Errugbiko kanporaketak. Baptiste Hegi. Baionako jokalaria

«Aurreko sasoiko egitasmoari segida ematea funtsezkoa izan da»

BAIONA.
Iñaki Berastegi.
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Iaz maila galdu ostean, Top14 ligara itzultzea baino ez du buruan Baionak, Baptiste Hegi (Baiona, 1998) jokalariak dioenez. Oyonnaxi ligan aise irabazi zioten arren, «oso bestelako» partida espero du gaur. Jean Daugerren jokatuko den neurketarako sarrera guztiak amaitu dira, eta bertan sortuko den giroak kanporaketa gainditzen «asko» lagunduko diela uste du lapurtarrak.

Zer moduz dago taldea? Zerbait berezia egin duzue partida hau prestatzeko?

Taldea oso motibatuta dago. Neurketa ondo prestatu dugula iruditzen zait, eta jokatzeko prest gaude. Ligako partida baten aldean oso ezberdina da dena. Finalerdi bat da, eta prestaketa ezin da berdina izan.

Finalerdia irabazten baduzue, bi aukera izango dituzue Top14 ligara bueltatzeko. Hori oso garrantzitsua da, ezta?

Bai, noski. Denboraldi hasieratik argi geneukan taldearen helburua gorengo mailara bueltatzea zela. Beraz, bi aukera izateak berebiziko garrantzia du. Ondo jokatu beharko dugu kanporaketa hau gainditu eta aipatutako bi aukera horietan izan nahi badugu. Azken partidetan min hartuta egon naiz, baina orain jokatzeko prest nago.

Oso modu krudelean galdu zenuten iaz maila. Taldeak ondo eman zion buelta kolpe horri?

Denboraldi oso ona izaten ari da. Kirol zuzendaritzak lan ona egin zuen, fitxaketak ondo egokitu dira, eta jokalari guztiak ziur geunden denboraldi ona egingo genuela. Top14ra itzuli nahi dugu.

Maila galdu arren, klubak erabaki zuen Yannick Bru entrenatzaile nagusia mantentzea. Hori ez da oso ohikoa. Garrantzitsua izan da?

Uste dut taldearentzat ona izan dela, bai. Itzultzeko biderik onena egitasmoari jarraipena ematea zen, eta iazkoa akats bat bezala ulertzea.

Sarrera guztiak agortu dira gaurko neurketarako. Babes handia izango duzue. Garrantzitsua izango da hori ere?

Giro bikaina espero dugu, eta horrek ziur asko lagunduko digula. Etxean jokatzea oso garrantzitsua da, eta erabat beteta badago, are eta hobeto.

Oyonnaxi etxean erraztasun handiarekin irabazi zenioten: 52-21. Oso partida ezberdina espero duzue?

Esan genezake ordutik gauzak aldatu direla, eta Oyonnax ez dela orduko talde berdina. Oso bestelako partida espero dut gaur. Oso motibatuta daude Oyonnaxekoak, eta ziur errebantxa nahiko dutela. Partidari dagokionez, espero dut neurketa itxia ez izatea, eta baloia jokatzeko aukera asko izatea. Oso talde organizatua da, oso fisikoa, eta 8 eta 10 zenbakiak oso jokalari onak dira. Finean, talde ona da. Baloia mugitzeko borroka asko egin beharko dugu partidan zehar, eta ohi bezala jokatu beharko dugu. Konfiantza dugu guregan, baina, era berean, presioa ondo kudeatu beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.