Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Anakronismoa

2021eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Aspaldiko oihartzun baten moduan iritsi zen atzo sare sozialetara eta hedabideetara Naia Zuriarrainen tortura testigantza. 13/13 sumarioaren barruan epaituko dute, Madrilgo Auzitegi Nazionalean, astelehenetik aurrera, beste zazpi lagunekin batera. Lazgarria, oilo ipurdia jartzen duten horietakoa da hark kontatutakoa. Poltsarena egin ziotela, biluztu egin zutela, ukituak gorputz osoan, umiliazioak, eraso sexistak, kolpeak... «Oso gaizki pasatuko duzu» eta «hitz egingo duzu azkenean» esan zion belarrira guardia zibil batek; bere erresistentziak «bero-bero» jartzen zituela esan zion besteak. «Azkenean eztanda egin nuen, eta nahi zutena esango niela esan nien».

Beste hainbatetan gertatu izan den bezala, deklarazio hura da auzi honen oinarrietako bat, eta autoinkulpazio horri eutsita eskatu du fiskalak 11 urteko espetxe zigorra Zuriarrrainentzat. Bost egun egin zituzten inkomunikatuta 2010eko operazio hartan atxilotutakoek, ETAren behin betiko su-etena baino urtebete lehenago, eta ez zen Zuriarrain izan torturak salatu zituen bakarra.

Urte luzeetan entzun izan dira Zuriarrainenaren gisako testigantzak Euskal Herrian, baina garai ilun horiek iraganeko kontua zirela ematen zuen. Ez dira, ordea; ikusten denez, oraindik torturapean ateratako deklarazioek balioa dute Auzitegi Nazionalean. Anakronismo bat dira, iraganeko laino beltzen oihartzuna, bai lekukotzak, bai astelehenean hasiko den epaiketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.