Mikel Azkona

Printzea errege bilakatu da

Marka aldatzea ezin hobeto etorri zaio Mikel Azkona pilotuari. Cupran «oso eroso» zegoen, baina Hyundairi esker izan du aukera Turismo Automobilen Munduko Kopako irabazteko. Gozatzen ari da, eta hori nahi du aurrerantzean ere.

ZSOLT CZEGLEDI / EFE.
pettan uralde
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Turismo Automobilen Munduko Kopako txapeldun berria da Mikel Azkona (Arrigorriaga, Bizkaia, 1996). Cupra taldetik Hyundaira egin zuen salto aurten, eta, inongo egokitzapen faserik gabe, Munduko Kopan gailendu zen. Gabriele Tarquini pilotu famatua ordezkatzeko fitxatu zuten, eta aurreikuspen guztiak gainditu ditu.

Txikitan joan zen amaren herrira, Faltzesera (Nafarroa). Hortik oso gertu, Castejongo karting zirkuituan, eman zituen lehen itzuliak. «6 urte nituela hasi nintzen mundu honetan, eta begira nora heldu naizen. Gurasoak zaleak ziren, eta asteburu guztiak han ematen genituen. Zaletasun gisa hasi zenak lehiatzera eraman gintuen. Gurasoak konturatu ziren irabazi egiten genuela, eta gero eta hobe lehiatzen ginela. Potentziala zegoela zirudien, eta orduan erabaki genuen Europan lehiatzen hastea. Goi mailako pilotuekin alderatu nahi genuen geure burua. Beti borrokatu gara gauza handiengatik, tituluengatik».

Azaroan, turismo automobilen errege izendatu zuten, eta, aurreko astean, Nazioarteko Automobilismo Federazioaren galan egon zen. Han izan ziren, besteak beste, Max Verstappen, Nasser al-Attiya eta Sebastian Buemi famatuak. Azkona, gaur egun, haietako bat da. «Erreferenteak dira, munduko onenak beren diziplinan. Nafarroako herri txiki batekoa izanda, zaila da barneratzea. Konturatzen naiz azkeneangehiago naizela, eta apala izan arren txapeldun horien guztien artean nagoela. Urtero ikusi izan dut etxetik festa hori, eta neure burua hor ikustea sekulakoa da».

Hyundaira iristean, ez zuen denborarik galdu nahi izan. Hasiera-hasieratik aritu zen bere onena ematen. «Oso eroso nengoen Cupran, eta, haiekin hainbeste denbora egon ondoren, erabaki zaila zen uztea. Hyundairen lehen deia jaso nuenetik, interes handia nabaritu nuen. Kirol arloan, munduko txapelketagatik lehiatzeko aukera ematen zidaten. Beti izan da amets bat niretzat Hyundairen pareko marka baten parte izatea. Hasieratik sentitu naiz oso eroso, eta espero baino hobeki joan da dena».

Txapelketa irabaztea urrun ikusten zuen, hala ere. Baina denboraldia aurrera joan zen, eta emaitzak alde zituen. Aragoiko lasterketa handia iritsi zen arte. «Mugarria izan zen. Lidergoa sendotu, eta titulua eskuratzeko aukera handiak nituela ikusi nuen, eta munduko txapelketa irabazteko borrokan ari nintzela. Azken bi lasterketak prestatzeko, hilabete pare bat izan genuen, eta asko pentsatu nuen gerta zitekeen guztian». Aurkariak indartsu zetozen, eta, agian, presioa edo zama sentitu nuen. Gero, asteburu bikaina egin nuen Bahrainen, eta horrek lasaitasun handia eman zidan azken lasterketari aurre egiteko».

Bolada onaz gozatzen ari da.Modalitatez alda dezake, beste edonolako probetan parte hartzera behartu. Baina hurrengo urterako helburu argi bat dauka. «Berriro irabazi nahiko nuke turismo automobilen munduko titulua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.