inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Izurrite matxista

2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Ertzaintzak esan duenez, hipotesi guztiak zabalik dituzte Aizarnazabalen hilda agertu den Aintzane Pujana Etxeberriaren heriotza zerk eragin duen argitzeko, eta goiz da hilketa matxista izan dela ondorioztatzeko. Hala ere, datuak nahikoa dira urtarrilaren 1etik desagertutako gazte donostiarraren heriotzaz susmorik txarrenak izateko. Labanaz nork eta zer dela-eta eraso zion jakin arte zuhurtziaz aritzea egokia bada ere, eskarmentuak erakusten du motibo dezente dagoela izurrite matxistaren kezkaz egoteko. Ikerketak esango du ea kezka hori zuzena zen.

Hala bada, Euskal Herrian behintzat, oroimenean gordetzeko modukoak izango dira aurtengo Eguberriak, eta ez gainean dugun koronabirusaren pandemiarengatik bakarrik. Askoz lehenagotik gure artean dagoen indarkeria matxistaren izurriak bi hilotz utzi ditu gure artean. Kanarietan hil zuten Marian Ibarluzea arrasatearra izan zen lehena, eta Pujana Etxeberria izan liteke bigarrena.

Osasun krisiari aurre egiteko txertoa bederatzi hilabete eskasean aurkitu du munduak, baliabide ekonomiko eta teknologiko itzelak horretara jarrita. Indarkeria matxistaren aurkako txertoa, agidanez, ez da hain erraz atzemango. Zailagoa delako beharbada, bai, baina jartzen diren baliabideak nahikoa ote diren ere gogoetatu behar litzateke, ondorioak ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.