Oposizioko taldeak, neurriak negoziatzeko prest

2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak gehiengorik ez duenez Asanblean, ikusteko dago gaur aurkeztutako testuak aurrera egiten ote duen ala aldaketak izaten ote dituen. Neurriek zuzenean herritarren sakelei eragiten dietenez, oposizioko taldeak ez dira ausartu ezezko biribilik ematera, eta denak prest azaldu dira lege proposamena eztabaidatzeko.

Haietako batek, ezkerreko NUPESek, proposamen sorta bat aurkeztu zuen asteartean. Deigarrienak dira Smic gutxieneko sari garbia 1.500 eurora igotzea —maiatzaz geroztik, hilean 1.645 euro dira Smic gordina, eta 1.302 euro garbia—, eta langile publikoen soldatak %10 emendatzea, eta ez %3,5, gobernuak nahi duen moduan. Hein horretan handitu nahi dituzte etxebizitzarako laguntzak ere. Gainera, eskumena eman nahi diote gobernuari oinarrizko produktu batzuetan prezioei gehienezko muga bat jartzeko.

Neurri horiek finantzatu ahal izateko, enpresa energia handien «neurriz kanpoko mozkinentzat» %25eko aparteko zerga bat eskatu du ezkerrak. Erresuma Batuak eta Italiak badute halako zerga bat, eta Espainiako Gobernuak ere indarrean jartzeko asmoa du.

Baina Emmanuel Macron presidentearentzat marra gorria da zergak igotzea. Lehen agintaldiaren gakoetako bat izan zen zerga apaltzea —bereziki enpresei, baina baita herritarrei ere—, eta bigarrenean ere gauza bera egin nahiko luke. «Enpresen gehiegizko irabaziak zergapetzea ez da irtenbiderik egokiena. Nahiago dugu dirua zuzenean frantziarren sakeletara joatea, eta ez estatuaren kutxetara», azaldu du Bruno Le Maire Finantza ministroak. «Jendeak gutxiago ordainduko du gasolina Totalen gehiegizko mozkinak zergapetzen baditugu?», gaineratu du.

Horren beharrean, gobernuak eskatu die energia konpainiei prezioak jaisteko. Hori egingo duela iragarri du Frantziako petrolio konpainia handienak, Total Energiesek: uztailean eta abuztuan hamabi zentimo jaitsiko du ezantzaren prezioa, baina autobideetan soilik —hor dira garestien—.

Ezkerrean baino, eskuinean errazago izan dezake Frantziako Gobernuak. Aurelien Pradie LR Errepublikanoen idazkari nagusiak proposamen zehatz bat aipatu du: erregaiaren gaineko zerga jaistea, litroa gehienez 1,5 euroan ordaintzeko.

Eskuin muturrean, zerga jaitsieraren alde dago RN Batasun Nazionala, eta begiz jota dauka erregaiaren eta oinarrizko produktu batzuen gaineko BEZa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.