Etxealdia arintzeko gomendioak nonahi

'Konfinamendua' eguneroko hiztegian sartu den azken egunotako hitza da. Gutxinaka, hasi dira hitz horren atzean dauden albo kalteetako batzuk azaleratzen. Asperdura da horietako bat. Hona hemen asperdurari aurre egiteko zenbait adibide eta gomendio.

Alice Munro.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Egun bereziak datoz. Gutxienez, bi aste etxean egoteko agindua eman dute agintariek. Telelana egin beharko dute askok, eta beste batzuek, zaintza, umeen edota egoera kalteberan daudenena. Eginkizun gutxi batzuetarako baino ezingo da kalera atera, eta, beraz, etxean aspertzeko aski denbora izango da; edo hainbat gauza egiteko baliatu daiteke denbora. Konfinamenduaren lehen egun hauetan, berrogeialdia arintzeko asmoz, hainbat proposamen ikusi ahal izan dira sarean: liburu gomendioak, ikusi beharreko pelikulen eta telesailen zerrendak, sedentarismoa saihesteko ariketa fisikoak eta kontzertu inprobisatuak sare sozialetan, besteak beste.

1.LITERATURA

Apaletan pilatutako liburuei hautsa kentzeko garaia iritsi da, edo Durangoko Azokan erositako liburuak irakurtzekoa. Hala ere, norbaitek inspirazioa beharko balu, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak jakinarazi du eLiburutegia zerbitzurako sarbidea erraztuko duela. Bertan, 20.000 liburu eta audioliburu daude eskuragarri adin eta gustu guztietarako: eleberriak, poema liburuak, komikiak, hizkuntza ikasteko mailakatutakoak eta haurrentzako literatura, esaterako. Susa argitaletxeak, berriz, aspalditik dauzka bere liburu guztiak eskuragarri, eta sarean irakurri nahi dituenarentzat, aukera on bat izan daiteke. Gainera, booktegi.eus Interneteko ataria ere irtenbide on bat izan daiteke asperdurari aurre egiteko. 

Hedoi Etxarte (Iruñea, 1986) Iruñeko Katakrak argitaletxe eta liburu dendako zuzendariak irakurtzeko gomendio batzuk ematen ditu. Saiakera irakurri nahi duenarentzat, bi aukera proposatu ditu: Marxen, Engelsen eta Jenny von Westphalenen Alderdi komunistaren manifestua. Joxe Azurmendik Jakin argitaletxearekin, 1998an, euskaratua. Bestetik, Katakrakek iaz kaleratu zuen Izuaren osteko gogoeta. Alice Munroren Zorion handiegia eta Andrea Camilleriren Hilabete bat Montalbanorekin ipuin liburuak hartzea proposatu du.

Eleberri zaleak direnentzat ere baditu gomendioak: batetik, Den-dena nahi dugu, Nanni Balestrinik 1960ko Italian girotu duen istorioa. Eta, bestetik, Alfred Doblinen Berlin Alexanderplatz, mundu gerren arteko garaiko lan «esperimentala». Euskal Herrira Literatura Unibertsala Bildumaren bitartez iritsi zen, 86. zenbakian.

Poesia gomendioetan, beste bina eman ditu: Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaiera egitasmoaren barruan argitaratu zuen Vladimir Maiakovskiren antologia eta Sylvia Plathen Ariel eta beste poema batzuk.

2. ARIKETA FISIKOA

Etxean itxita egotea ez dadila aitzakia izan. Bizimodu osasuntsua mantentzeko, ariketa fisikoa eta kirola ezinbestekoak dira, eta etxeko egongela horretarako espazio bihur daiteke. Yoga, pilates, zumba, aerobik edota stretching ariketak egiteko bideo tutorialak erraz aurkituko dituzte Youtubeko erabiltzaileek.

Iñaki Arratibel kirol medikuak aholku batzuk eman ditu egun hauetan ariketa fisiko pixka bat egiteko: batetik, etxetik telelana egiten ari diren horiei, ahal den heinean, etxean zehar bueltatxoak egitea gomendatu die. Izan ere, ohi baino ordu gehiago lan egiteko joera dute langileek etxean. Beraz, Arratibelek uste du komeni dela orduero hankak luzatzeko tartea hartzea. Era berean, ohi baino gutxiago mugitzeko joera izango denez, esan du hozkailua «gehiegi ez bisitatzeko».

Egunero egiteko moduko ariketa batzuk ere proposatu ditu, bakoitzak ahal duen intentsitate eta maiztasunarekin egin ahal izateko: fondoak eta abdominalak lantzeko, egunean hamar eta hamabost artean egitea; eskuak gainazal baten gainean jarrita, eta bizkarra emanda, trizepsak lantzeko hamar igoera eta jeitsialdiko hiru serie egitea; sentadillak eta plantxa posturan 30 segundo irautea; esaterako. Ariketa horiek eta beste asko nola egin behar diren erakutsiz eredu asko daude Interneten. Ariketa estatikoak eta dinamikoak daudenez, horietako bakoitzarentzako egunean bi tarte hartzea gomendatu du Arratibel medikuak.

3. MUSIKA

#EtxeanGeratukoNaiz traolarekin bat eginez, Euskal Herriko musikari eta talde ugarik ikusleak entretenitzeko kontzertuak eskainiko dituzte euren sare sozialetan, eta zuzeneko emanaldiak emango dituzte euren webguneetan. Instagram bihurtzen ari da formatu honetako kontzertuak eskaintzeko bide ohikoena. Zea Mays taldea eta Iker Lauroba animatu dira dagoeneko kontzertuak egitera. Bestalde, Olatz Salvador donostiarrak Korapilatzen kantua gitarrarekin jotzen ikasteko tutoriala igo du bere Instagrameko kanalera.

Gaur bertan, 19:00etan, Josu Bergara musikariak kontzertua emango, hark ere Instagramen. Pello Reparazek Zetak taldearen kontzertua iragarri du igande gauerako, 21:30etik aurrera. Arbizuarraren taldeak euren webgunea hautatu dute kontzertua egiteko. Katanga Dub talde iruindarrak, berriz, 27an egingo du, horiek ere sare sozialen bitartez.

Gainera, egoera honetan, egunkari honek BERRIA Aretoa aurkeztu du, eta kultur eskaintza zabala izango da egunero: Jon Basagurenek, Anarik eta Morauk dagoeneko emanaldia eskaini dute euren etxeetatik. Mikel Martinezek Mari errauskin ipuina kontatu du. Ramoni eta Loitzunek hasi dituzte berrogeialdiko abenturak. Datozen egunetan izango dira kontzertu gehiago: Pelax, Olatz Beobide eta Gontzal Mendibil artisten txanda izango da hurrengo egunetan.

4. FILMAK, TELESAILAK ETA BESTE

Moda-modan dauden ordainpeko streaming kanaletan, ikusteko aukera ugari ere topatu ahalko dira. Eskaintza, ez da makala: Netflix, HBO, Filmin... BERRIAko kolaboratzaile Mikel Yarzak gomendio batzuk prestatu ditu aukeratu ezinean dabiltzan horientzako.

Klasikoen artean, Hitchcock zuzendariaren Rebecca filma hautatu du, eta, Yarzaren arabera, «dolua, onarpen soziala, desio ezkutuak eta sekretu aitorrezinak trebezia handiz bateratzen dituen koktela da». Ehorztetxe bateko jabeen nondik norakoak kontatzen ditu, berriz, Six feet under telesailak. 2001ekoa izanagatik ere, aukera on bat izan daitekeela uste du Iarzak; izan ere, uste du «inoizko telesail onenen artean» dagoela.

Dokumentalen artean, naturako ingurune basamortuak eta hirigune frenetikoenak erakusten dituen erreportajea gomendatu du: Geodfrey Reggioren Koyaanisqatsi. Aldiz, berrietan berriena ikusi nahi duten ikusleentzat, bestelako gomendioak egin ditu: Malcom Xren hilketari buruzko Who killed Malcom X dokumentala, Noah Stollman zuzendariaren Devs telesail «hipnotikoa» eta Dark Waters thrillerra. Ezkutuko «harribitxi» batzuk ere izendatu ditu: El sabor de la Cerezas filma, Sharp Objects telesaila eta gizakiek animalien erabilerari buruz hausnartzen duen Earthlings dokumentala.

Halaber, hainbat elkarte, erakunde eta norbanako ikus-entzunezko baliabideak errazten ari dira. Topatu gazte proiektu komunikatiboak abenduan aurkeztutako Zizelkariak dokumentala eskuragarri jarri du. Ane Irazabal kazetariak ere Awlad. Hesiak gainditu dokumentala egin zuen iaz, eta errefuxiatutako lau umek jasaten duten egoeraren berri ematen du. Sarean jarri du ikusgai orain, denen eskura. eLiburutegian, liburuez gain, ikus-entzunezkoen katalogo zabala ere badago, doan.

5. MUSEOAK

COVID-19a dela eta, bidaia bertan behera utzi beharko zuen batek baino gehiagok. Europako museo esanguratsuenetako batzuek bisita birtualak prestatu dituzte, berrogeialdia kulturarekin arintzeko asmoz: Madrilgo Prado museoak, Parisko Louvrek, Londresko Britainiar Museoak eta New Yorkeko Metropolitanek, esaterako. Donostiako San Telmo museoak antzeko ekinbide bat du. 

6. PODCASTAK

Podcastak entzutea izan daiteke beste aukera bat. Ugari daude BERRIAko webgunean: Maider Galardik zuzendutako BerriaFM podcast feminista; Danbala musikari buruzkoa Badok.eus-ekin batera ekoitzia, Kirme Uriberen New Yorkeko munduak eta Ane Irazabalen Zaitun. Zuzeu atariak ere baditu podcast ugari aukeran.

Horiek guztiak egunotan egin daitezkeen gauzen adibide gutxi batzuk baino ez dira. Hamabost egunek —edo gehiagok— askorako eman dezakete, eta, burua entretenituta izanez gero, azkarrago pasatuko da lau pareten arteko egonaldia. Aspaldiko proiektu horri heltzeko, errezeta bereziak prestatzeko, ikasteko, jolasteko, musika tresnaren bat jotzeko, eskulanak egiteko, atseden hartzeko... garaia izan daiteke. Eta, batez ere, zaintzekoa, norbera eta ingurukoak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.