Iritsi da lehen ezustea

Argentinak ustekabea eman du, hutsean berdindu baitu Japoniarekin. Hegoamerikarrek galdu egin zituzten Munduko Kopako lehia guztiak

Aldana Cometti eta Estefania Banini, Argentinak lortutako berdinketa ospatzen. BERRIA.
Julen Etxeberria.
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Lau egun pasatu behar izan dira lehen ustekabekoa egon dadin Frantzian eta Bretainian jokatzen ari diren Munduko Kopan. Argentinak eman du. Hego Amerikako selekzioak hutsean berdindu zuen atzo Japoniarekin, Parisko Printzeen Parkean, D multzoko lehen jardunaldiko azken partidan.

Inor gutxik espero zuen halakorik, ustez alde handia baitago argentinarren eta japoniarren artean. Hegoamerikarrak hirugarrenez ari dira Munduko Kopa batean —zortzi jokatu dira—, eta atzo arte galdu egin zituzten jokatutako neurketa guztiak, seitik sei. Are gehiago, bost gol baino gehiago sartu zizkieten norgehiagokako. Asiarrek, ordea, sekulako eskarmentua dute puntako txapelketak jokatzen. Munduko Kopako ekitaldi guztiak jokatu dituzte, ondo jokatu ere. Izan ere, 2011n, Alemanian, txapeldun izan ziren, eta duela lau urte, Kanadan, txapeldunorde.

Baina asko aldatu da Japoniako selekzioa azkenaldian. Hautatzaile berria du, Asako Takakura, eta hark gazte belaunaldi baten alde egin du apustu. Belaunaldi bikaina da, eta iaz ikusi zen, 20 urtez azpiko munduko txapeldun izan baitzen Japonia. Baina oso selekzio gaztea da—Munduko Kopako gazteena da: 23 urteko batez besteko adina dute jokalariek—, eskarmentu gutxikoa, eta agian, oraindik goiz iritsi zaio Munduko Kopa hau.

Atzo ezinean aritu zen Argentinaren aurka. Saiatu, saiatu zen, eta zelaian nagusi izan zen, baina ez zen batere fin ibili ate aurrean. Arriskuarekin iritsi zen, baina ez zen gai izan aukera garbirik sortzeko. Arrakala txikiena ere ez zuen eragin Argentinak eraikitako horman. Ez da harritzekoa, argentinarrek partida bikaina jokatu baitzuten. Sendo jardun ziren atzean eta zelai erdian, eta gai izan ziren Japonia estu hartzeko. Talde izaera da Carlos Borrellok entrenatutako selekzioaren indargunea. Hala ere, baditu ale bikainak. Estefania Banini da horietako bat. Levanteko erdilariak erakustaldia eman zuen atzo. 10 zenbakidunak dena egin zuen ondo, eta Argentinaren itsasargia izan zen. Zeresana emango du txapelketan.

Gaur, txapeldunaren txanda

Gaur beste hiru partida jokatuko dituzte: E multzoan, Zeelanda Berria eta Herbehereak ariko dira; eta F multzoan, Txile eta Suedia batetik, eta AEBak eta Thailandia bestetik. Azken neurketa horretan egingo du estreinakoa azkeneko txapeldunak: AEBetako selekzioak. Debut samurra izango du, Thailandia makina bat koska beherago baitago: FIFAren sailkapenaren buruan daude AEBak, eta 34. postuan Thailandia. Erraz irabazi beharko lukete estatubatuarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.