jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Alperra

2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Gehiengo osoa nahi zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak, eta Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoa lortu zuen uztaileko hauteskundeetan. Inork ez baitzeukan zalantzarik, EAJ eta PSE-EE bakoitza bere aldetik aurkeztuta ere, berriro ere koalizio gobernua osatuko zutela. Egonkortasuna lortu du EAJk; protagonismoa eta erabilgarritasun itxura PSE-EEk.

Atzo sinatu zuten koalizio gobernua osatzeko akordioa, EAJko Iñigo Urkulluk eta Andoni Ortuzarrek, eta PSE-EEko Idoia Mendiak. Gehiengo osoa lortzen dutenek egin ohi duten moduan, batzuek zein besteek esan zuten ez daukatela alperra pasatzeko asmorik, eta akordioa irekita dagoela oposizioko alderdiei. Ez dela «inposizioen garaia» nabarmendu eta «eskua luzatu» zien Ortuzarrek, egungo eta etorkizuneko egoeraren garrantzia eta larritasuna nabarmenduz.

Arrazoi du Ortuzarrek. Egoera garrantzitsua eta larria da. Baina kudeaketaren ardura Eusko Jaurlaritzarena bada ere, egoerak herri gisa erantzutea eskatzen du. Informazioa, estrategiak eta erabakiak partekatzea. Gainerakoek ere ekarpenak egin ditzaketela onartzea eta sinestea. COVID-19 izurritearen kudeaketan, ordea, Eusko Jaurlaritzak ez ditu aintzat hartu ez oposizioko alderdiak, ez sektore zehatzetako eragileak. Ikusi besterik ez dago zer gertatzen ari den ikasturte hasierarekin. Ez, ez da alperra pasatzeko garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.