Lehen Mailara igoera. Ane Campos. Eibarreko jokalaria

«Ez dugu besteek baino presio handiagoa zuzenean igotzeko»

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Ane Campos (Getaria, Gipuzkoa, 1999) da iragan denboralditik Eibarren jarraitzen duen jokalari bakarrenetako bat. Gehiago jokatzeko aukera izaten ari da, eta taldearen ibilbide onaz zelaian gozatzeko. «Asko disfrutatzen ari naiz», dio.

Bihar partida erabakigarri bat duzuela kontuan hartuta, astea desberdina izan al da?

Ohi bezala aritu gara lanean. Irrikaz gaude jokatzeko, baina aldi berean lasai gaude. Izan ere, jakitun gara igandean lortu ezean beste aukera bat izango dugula kanporaketetan. Prest gaude.

Aurreko denboraldian maila galdu eta gero, aurkariek baino presio handiagoa duzue zuzenean igotzeko?

Gutxi gara aurreko denboralditik taldean jarraitzen dugunak. Entrenatzailea berria da, eta hutsetik hasi ginen sasoi hasieran. Beraz, ez dugu beste taldeek baino presio handiagoa sentitzen zuzenean igotzeko.

Granada izango duzue aurkari. Nolako norgehiagoka espero duzu?

Haientzat lorpen handia izan da kanporaketetarako sailkatzea. Alde horretatik hauspotuta egongo da. Baina uste dut, denboraldi honetan erakutsi dugun intentsitatearekin jokatzen badugu, irabazteko aukera asko izango ditugu. Bete-betean irten behar dugu. Gainera, uste dut Granada taldearen kontra jokatzeak mesede egiten digula. Izan ere, aurkariari jokatzen uzten dion taldea da. Hori ona izan daiteke guretzat.

Dena oso estu dago. Ausartuko zinateke esatera zuzenean zein talde igoko den? Eta zer gertatuko da, ondoren, kanporaketetan?

Konfiantza osoa dut gugan, eta esango dut zaila izango den arren zuzenean gu igoko garela. Kanporaketetatik, berriz, Osasuna igotzea ondo egongo litzateke. Polita litzateke hurrengo denboraldian bost euskal talde egotea Lehen Mailan. Dena dela, halako kanporaketetan, atzetik aurrera datorren taldeak eman ohi du ezustekoa, sasoi onenean iristen baita. Alde horretatik, uste dut AEM aurkari arriskutsua izan daitekeela.

Lehen Mailan jokatu ostean, nolakoa izan da zuentzat denboraldi hau?

Egia esan, denboraldia gogorra bezain polita izaten ari da. Batek baino gehiagok uste dutenaren kontra, sekulako maila dago Federazioaren Lehen Maila honetan ere. Pentsa, duela gutxi Juan Gordo azken sailkatuaren kontra jokatu genuen, eta azkenunean irabazi genion. Polita da ezagutzen ez dituzun zelaietan jokatzea. Gainera, denboraldi honetan jokatzeko aukeraizan dut. Asko disfrutatzen ari naiz.

Zer eman dizue Yerai Martin entrenatzaileak?

Bai berak, baita bere multzoak ere, asko transmititzen dute. Hori, egunerokoan, jokalariok jaso egiten dugu. Bestalde, uste dut jokalari bakoitzarengandik onena atera duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.