Jakak 22-20 irabazi dio Artolari, eta final-laurdenak jokatuko ditu

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Gozo-gozo jarraitzen du Erik Jakak. Binaka daraman bolada bikainak —azken hamasei partidetatik hamabost irabazi ditu— sekulako konfiantza eman dio, eta prest dago Banakako Txapelketan ere nabarmentzeko. Atzo erakutsi zuen. 22-20 irabazi zion Iñaki Artolari Tolosan (Gipuzkoa), final-zortzirenetako lehen kanporaketan, eta horri esker, lehen aldiz ariko da final-laurdenetan. Joseba Ezkurdia izango du aurkari maiatzaren 4an, Iruñean. Hain zuzen, iaz, Ezkurdiak kanporatu zuen final-zortzirenetan: 22-15.

Atzoko partidak bi zati oso ezberdin izan zituen. Aurrenekoan, nahieran aritu zen Jaka: 12-2 eta 20-10. Ziztu bizian zihoan lizartzarra 22. tantora. Baina Artola suspertu egin zen. Hamar tanto egin zituen jarraian, eta 20na berdindu zuen lehia. Alegiarraren gorakada, ordea, erdibidean geratu zen. Jakarentzat izan zen azken bi tantoak, eta garaipena.

Final-zortzirenetako bigarren partida gaur jokatuko da, Iruñean, eta bertan txapelketako pilotari helduenak ariko dira. Oinatz Bengoetxeak (34 urte) Julen Retegirekin (33 urte) neurtuko ditu indarrak. Eratsungoak 22-8 irabazi zion Unai Lasori iragan astean, maila oso ona emanez. Bengoetxeak, aldiz, lehen partida du. Biak ala biak espezialistak dira bakarkako lehietan, eta ondo elkar ezagutzen dute, baina behin bakarrik jokatu dute elkarren aurka buruz burukoan. 2015eko txapelketan izan zen, final-laurdenetan, eta Bengoetxea 22-14 irabazi zuen. Irabazleak Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatuko du final-laurdenetan, maiatzaren 5ean, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.