Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Hirugarrena

2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Iparraldeko ikasleek herenegun hasi zuten ikasturtea, eta datorren astean hasiko dute Hegoaldekoek. COVID-19aren kontrako neurriekin abiatuko dute urtea; distantzia, higiene neurriak, burbuila taldeak, maskara... Oraindik ere pandemiak gure artean jarraitzen duenez, aurreikustekoa zen horrela hasiko zirela. Gainera, ikasle gazteenen adin tartera apenas iritsi den txertaketa.

Beldur handiagoz ekin zitzaion ikasturteari iazkoan. Protokolo berriekin, nahikoak izango ziren jakin gabe. Lehen hiruhilekoan erakutsi zuten ikastetxeetako datuek neurriak balekoak zirela, eta balio zutela birusari eusteko. Betiere, bidean ikasleek galdu zuten guztia ahaztu gabe.

Eta agian ez da orain izango neurriak arintzeko garaia. Izan ere, txertaketa erritmo onean zihoala ikusita eta datuek atseden apur bat emango zutelakoan, udaberrian ere bestelako uda bat espero zen, eta uda ez da lasaia izan inondik ere. Beraz, ikasturtea ere ikusi beharko da nola datorren, eta horren arabera berrikusi eta malgutu beharko lirateke neurriak.

Ez litzateke ahaztu behar, izan ere,umeak izan zirela etxera bidali zituzten lehenak, ateratzen azkenak, hainbat astez etxetik irteteko inolako aukerarik gabe —Hegoaldean, behintzat— egon zirenak. Hirugarren ikasturte distopikoa ari dira bizitzen. Beraz, egoerak ahalbidetzen duen neurrian, lehentasun behar luke haiei ezarritako neurriak arintzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.