martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Barra librea oraindik ere

2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Espainian gehien entzuten den irratiak egun osoa igaro zuen atzo Altsasuko Ospa Egunari «Espultsio Eguna» deitzen, hitzak daukan kargarekin. Hori bera egin zuen Espainian gehien saltzen den egunkariak. Akatsa edo borondate txarra? Begi bistan delako ez dela gauza bera ospa egitea, beti norberak egiten duena, eta inork beste bat espultsatzea. Bigarren kasuan subjektu bat dago —bidaltzailea— eta objektu bat —bidalia—. Aurrenekoan, norberak egiten du ekintza, nahi diren aurrebaldintza eta egoera guztiekin, baina ospa egitea ez da inor nonbaitetik kanporatzea. Akatsak —denok egiten ditugu—, zuzen litezke; borondate txarrarekin egindakoa, zailago.

Berdin zaie, ordea. Aurtengo ekitaldia zigor ikaragarria bezain injustua jasan duten gazte altsasuarren auziarekin lotu nahi dute: giro txarra sortu, beldurra hedatu eta, nagusiki, zenbait herritarrek parte ez hartzea eragin. Abisua eman. Altsasuko gazteen auziaren atzean helburu hori egon da beti; alegia, hori dela Guardia Zibilarekin sartzearen ordaina.

Zenbat aldatzen den ikuspegia esertzen garen aulkiaren ezegonkortasunaren arabera. Nafarroako lehendakari Maria Txibitek esan du ezin dela Ospa Eguna debekatu Guardia Zibilaren elkarte batek eskatze hutsagatik. Zer esango luke gehiengo osoa edukiko balu? Eta oposizioan balego?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.