokatzeko moduari, eta, goian ondo estutzen badugu, baloia askotan lapurtzen badiegu, eta denbora asko igarotzen badugu haren zelaian, aukerak edukiko ditugu. Ausardia ezinbestekoa izango dugu».

Erasorako ez ezik, defentsako lanerako ere badu eskakizunik Mendilibarrek: «Ea jarraitzen dugun lan horretan aurreko larunbatean bezain ondo».

Gustuko zelaia du Eibarrek Espanyolena, Lehen Mailan denetik bitan irabazi, behin berdindu eta behin bakarrik galdu baitu han. «Ondo jokatu izan dugu han, eta emaitza onak atera ere bai. Aukera izango dugu orain ere emaitza ona ateratzeko, eta konfiantzaz goaz».

ESPANYOL-EIBAR

Espanyol. Diego Lopez; Javi Lopez, David Lopez, Hermoso, Didac; Marc Roca, Victor Sanchez, Darder; Baptistao, Iglesias eta Sergio Garcia.

Eibar. Dmitrovic; Peña, Oliveira, Arbilla, Cucurella; Orellana, Jordan, Sergio Alvarez, Pere Milla; Enrich eta Charles.

Epailea. Munuera Montero

Lekua. Cornella-Prat (40.500 ikusle).

Ordua. 20:00etan (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.