Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Danewortek dioenez

2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Telebistako reality-show gatazkatsuek depresiorako joera duten ikusleengan eragin positiboa izan dezakeela aldarrikatuz, hautsak harrotu ditu psikologo batek, Frances Danewort du grazia, AEBetako eta Europako hainbat girotan. Honela mintzo da Better Than Pills. Healing Properties of Trash TV (Pilulak baino hobea. Telezaborraren gaitasun sendagarriak) saiakera arrakastatsuan: «Edozein teleikusleren autoestimuari mesede handia egiten dio bera baino askoz ere doilor eta arimaz narrasagoa den jendea ikusteak beren miseriak telebistan erakusten. […] Begien aurrean dituen gizakiaren gainetik sentitzen da, ordainean harro edo nartzisista sentitu beharrik gabe». Telezaborrak «adikzio psikikoa» ez ezik «adikzio fisikoa» ere eragin dezake, Danewortek dioenez, gailentasun sentimenduak askatzen dituen hormonen ondorioz.

Mintzagai nagusi telezaborra duen arren, parte-hartzaileen arteko «giro ona, adiskidetasun zintzoa, elkarrekiko errespetua eta miresmena» erakusten duten saioei buruz ere mintzo da Danewort liburuan: «Psikologikoki sendo ez dagoen ikuslearentzat arriskutsuak izan daitezke horrelako saioak. Pantailan pertsona ospetsuak ikusirik, eskuarki arazo ekonomiko larririk gabeak eta bizitza pertsonal orekatukoak, beren bizitzako alderdi ezezagunetan guztiz jator eta eskuzabal agertzen, ingurukoen maitale sentibera, beren aisialdia inori kalterik egin gabe ederki baliatzen eta gozatzen dakiten pertsona prestu moduan, nahigabeei eta zailtasunei aurre egiten eta behar denean umore ona izaten eta kutsatzen asmatzen duten emakume edo gizon gisa, autoestimu arazoak dituen ikuslea adoregabetu eta gogoz abaildu egingo da kasurik gehienetan, eta zoritxarreko ez ezik errudun ere sentituko da, zapuztuta, bere bizi-ibilbidea telebistan ikusi berri duenak egindakotik hain urrun geratu delako».

Ez dago euskarara itzulita Daneworten liburua, eta ingelesez ere ez ezazue bilatu, ez dago eta. Neuk asmatu dut auskalo zergatik!, Itzuleran saioko lehen atalak ikusi eta gero.

Aipu hau, aitzitik, benetakoa da, bilatu dezakezue: «Nik beti izan dut, gizon eta emakume onek ondoan beren onartu nautenean, sarkin bat naizelako irudipena» (Patxi Irurtzun, Gara egunkaria, 2003-04-20).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.