Buruz buruko finala

Altunaren finalak, haren hitzetan

Amezketarrak laugarrenez jokatuko du Lehen Mailako buruz buruko finala. «Oroitzapen ederra» du irabazitako biez. Galdutakoa, ordea, gerora «irakaspen handia» izan zela azaldu du. «Gogotsu eta sasoi betean» iritsiko da igandeko partidara. Aitor Elordi goratu du.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
2018
OLAIZOLA II.A
14 - 22 ALTUNA III.A 
«Esan dezaket final bat jokatu dudala Aimarren aurka,eta irabazi egin diodala»


Erabat ezustean» harrapatu zuen buruz buruko lehen txapelak Jokin Altuna (Amezketa, Gipuzkoa, 1996). «Txapelketa horren aurretik, buruz buru jokatzen nituen partidetan aurkariak ziren beti faborito. Baina txapelketa horretan erakutsi nuen ni ere aritu nintekeela nor baino nor gehiago buruz buru».

Nagusitasunez irabazi zion Aimar Olaizolari finalean. «Bi belaunaldiren arteko lehia izan zen final hura; Aimarrek 38 urte zituen, eta nik 22 baino ez. Oso berezia izan zen haren aurka jokatzea, eta zer esanik ez hari irabaztea; ikaragarria izan zen. Esan dezaket final bat jokatu dudala Aimarren aurka, eta irabazi egin diodala».

Ordurako bi final zituen jokatuak Lehen Mailan, baita txapel bat irabazia ere: 2017ko lau eta erdikoa, Mikel Urrutikoetxeari nagusituta. Hala ere, gogoan du «sekulakoa» izan zela Bilbon lehenbizi, eta jaioterrian ondoren, bizi zuena. «Lagunek oraindik gogoratzen didate egun horretan zenbat jende etorri zen Amezketara; herrikoak ez ezik, inguruko jende pila ere etorri zen».

Onartu du urteek aurrera egin, finalak jokatu, eta txapelak irabazi ahala, ospakizunak apalxeagoak bilakatu direla. Halere, «oso gustura» dago, «oso gertu» sentitzen baititu zaleak. «Jende asko joaten da frontoira ni ikustera txapelketako partidaren bat jokatzen dudanean; ez dute huts egiten, eta gauza ederra da hori».

2020
JAKA
22 - 20 ALTUNA III.A 
«Kolpea izan zen galtzea, baina, gerora, asko lagundu dit nire kirol ibilbidean»


Txapeldun izan eta bi urtera jokatu zuen berriz ere Altunak finala, Erik Jakaren aurka. «Oso berezia izan zen: batetik, pandemia betean ginelako, eta, horren ondorioz, ikuslerik gabe jokatu genuelako; eta, bestetik, oso lagun on baten aurka jokatu nuelako finala».

Altuna zen faborito, baina, Jakarentzat izan zen txapela, ezustean. «Nik ere faboritotzat jo nuen neure burua; pentsatu nuen bai ala bai irabazi behar nuela. Baina galdu egin nuen».

Final hura galtzeak, ordea, gerora «mesede handia» egin diola azpimarratu du. «Une horretan, kolpea izan zen final hura galtzea, baina, gerora, asko lagundu dit nire kirol ibilbidean; mugarri izan zen nire pentsaeran: ordutik, garrantzi handia ematen diot eguneroko lanari».

2021
REZUSTA
5 - 22 ALTUNA III.A
«Bigarrenez txapela irabazteak konfiantza handiagoa eman zidan»


Altunak urtebete eskas behar izan zuen Jakaren aurka galdutako finalaren arantza ateratzeko. Amezketarra «oso harro» dago urte hartan egin zuen lanaz. «Txapelketa ederra egin nuen», azpimarratu du. Joseba Ezkurdiaren aurkako final-laurdenetako partidarena du aurreneko oroitzapena. «Oso gogorra izan zen; irabazlea, sailkatzeaz gain, txapeldun izateko faborito bilakatuko zen. Zorionez, irabazi egin nuen, baita Joseri ere [Zabaleta], finalerdietan; garai horretan, ikaragarri ari zen Jose».

Beste finalerdian, Iñaki Artolak Beñat Rezustari irabazi zion. Hark jokatu behar zuen Altunaren aurka; aurreko urtean bezala, aspaldiko bi lagunen artekoa izango zen finala. Baina Artolak min hartu zuen eskuin sorbaldaren atzealdeko muskulu zabalean. Lehenbizi, astebetez atzeratu zuten finala, baina, azkenerako, uko egin zion jokatzeari. Rezusta aritu zen haren ordez. «Pena izan zen Iñaki finala jokatu gabe geratzea. Ni, berriz, zalantzekin ibili nintzen; ez nekien noren aurka jokatuko nuen. Beñaten aurka izan zen azkenean, eta ondo irabazi nion. Bigarren txapela irabazteak konfiantza handiagoa eman zidan: ez nuen txapela behin irabazi, bitan baizik».

2023
ALTUNA III.A
- ELORDI
«Ni faborito? Biok dugu asko irabazteko: Aitorrek, lehen txapela; eta nik, beste bat»


Bi urteren ostean, Altunak berriro jokatuko du Lehen Mailako buruz buruko finala. Iaz, Unai Lasok kanporatu zuen finalerdietan —txapeldun izan zen gero—. Aurten, ordea, ez du huts egingo. «Oso pozik nago; ilusio ikaragarria egiten dit berriro buruz buruko finala jokatzeak. Baina ez nago pozik laugarren finala delako, baizik eta ondo ari naizelako eta txapelketa ona egin dudalako. Muturrekoa jaso izan dut zenbatgarren finala dudan edo zenbatgarren txapela irabaz dezakedan pentsatu dudanean. Oso gustura ari naiz, frontoian gozatzen; horrek egiten nau zoriontsu, ez laugarren finala izateak. Final polita izango da. Ilusio egiten dit Aitorren aurka jokatzeak. Egun oso berezia izango da».

Behin baino gehiagotan esan du «oso pozik» dagoela egin duen txapelketarekin. «Lau aurkari handiren aurka jokatu dut [Laso, Elordi, Elezkano II.a eta Ezkurdia], eta lauei irabazi diet. Ez da erraza txapelketako partidak guztiak irabaztea. Ea bosgarrena ere irabaz dezakedan».

Oso argi du: Elordik lanak emango dizkio finalean. «Oso gogorra izango da. Finalera iristen dena beti ari da oso ondo; eta zer esanik ez Aitorren kasuan. Urte osoa darama goi-goian: lau eta erdiko finalerdiak jokatu zituen lehenbizi; binakakoaren finala gero; eta, orain, buruz burukoren finalean ariko da. Irabazten badut, ez dut erraz irabaziko».

Amezketarrak aspaldi esan zuen Elordi «luzarorako» etorri zela. Azkeneko emaitzek are eta gehiago indartu dute uste hori. «Oso osoa da, eta aurkari oso gogorra». Ez du ezustean hartu behera egin ez izanak. «Jokoak hilabete edo bi hilabete iraun diezazuke, baina Aitorrek bederatzi hilabete daramatza bete-betean; errealitate bat da: asko jokatzen du, eta ikaragarri ari da. Hemen joera dugu norbait ondo ari ez denean hura kritikatzeko, eta, oso ondo ari denean, esateko momenturen batean txakalaldia izango duela. Normalena litzateke behera egitea, sekulako urtea egiten ari baita, baina, oraingoz, ez da halakorik gertatu. Asko pozten naiz Aitorrengatik».

Altunaren ustez, «erritmo handiko partida» izango da finala, eta «nor baino nor gehiago» ariko dira bera eta Elordi. «Funtsezkotzat» jo du sakearekin asmatzea. «Ondo sakatzen badugu, biek buka dezakegu aurrean. Badakit oso zaila izango dela Aitorrek sakatzen duenean hari gailentzea; ezin hobeto sakatzen du. Une zailak pasatuko ditut, ziur. Saiatu behar dut aukera dudanean ahalik eta ondoen jokatzen. Biok ondo iritsiko gara; beraz, xehetasunek egin dezakete aldea: zeinek sartuko duen gehien pilota paretan sakean, zein dagoen lasaixeago... detaile txikiak dira, baina erabakigarriak. Ondo hastea ere garrantzitsua izango da; hasieratik ondo hasten dena pauso bat aurrera ariko da».

Apustuak haren alde aterako dira, baina kasurik ez die egiten halakoei. «Ni faborito? Hori frontoian ikusiko da. Biok dugu asko irabazteko: Aitorrek, buruz buruko lehen txapela; nik, berriz, beste bat, hirugarrena. Biontzat sekulako saria litzateke txapela irabaztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.